Solà | Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak | E-Book | sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 228 Seiten

Solà Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak


1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-627-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection

E-Book, Basque, 228 Seiten

ISBN: 978-84-9868-627-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection



Pirinioetan bizi -eta hiltzen, edo hilik bizi- dira eleberri honetan hitz egiten digutenak. Ekaitzeko hodeiak mintzo zaizkigu, eta oinaztarria, eta heriotzan murgilduko den nekazari poeta ere mintzo zaigu, guri eta lurrari. Eta mintzo zaigu, baita ere, orduz geroztik seme-alabak baka-rrik hezi beharko dituen alargun gaztea. Eta sorgin deklaratu ondoren urkatu zituzten lau emakumeak mintzo zaizkigu. Eta mendiak, eta perretxikoak, gizonezkoak eta emakumezkoak, eta mamuak, eta laminak, eta maitagarriak, orkatzak, txakurrak... Lurra bera mintzo zaigu, noizbait mendiez erditu zen lur hori bera. Mendi ikaragarri horiek mendetan ezagutu dituzte bertakoen bizimodu latza eta haien amodioak; ezagutu dituzte jazarpenak, ihesak, gerrak, gorrotoak. Mugako bizitza. Eta eder ageri zaizkigu beti; are ederragoak Irene Sola? bezalako kontalari peto batek kontatzearen plazeraren oparia egiten digunean. Sen berezia darion begiratzeko eta kontatzeko modu teluriko batean, emakumezkoenak baitira eleberriko ahots guztiz gehienak. Akaso emakume baten eskutik soilik posible litzatekeen ikuskera baten arabera ehunduak.

Irene Solà (Malla, 1990). Arte Ederretan lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean. Be?stia (Galerada, 2012) bere poema-liburuak Amadeu Oller Saria jaso zuen, eta Erresuma Batuko Shearsman Books argitaletxeak ingelesez argitaratu zuen 2017an, eta bere lehen eleberriak, Els dics (L'Altra Editorial, 2017), Documenta Saria irabazi zuen. 2018an, idazle egoiliarra izan zen Gerge Mason Unibertsitateko International Writers Center-en (EEBB), eta 2019an, Writers Art Omi-Ledi House programan (New York) parte hartzeko aukeratu zuten.
Solà Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


OINAZTARRIA

Tripak beterik, mindurik, iritsi ginen. Sabelak belztuak, ur ilun hotzez eta oinaztarriz eta trumoiz kargatuak. Itsasotik eta beste mendi batzuetatik eta auskalo beste zenbat lekutatik heldu ginen, eta auskalo zer ikusiak ginen. Goi gailurretako harria marruskatzen genuen, gatzarekin ohi den moduan, hartatik belar txar izpirik ere sor ez zedin. Gainen eta zelaien kolorea hautatzen genuen, bai eta ibaien eta ortzian gora begiratzen duten begien distira ere. Ikuskatu gintuztenean, beren zuloen barrunbeetara jo zuten, kikildurik, basa-animaliek, lepoa uzkurtuz eta muturra hupatuz, hurbiltzen ari zen lur busti usaina aditzeko. Manta batekin bezala estali genuen dena. Hariztiak eta ezpeldiak, urkidiak eta izeidiak. Xsssssst. Eta batera isildu ziren guztiak, izpiritua lehor izan nahi zutenen lasaitasun eta zorionaren gainean erabakiak har zitzakeen sabai larderiatsua baitzen gurea.

Iritsi ondoren, barealdiaren eta estualdiaren ondoren, aire fina bizkor eta beheiti zokoratu ondoren, jaurti genuen lehendabiziko oinaztarria. Danba! Ederra lasaitua. Eta barakuilu kiribilduak ikara betean dardaratu ziren beren etxe bakartien barrenean, jainkorik eta errezorik gabe, jakinik itorik hiltzen ez baziren, erredimiturik aterako zirela hartatik, hezetasuna arnastera. Eta ibaika isuri genuen ura orduan, tanta loditan, lurraren eta belarraren eta harrien gainean txanponak jausten ari bailiran, eta ihurtzuri ikaragarria durundatu zen piztia guztien hobi torazikoen barrenean. Orduan izan zen, orduan esan zuen gizonak cago’n seuna1. Ozen esan zuen, bakarrik dagoela ez baitu batek isilean pentsatu behar izaten. Cago’n seuna, ergela halakoa, heure burua ekaitzaren mendean utzita. Eta irri egin genuen guk, hu, hu, hu, hu, burua bustitzen ari gintzaizkion horretan, gure ura atorran barrena lepotik beheiti irristatu ondoren sorbalda eta bizkarrera iristen ari zitzaion bitartean. Hotzak ziren gure tantak eta umore txarra pizten zuten.

Handik hurbil, mendiko bidean goiti, zuhaitzen gerizean zihoanez hotza behar zuen ibai baten goiko aldean zegoen etxe batekoa zen gizona. Bi behi, urde eta oilo mordoxka bat, zakur bat eta jatorri jakinik gabeko bi katu utziak zituen han, emaztea, bi haur eta agure zahar batekin. Domenec zuen izena. Baratze eder oparoa zeukan mendi bideko pendiz batean eta zarpail landuriko lur batzuk ibai aldean; baratzearen gobernuaz arduratua zen agurea, beraren aita, bizkarra ohola bezain zuta zuen gizona, eta beraren kargupean beste lurrak. Olerki batzuk probatzera aldendua zen Domenec mendiko aieka honetara. Haien zaporea eta doinua nolakoak ziren jakin nahi zuelako, eta bakarrik gaudenean olerkiak ahapean esan beharrik ez dagoelako. Haien sasoia ez izan arren, saltsa-perretxiko beltz eskukada polit bat bildu zuen arratsalde hartan, ganaduari behako bat egitera aterea zen horretan, eta hantxe zeramatzan, atorraren zorroan bilduak. Negarrez zegoen ume hankagorria etxetik irten zenean, eta «Domenec» esan zion emazteak, kexu antzean, erregu antzean, eta entzungor eginez irten zen Domenec. Zaila da olerkiak egitea eta gauza guztietan ezkutatzen den bertuteari erreparatzea, haurrek, nahi ez baduzu ere, bihotza larruturiko txerrikumearen kirrinkaz bor-bor jartzeraino negar egiten dutenean. Eta behiei behatu bat egitera joan nahi zuen. Begiratua egin beharra zien behiei. Zer zekien Siok2 behiez? Maaaaaaaaaaa, maaaaaaaaaaaaaa, egiten zuen txahalak. Etsiturik. Deus ere ez zekien Siok behiez. Eta cago’n seuna bota zuen berriro, bizkor mugitu ginelako, bai horixe, eta aurrez sumaezinak eta isilak izanak ginelako, eta harrapatu genuelako. Cago’n seuna! Burdin hari mordoilo batean zuen trabatua txahalak buztana. Bi zuhaitzen artean matazatu ziren burdin hariak eta tiraldien eraginez zauritu zituen zango-aztalak, odoletan, arraildurik eta zikin orain. Maaaaaaaaaaa, maaaaaaaaaaa, egiten zuen, bi zuhaitzen artean buztana trabatua zuela, eta begira zuen ama, urduri. Erauntsiari aurre eginik, aziendaren aldera jo zuen Domenecek. Zango zailduak ziren harenak, haurrek negar gehiegi egiten zutelarik, edo negar haiek astunegiak zirelarik, mendian egurasten hara eta hona asko ibiliak izaki, eta pisuegia zen goldea, eta agure zaharraren isiltasuna, eta emaztearen hitz guztiak, bat bestearen ondoan; Sio zeritzan eta Camprodongoa zen, eta korapilo ederrean utzia zuen bere burua nahasten, mendi haren gainera igo baitzuten bakarrik, ihes egiten zuen gizon batekin eta hitz egiten ez zuen agure batekin. Eta hori bai, maite zuen batzuetan Domenecek Sio, maite eta nola gainera. Baina hain zen astuna etxea, cago’n Deu i Satanas. Elkar ezagutzeko denbora gehiago behar luke jendeak, ezkondu baino lehen. Bizitzeko denbora gehiago, haurrak ekarri baino lehen. Gerritik oratzen zion zenbaitetan, eta bira batzuk eragiten, bat bestearen ondotik, ezkongaietan ohi zuten bezala, zeren Siok, Jainko maitea, Siok, nolako zangoak Siorenak! Lurrean pausatu zituen saltsa-perretxikoak. Marruka ari zen txahala. Bi eskuak aurrera emanak hurreratu zen Domenec. Baratxe-baratxe. Gauzak doinu larri lasaigarrian esanez. Xsssst, Xsssst, egiten zuen. Mesfidati behatzen zion amak. Blai zeuden Domenecen ileak. Etxera iristean ura berotu beharko zuen, hotzaren eta euriaren eragina ezdeusean geratuko bazen. Tiraldi bakoitzean animaliari zangoak ziztatzen zizkioten burdin hariak aztertu ondoren, buztanari tinko heldu, aiztoa atera eta trebetasunez moztu zuen korapilaturiko ilea. Eta orduantxe utzi genuen bigarren oinaztarria erortzen. Bai sugea bezain agudo erori ere. Haserre. Amaraunen antzera irekia. Gogo duten aldera zuzentzen dira oinaztarriak, euria eta elur-jausiak eta zomorro ttikiak eta mikak bezala, haien begi-betegarri baitira ederrak eta distiratsuak direnak oro. Txanpon eskukada distirant baten moduan, altxorrak bezain dirdaitsu eta harribitxia iduri agertu zen aiztoa Domenecen sakelatik kanpo. Mirail leunean bezala agerrarazi gintuen metalezko xaflak. Besoak zabalik dei egin izan baligu bezala. Gogo duten lekuan finkatzen dira oinaztarriak, eta Domenecen buruan egokitu zen bigarrena. Barren-barrenean, muin-muineraino sartu zen. Eta beltza zen begien barrenean ikusi zuen guztia, erreduraren ondorioz. Belar gainean erori zen gizona, zerraldo, eta haren masailaren aurka pausatu zuen belazeak berea, eta bozkario betean sartu zitzaizkion, atorraren mahuken artetik, gerrikoaren azpitik, eta galtzoin eta galtzetetan barrena, gure ur aztoratuak, oraindik idor zegoen larruaren bila. Eta hil egin zen. Eta deabrua orpoetan balu bezala hustu zituen behiak lekuak, eta lasterrari eman zion ondotik txahalak ere.

Hurbildu egin ziren lau emakumeak, gertatuen lekukoak lauak. Emeki-emeki. Ez baitziren jendearen hiltzeko moduen aurrean halako interesik agertu zale. Ez eta gizaseme erakargarrien aurrean ere. Ez eta itsusien kasuan ere. Baina liluragarria izan zen ikuskizuna. Hain zen distiratsua nagusitu zen argia, non ordudanik ez baitzen haren beharrik izango. Labanak oinaztarriari deitu zion eta bete-betean jo zuen oinaztarriak gizonaren buruan, ilearen erdi-erdian egin zion marra, eta espantu izugarrian ihes egin zuten behiek, komedia batean bezala. Kantu bat ondu beharko zen gizonaren ileez eta oinaztarriaren orraziaz. Kantuan, perlak pausatu ahalko ziren ileen gainean, aiztoaren erlantza bezain xuriak. Eta haren gorputzaz, eta haren ezpain irekiez, eta euri urez beteriko ontziaren gisan ageri ziren begi argiez gauzak esan. Eta kanpotik hain polit eta barrendik hain beltz ageri zen begitarteaz, eta bularraldean eta bizkarrean beheiti turrustan, berekin eraman nahian edo, jausten ari zen uraz. Eta haren esku motz, lodi eta babatsuez mintzatuko zen kantua, irekia bata, erlea hurbiltzen ikusten duen lorearen antzera, eta aiztoari atxikia bestea, zuhaitzean barneratu den harkaitzaren irudiko.

Eskua ukitu zion emakumeetako batek, Margarida zeritzanak, gizonak, oinaztarria barrenean zeukala, erretzen ote zuen jakiteagatik, batetik, eta eskuaren fereka sentitze hutsagatik, bestetik. Orduan, gorpua bere hartan utzi, gizonak abandonaturiko saltsa-perretxiko trenpatuez jabetu eta, beste zer egin asko eta beste zer pentsatu asko zituztela-eta, emakumeek ikuskizuna bukatutzat jo zutenean, euri egiteari utzi genion, ongi eginiko lanaren ondoko gogobetetzea gutaz jabetu izan balitz bezala. Aserik. Ateri. Eta euria guztiz atertu zuela berretsi genuenean baizik ez ziren txoriak adarren erdiraino ausartu, eta gure aurkako haserre bizia ezin gorde zutela, berehala ekin zioten, papoak harro eta urdail ttikia eltxoz beterik, bizirik iraun dutenen kantuari. Zer kexatu gutxi zuten, egia esan, kazkabarra ere egin ez baikenuen, gogoan edukirik, gainera, gizaseme bat eta barraskilo mordoxka bat hiltzeko epean baizik ez ginela euria doi-doi eginak. Ez genuen-eta habiarik abaildu, ez eta zelairik uholdeen menean utzi ere.

Orduan erabaki genuen geurera itzultzea. Ahiturik. Eta eginiko lanari erreparatu genion. Tanta jarioan ziren betiere hostoak eta adarrak, eta beste leku baterantz abiatu ginen gu, husturik eta laxo.

Igelak jaurti genituen behin eta arrainak beste behin. Baina kazkabarra da hoberena. Herrien, burezurren eta tomateen gainera amiltzen dira harribitxiak. Izoztuak eta biribilak. Izotzezko altxor batez betetzen dituzte bide-ezpondak eta estratak. Madarikazio baten antzera jausi ziren igelak. Korri egiten zuten gizonek eta emakumeek, eta zirrikituetan ezkutatzen ziren igelak, asko ez ezik ttiki askoak ere bazirenak. Ai, igelak! Bedeinkazioa bailiran, zaplaztekoak iduri, erori ziren arrainak, gizon eta emakumeen buruen gainera, eta barre egiten zuen jendeak, eta airera jaurtitzen zituen berriro, itzuli nahi izan balizkigute bezala, baina ez zuten horrelakorik nahi, eta guk ere ez genituzkeen onartuko. Korroka egiten dute igelek...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.