E-Book, Basque, Band 162, 204 Seiten
Reihe: Narrazioa
Solà Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien
1. Auflage 2023
ISBN: 978-84-9868-833-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 162, 204 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-833-7
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
IRENE SOLÀ (Malla, 1990). Arte Ederretan lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean eta Literatura, Zinema eta Ikus-Kulturako Masterra du Sussexeko Unibertsitatean. Amadeu Oller Saria jaso zuen Bèstia poema-liburuaz (Galerada, 2012), eta ingelesez eta italieraz argitaratu da. Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (ALBERDANIA, 2020) eleberriak zenbait sari jaso ditu, besteak beste Anagrama Eleberri saria eta Europar Batasuneko Literatura Saria, eta, euskaraz gainera, hainbat hizkuntzatara itzuli da, hala nola ingelesa, frantsesa, italiera, nederlandera, arabiera eta turkierara. Dikeak (katalanez L'Altra Editorialek 2017an argitaratua ALBERDANIAk euskaraz, 2022an) da bere lehen eleberria, eta Documenta Saria irabazi zuen. Idazle egoiliarra izana da George Mason Unibertsitateko International Writers Center-en (Virginia), eta Writers Art Omi-Ledi House programan (New York) parte hartu du.
Weitere Infos & Material
GOIZALDEA
gonosznak látszott, pedig esak öreg volt1
Morea zen ilunpea eta urduria, itxia, gorrimina eta urdina aldi berean, burrunbaria, nabarra, itsua, trinkoa, sakona eta distiratsua orobat. Brokatua zen harrez, adarrez, ikaraz, zainez, lohiduraz. Orban bereizezinak ziren ganbera hartako horma hanpatuak, sabaia, ohea, gau-mahaia, komoda, atea eta leihoa. Zirtaka sumatzen zen ilunpea. Inarroska, murmurika. Zurrungaka. Sudurreko zurrunga zen hura, motela eta lakarra. Karraska egin, irentsi eta ito. Ohea zen marruaren iturburua, eta haren erdian zegoen bultoa lo. Emakume zahar bat. Matanta bat. Itxirik zituen Bernadetak begiak, betazalak sugandilarenak, betilerik gabeak, ahoa zabalik, ezpainak ubel eta urtsu, eta ileak koipetsu eta luze, burukoaren gainean barreiatuak. Itsusia zen. Halaxe uste zuen behinik behin beste emakumeak, Margaridak; haren ondoan zegoen, zumezko kadira batean eserita, eskuak gonari eusten eta hatz lodiei eragiten.
Ohearen barrenean, parte gaiztoko aire-bafada irentsi zuen Bernadetak, zurrunga erlats bat erdizka joaten utzi eta eten egin zen arnasaren emana. Urubi baten kantua aditu zen kanpoan, isiltasuna gero. Hatz lodiak geldiarazi zituen Margaridak. Lepoa luzatu, emakume zaharrari begiratu eta harenak egin zuela pentsatu zuen une batez. Tenorea iritsi zitzaiola. Baina airea hartu eta hasperen egin zuen Bernadetaren ahoko leize ilunak, eta arnasari ekin zion berriro. Eta kadiraren bizkarraldean bermatu zuen Margaridak bere gorputza, hatzei berreragiten hasi bitartean. Xaharra zen, hexurra eta axala, etxetxori burua, begiak zorrotzak, ahoa irmoa, matrailak iharrak, lepoa zimela eta bizkarra konkortua. Errezatzen ari zen. Gau guztian errezoan, Margarida gaixoa. Otoitz egitea eta eragitea agindu baitu Jaunak. Baina otoitz eragin ezin zuenez, otoitz egiten zuen Margaridak, haren ahaideen mihia, baldin bazuten, itxurazkorik deus ere ezin esan zezakeen zokor puska izaki. Asko errezatzen zuen, Jainkoak goizago edo beranduago entzungo ziolakoan. Eta bereizi egingo zuen, horrenbeste bekaturen eta horrenbeste bekatariren artetik. Babespean hartuko zuen aitak besoen artean, eta «alabatxo» deitu, eta inoiz ez zuela gerizperik gabe utziko esango zion, ona baitzen Margarida, santua, eta barkatu egingo zion betiereko. Barkatu, egin zituenengatik, bai eta besteek egin zituztenengatik ere.
Bertan ez zirenen alde errezatzen ari zen, lehenik. Joan ondoren, itzuliak ez zirenen alde. Bere gizon Francescen alde. Bere seme Bartomeu, Esteve eta Guillaren alde. Bere aita Bernadíren alde. Martí el Tendre eta Martí el Coixen2 alde ez zuen otoitz egiten, berekin zer ikusirik ez zutelako. Etxeko emakumeen alde, gero. Bere ama Joanaren alde, xuhurra bazen ere, eta bere ahizpa Blancaren alde, bidetik urrundu bazen ere. Bere iloba Àngelaren alde, haren alde otoitz egitea alferreko ahalegina bazen ere, eta haren birbiloba Dolçaren alde, ama zuena bezalakoa izanik, infernuan usteltzea eta harrien azpitik oihuka sentitzea merezi bazuen ere. Eta, pentsa, Elisabeten alde ere ari zen errezatzen, askazi berekoa ez zuen arren, halako hiru balio baitzuen betiere Elisabeten aldeko aitagure bakoitzak. Bernadetaren alde ere egin zuen otoitz. Baina arbolatik erori fruitu ustelaren antzean lo zetzan emakume zaharraren begira zegoen, batez ere. Bernadeta hiltzeko unean, bertan egon nahi baitzuen Margaridak. Hiltzen ikusi nahi zuen. Jainkoaren grazia eta bedeinkapena ukatuko zitzaizkion unea bizi nahi zuen, deabruarekin askotan nahasi izan zelako.
Ilusioz egona zen Margarida bere heriotzaren begira. Eztanda distiratsu baten, loriazko espasmo baten moduan irudikatu zuen iragaitza, betiereko gozatuaren, aingeru armada bateko lauteen eta tronpeten airean iritsiko zen estasi itogarriaren antzean. Aleluia! Goretsiak bitez Goiko Jaunaren deseinuak! Laudatua, gure Kreatzailea! Hainbestetan hartua zuen gogoan non gertatua balitz bezalakoa baitzen hura guztia. Nola zabaldu ziren Zeruko ateak haren iragaitzan. Nola kantatzen zuten kerubinek. Arrosa kolorekoak eta haragitsuak zituzten ahoak, belusezkoak matrailak, bozkarioz hezeak begiak. Oinutsik ibiltzen ziren eta urrezko koroak eta zetazko tunikak zeramatzaten, eta urrezko hariz lotuak zituzten tunikak bularraldean. Eta aingeruen artean zegoen Gure Jauna. Gure Jauna, Francescena zirudien begitartearen jabea, kokotsaren erdian zulotxo berbera, eta eskuak latzak eta eraztunez beteak, Margaridari aurpegia Francescek ezkondu ziren egunean bezala musu emateko heltzen ziotela. «Ongi Etorri Loriara», ziotson. Eta orduan, pozak ematen duen argi bizi dirdaitsuaren erdian Margaridak Jaunaren ahoa bere aitzinean zuela, Jaunaren begiak, koilarak bailiran, berriro hauteman zituela, horren hurbiletik, horren gertutik begiratu zion Berak, non emakume gaixoak gehiegian bizi izan zituen gauza guztiak ikusi eta esnekoak ziruditen malkoak isuri baitzituen.
Baina, hau da, hau, neskak! Nolako txanblazoa! Izan ere, Margarida, eskuak baturik, azkazalak arrosak lehenik, xuriak ondoren, ahoa zabalik eta begi elurtsuak ordukoz betiereko bozkarioei so, guztiz prest, arnasestuka, grinatsu eta urturik hil zelarik, ez zen kerubinik, tronpetarik, eztanda distiratsurik, loriazko espasmorik, betiereko gozaturik, ez estasi itogarririk izan. Ohe-ingurua baizik ez, emakume zikin itsusiz itxuratua. Emakume oiesak eta zarpailak. Horra. Agerikoa bezain hitsa kontua. Margaridaren hiru laurdeneko bihotz ttikiak, ahiturik, korapilo eginik, aski, bukatu dun, adio eta banoan! esan zuelarik, inguratu egin baitzuten haren ahaideek. Eta Zerua eta aingeruak eta Jainkoa matrailak xukatzen agertu beharrean, ingurura atera zitzaizkion haren ama Joana, hortzik gabeko behor baten gisan, haren ahizpa Blanca, ikusiaz batean halako alaitasun poxia, ez ordea horrenbestekoa, agertu zuena, haren iloba Àngela, heriotzak basurde irudia gorde ziona, eta Elisabet, Margaridak zentzuak horren ahul eta sorgor izan ez balitu, buruko bilo guztiak erauziko zizkiona. Baina hilik zeuden, laurak ere! Jainkoaren Ama maitea, urte asko baitzuen haietako batzuk hil zirenetik. Arima kondenatuak! Bere baitan bihurrika saiatu zen Margarida, deus ezin esan zuela, izu-laborrian. Azken finean, inork ere ez zion sentituko, haren ahaideek «Margarida, Margarida, MARGARIDA!» oihu egiten baitzuten galtzarbeetatik atxiki eta goratzen zuten artean, eta amak irribarre egiten zuen, hortz-zuloak agerian, hala zioelarik: «Ongi etorri, Margarida, ongi itzuli!», deabrua bera infernuko ateak irekitzen ari izan balitzaio bezala. Pinazien moduko begiez behatu zien Margarida gaixoak, txepel oraindik ere, beldurgarriak ziren, izugarriak, oroitu baino askoz ere itsusiagoak. Eta ametsetan zegoelakoa egin zuen, ezinezkoa zen, ez zen hil, ez zen horrelakoa, ez zen hura, ez, inolaz ere ez, ez, ez, ez, arren, Jauna, otoi, Jainkoaren amodioagatik, Ama Birjinagatik eta santu guztiengatik eta aingeru guztiengatik.
Margaridaren esku balego, Bernadeta hiltzean, ez zen-eta askorik berandatuko, ez zuten inolako jairik egingo. Haren ahaide bizkar konkor guztiek azkenaldi hartan gogoan hartzen eta esaten zituztenek, plater kopurua zela, antxumea zela, kopa oin urdinak zirela, kauserak hola eta sosenga hala, jaiarekin zuten zer ikusia, jaiarekin, jaiarekin eta jai malapartatuarekin baizik ez. Sukaldean esertzen zen Joana, bere txokoan gordea, eta agindu egiten zien besteei, batera eta bestera, egizue hau eta egizue beste hori, eta etxean barrena mugitzen ziren emakumeak harat eta honat, bat eginik. Margaridaren esku balego, atsoa hil eta harrera urria antolatuko zioten, xuhurra, begirunetsua eta jabala. Berari egin ziotena ez bezalakoa.
Nolako negarrak. Nolako negarrak Margarida gaixoak, Zerura igo eta arimen artzainak harrera egin beharrean, bere etxeko andre matanta zauri zirikatzaileek eskaileretan beheiti airean amildu zutelarik, firrilaka jaurti baitzezaketen bederenik. Sukaldera eraman eta plater, kopa eta kazolaz ongi hornituriko mahaira eserarazi zuten. Eta orduan ireki zituzten ahoak eta edaten eta jaten eta goraki mintzatzen eta txalo jotzen hasi ziren eta topa egiten eta ospatzen eta altxatzen eta lepoak eta besoak airean goititzen segitu zuten. Malkoz bete zitzaion platerean Margaridari aurrean ipini zioten jaki higuingarria. Zopa baten antzera. Baina ahaideetako bakar bat ere ez zen kontsolatzeko gauza izan. Bakar bat ere ez. Ama ere ez. Beraren ama, bera erauzia zen erraien jabea. Gehiegikeria baizik ez, eta oihu egin eta edan eta txutxumutxuka ari eta mahaian ipurdikoak jo, horra ama. Parranda eta zalaparta baizik ez. Aulki gainera igoa zen. Izu-laborrian begiratzen zion Margaridak. Oihuka ari ziren besteak, xaxatuz. Dantzan ari zen. Oroimenik ez balu bezala, edo oroitzapenak uxatu nahi balitu bezala. Oroitu nahi ez zuena oroituko ez balu bezala. Mamuz josiriko sukalde izugarri hartan gertatuek, bizi osoek, alabek eta amek, axolarik batere ez balute bezala.
Krask egin zuen etxeak, hezurrak zartaka hasi bailitzaizkion. Isilune luzea izan zen gero, kanpoko urubiak eten zuen arte, eta isil segitu zuen ondoren. Etxe barrenean kiribildua zen gaua, basapiztia iduri, eta zangorik gabe promenatzen ziren bertan itzalak. Txoko bakoitzak zuen bere belztura, astuna, leizetsua eta sakona. Hitsa zen Bernadetak lo egiten zuen gela. Itzaltsua zen egongela. Putzuaren itxura zuen eskailerak. Iluna zen ezkaratza. Otsoaren ahoa zen sukaldea. Hondorik gabea. Paretak, sutondoa, leihoa, mahaia, kadirak, harraska, ez ziren ikusten. Han horrelakorik ez balego bezala. Sukalderik ez etxerik sekula izan ez balitz bezala. Ilunpea baizik ez. Bere aulkian esertzen zen Joana. Oso emakume zaharra zen. Zaldi muturraren eiteko aurpegia zuen, begia bata bestea baino irekiagoa, ileak grisak eta tximazuak, zurdak iduri, besoak gizenak eta zorroa ederra. Huraxe zuen lekua. Sutondoko aulkia, sua...




