Smolnikar | Han goian urkiak hostoberritzen direnean | E-Book | sack.de
E-Book

E-Book, Basque, Band 159, 98 Seiten

Reihe: Narrazioa

Smolnikar Han goian urkiak hostoberritzen direnean


1. Auflage 2023
ISBN: 978-84-9868-803-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark

E-Book, Basque, Band 159, 98 Seiten

Reihe: Narrazioa

ISBN: 978-84-9868-803-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark



Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, Eslovenia, Europako beste herrialde asko bezala, Estatu Batuak, Agindutako Lur berria, helburu duen migrazio masibo batean odolusten ari da. Rozina, emakume bizi eta aktiboa, laster senarra izango duen Brinovc herrikidearekin batera, etorkizun hobe baten bila Atlantikoa zeharkatu zuten itsasontzi ugarietako batean doa. Gizarte ezezagun eta arrotz batean, Rozinak, grinatsu eta ekintzaile, mehatxuak aukera bihurtzeko berezko gaitasuna erakutsiko du, eta horrela lortuko du, adibidez, patarra egiteko eta saltzeko negozio oparo bat aurrera ateratzea, Lege Lehor betean. Gerren arteko garaian, bikoteak, alaba txikia Estatu Batuetan utzita, Europara itzultzea erabakitzen du, han negozioekin jarraitzeko aukera hobeak ikusten baitituzte. Bigarren Mundu Gerraren eztandak Amerikara itzultzeko edozein aukera ukatuko die, eta Rozinak hamaika arrisku eta mehatxuri aurre egin beharko die, harik eta, senarra hil ondoren, azkenean Estatu Batuetara itzuli ahal izango den arte. Han gogor arituko da berriz ere bere familiakoak pobreziatik libratzeko ahaleginean.

BREDA SMOLNIKAR (1941). Esloveniako literatura garaikideko luma berezienetako bat da. Hemeretzi urte zituela hasi zen idazten, eta 1963an Otrocki ?ivljenje tece dalje (Niños, la vida sigue) gazteentzako eleberria argitaratu zuen, 1967an Mali mozaik imen (El pequeño mosaico de los nombres) eta 1973an Popki (Capullos). Sozialismoaren garaian, helduentzako bere lanak Gospa (Anderea) ezizenez argitaratu zituen, egile-argitalpenetan. Bere lanetan gerren arteko garaiarekin eta Bigarren Mundu Gerrarekin zerikusia zuten gai «politikoki ez zuzenak» jorratzen zituenez, hainbat eztabaida eta auziren jomuga bilakatu zen. Azkenik, egileari hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten laurogeiko hamarkadan. 1998an, Suitzako emakume idazle talde batek hilabete batez Ittengengo monasterioan egonaldi bat egitera gonbidatu zuen, eta urte horretan bertan argitaratu zen Han goian urkiak hostoberritzen direnean eleberria idatzi zuen. Antzezlanak piztutako polemika epaiketa bilakatu zen, bost emakumek beren ama zena ezagutu baitzuten protagonistarengan. Egileak zortzi urteko prozesua pairatu zuen, eta, azkenean, Konstituzio Auzitegiak 2005ean bertan behera utzi zituen kondena-epaiak, egilea Esloveniako liburutegi eta liburu-denda guztietatik erretiratzera behartzen zutenak. Jasaten ari zen zentsuraren aurrean, Breda Smolnikarrek helduentzako narrazio lanak idazten eta argitaratzen jarraitu zuen.

Smolnikar Han goian urkiak hostoberritzen direnean jetzt bestellen!

Weitere Infos & Material


Greziar itsasontziak portura iristen zirenean, hantxe egoten zen zain marinel baten emazte leial gisa, senarra itsaso urrunetik noiz itzuliko; zain egoten zen babarrunez eta perretxiko idortuz beteriko zakuekin. Bazekien ingelesez ere, itsasoaz bestaldetik etorritako kapitainekin mintzatu ezinik ez geratzeko adina behintzat. Sušaken itxaroten zien lehorrera txalupetan zetozenean, itsasontzia ainguratu eta gero. Haiek hasieran harriturik begiratzen zioten, eta gero jakin-minez eta miresmenez; zama husten zuten, eta emakumeak perretxiko lehortuak eta babarrunak ematen zizkien, eta intxaurrak, eta haiek ordainetan piku-melatu eta fruitu lehorrak, orobat limoi eta laranja ugari. Batzuetan, kamioia goraino beteta itzultzen zen. Gerezien garaian, emakumea gereziz beteriko saski handiekin azokan uzten zuen kamioi-gidariak haranzkoan; mendietako nekazariek beraren esku utzitako gereziak ziren; albait lehen saldu behar ziren, usteltzeko denborarik eman gabe. Dena punttu-punttuan antolatzen zuen: babarrunez eta perretxiko lehortuz betetako zakuak ere jaisten zituen mendietatik, den-denak berak gainbegiratuak; zaku bakoitzean sudurra sartzen zuen eta, barrukoa ondo aukeratua ez bazegoen, zakua ekarri zionari oihu egiten zion esanez amerikarrek ez zutela jango halako zerrikeriarik, behingoagatik balekoa zela baina hurrengoan atzera botako zuela; babarrun gaizki aukeratuak bere seme-alaben aurrean husten zituen, eta haiek egin behar izaten zuten aukeratze-lana arratsalde osoan zehar, izan ere salgaiak ona eta ederra izan behar zuen; berari inork ez zion esango ezer txarrik saldu zuenik; behin bakarrik esan zion kapitain batek babarrun artean zakarren bat aurkitu zuela. Emakumeak buruan hartzen zituen halako akatsak, berriro ez errepikatzeko. Sudurra batez ere perretxiko artean sartzea gustatzen zitzaion; perretxikoaren usainak hezea behar zuten izan, ez halere lizuna, eta zati berdin-berdinetan ebaki behar ziren; perretxiko-biltzaile bakoitzari erakusten zion nolakoak izan behar zuten, nola lehortu behar ziren eta nola jaso: oihalezko poltsa garbietan sartu behar ziren; bestela, ez zituen nahi. Oso zorrotza zen perretxiko-kontuetan; babarrunekin, ez hainbeste; haiekin, akatsen bat gertatuz gero umeek egingo zuten bereizketa, hala esaten zion senarrari, gizonak errieta egiten baitzion batzuetan mendietatik salgaiak ekartzen zituen jendea gehiegi estutzeagatik. Ez dut ezer ordainduko zerrikeria horren truke, hala esaten zien emakumeak, hurrengoan itxura hobeko salgaia ekarri behar zutela. Gero, itsasaldera jaisten zituen salgaiak. Saldu ondoren, itzuleran, kamioi-gidariaren ondoan esertzen zen, edo bestela, beste norbait zetorrela-eta berarentzat aurrean lekurik ez zegoenean, kartolan makurtzen zen, hitzik esan gabe, mahaspasaz eta piku-melatu lehorrez betetako zaku artean. Ez zitzaion axola non eta nola egin bidaia; negozioa behar bezala burutzea zen kontua; gero garbitu eta txukunduko zuen bere burua etxean, bost axola zer itxura zekarren itzuleran; benetan garrantzitsua hauxe zen: itsasaldera txukun eta garbi agertzea, tente, apain-apain, Ameriketatik ekarritako bere bitxiak erakutsiz; itzulerako piurak ez zion axola, baldin eta denak harriturik utzita itzultzen bazen, trukean erositakoa berekin zekarrela. Etxera bueltan abiatu orduko kentzen zituen eraztunak, belarritakoak eta idunekoak, bere diru-poltsa handian sartzen zituen, poltsa zapi handi batean biltzen zuen, eta bere saskitxoan gorde; azkenik, jaka batez estaltzen zuen guztia. Takoi altuko zapatak ere kentzen zituen, itsasontzietako kapitainak harritzeko janzten baitzituen, eta lurrera botatzen zituen bere aurrean, kamioiaren atzealdeko zoru zikinaren gainera, ortozik geratu eta bere buruari esanez: Eta orain lanera, ostiralean Moravce-ko azokara, larunbatean Crnuce-ra, eta datorren astean Mengeš-era, eta joango naiz halaber Kamnik eta Nova Štifta-ra. Horixe esaten zion bere buruari zaku zikinen artean; zaku haiek itsasontzien zubi pean egonak ziren, arratoi artean; horregatik, burusi bat botatzen zuen zakuen gainera eta hantxe esertzen zen, saskitxoa aurrean zuela; hartantxe zeramatzan bere bitxiak eta badaezpada ekarritako askaria; inork ez zion ezer ostuko. Hala eserita, zapi batean bilduriko ogi puska bat eta sagar bat edo bi hartzen zituen saskitxotik, gosearen arabera. Gero, besoez biltzen zituen saskitxoaren heldulekuak, inork ez lapurtzeko; halaxe, burua zaku gainean pausatzen zuen, lurrera botatako zapaten ondoan; jada ez zituen behar oinetako haiek, ez baitzeukan inor txunditu beharrik. Jarrera hartan, kamioiaren balantzarekin lo larri samarra hartu aurretik, kontuak ateratzen hasten zen: zenbat irabaziko zuen eta zenbat geratuko zitzaion garbi, eta nola hurrengo batean berriro itsasaldera jaitsiko zen itsasontzien zain egotera. Bi gerren arteko urteetan, etxean saltzen zuen itsasaldean erositakoa; mahaspasek dendetan zortzi dinar balio zuten, eta berak mendietakoei eta inguruetakoei lau dinarren truke saltzen zizkien; hala, mendi guztietatik berarengana jaisten ziren mahaspasa eta piku-melatu bila, eta azoka guztietara ere joaten zen. Alabak hazi zitzaizkionean, haiek bidaltzen zituen saltzaile; ongi zekien kalkulatzen zer etekin atera behar zuten: hainbeste erosgai, hainbeste diru; hala esaten zuen, dirua poltsetan sartuz. Gero, ganbarara igotzen zuen dirua; han pilatzen zuen. Irabazten zuen dirua ez zuen zenbatzen; aitzitik, pisatu egiten zuen; zertarako jardun sos guztiak zenbatzen, ez zeukan denborarik horretarako; berak pisatu egiten zituen sosak, besterik gabe; pisatu aurretik, tamainaren arabera sailkatu; hala, bazekien zehatz-mehatz zenbat diru zeukan; ez zegoen hari ziria sartzerik, ezta txanpon bakar bat lapurtzerik ere. Haurrek bazekiten hori ondo. Etxe hartara jende ugari etortzen zen mahaspasak eta piku-melatuak erostera; kantitate handiak erosten zituzten, gero mendietan saltzeko. Bailarako etxekoandreek, Pazko garaian eta Eguberrietan, Greziatik ekarritako mahats ale hori-marroiekin gozatzen zituzten beren potica1k eta Sarkelj2-ak. Pretnar garraiolariak zabaltzen zituen berriak; hark ematen zion edozeren berri Rozinari ere, emakume negoziogileari. Rozinak, orduan, Brinovc senarrari agintzen zion zaldiak prestatzeko eta salgaiak Pretnar-i eramateko. Pretnar-ek eta Brinovcek zakuak kamioira botatzen zituztenean, senarra etxera bidaltzen zuen: Hoa hemendik. Eta Pretnar-i honela esaten zion negozio-grinaz beterik: Goazak. Eta Brinovcek esaten bazion kontuz ibiltzeko, inork ez ziezaiola ziria sartu, inork ez ziezaiola lapurtu, ez zion jaramonik egiten: Niri?, galdetzen zion senarrari igandetako jantziz apaindurik; belarrietan distiraka zeukan mezatara eraman ohi zuen urrea; lepo inguruan, urrezko medailoi handia eta urrezko kate lodia; urrezko erlojua ere bistan, diamantez zipriztindutako urrezko lotailu lodi eta guzti; oinetan, takoi altuko zapata garbi-garbi dirdaitsuak; eskuan, berriz, Carniolako3 saskitxoa, berak lastoz ehundu eta josia. Europa erdiarentzat adina lastozko sonbreiru josiak zituen; nor ausartuko zen berari ziria sartzera. Kamioira igotzerakoan, bazirudien zerbait labean sartzera edo sutan jartzera zihoala; batere beldurrik gabe igotzen zen kamioi zahar hartara, eta han goian eserita ez zuen pentsatzen ez senarrarengan, ez haurrengan, ez etxaldean; aitzitik, zakuak zenbatzen zituen behin eta berriz, eta buruan dinarrak pilatzen zituen, zortea zain zegoen aldera baitzihoan deliberatuki. Inori ez zion ezer zor. Zahartu zenean, Bigarren Gerraren ondoren, artean bizkor eta gogotsu, behin baino gehiagotan etorri zitzaion bisitan Stražar, herriko kronista, eta abegi onez hartu zuen etxean zenbait aldiz, baina gero aspertu egin zen haren galderez; zer merkatarik agertuko ditu ba denen aurrean bere joan-etorriak eta asmoak? Zahartzaroan ere gorde behar dira zenbait kontu norberaren baitarako; ongi zekien hori Rozinak. Badira hainbat gauza merkatari batek inoiz adierazten ez dituenak, ezta memoriak idazterakoan ere. Agian bilobaren bati esango zizkion bere sekretuak, baina kontu handiz eta konfiantza osoz eta merezi zituela ziur egondakoan. Herriko historialaria etorritako bidetik bidali zuen bizitzan zehar izandako abenturez galdetu zionean. Stražar sarri etortzen zitzaion eta denetik galdetzen zion. Egun batean, beti bezala zabaldu zion leihoa gizon hari: Hara! Heu berriz ere. Eta gizon hark baietz. Eta Rozina o-ak ahalik eta gehien zabalduz mintzatu zitzaion, hori egitean gaztetako ingelesa etortzen baitzitzaion gogora. Beste egun batean, ordea, esan zion ez zeukala ezer gehiago kontatzeko, eta leihoa itxi zion muturraren aurrean; joan beharra zeukan, ez zuen harekin gehiago hitz egin nahi. Bi gerren arteko urteetan, berak eskuratutako guztia saltzen seme-alabak jartzen zituen, senarrari galdetu ere egin gabe. Amerika urruneraino iristen ziren haren kontaktuak; kapitainek atsegin zuten harekin tratuak egitea; emakumearen gogortasuna eta irmotasuna dibertigarri zitzaien Sušak urrun eta bitxi hartan, eta jakin-minez hurbiltzen ziren itsasertzera, han egoten baitzen emakumea harro-harro, urrezko bitxiz apaindurik, takoi altuekin, bere soinekorik ederrenarekin, inori ziria sartzen utziko ez ziola deliberaturik. Saiatzen ziren, bai saiatu ere, baina berak ez zien aukerarik uzten: Ba, orduan, beste batzuei salduko diet, esaten zien; bihar datoz Finlandiakoak; hain merke ez dizuet salduko ez perretxikorik, ez babarrunik; eramaitzazue mahaspasa zikin horiek nahi duzuen lekura. Hori esaten ari zela, ordea, eztarrian korapiloa sentitzen zuen, gizon haiek itsasontzira itzuliko ote ziren beldurrez. Itsasontzia itsasoan barrurago ikusten zuen, uretan behera sartu samar, barrua mahaspasaz eta piku-melatuz eta limoiz eta laranjaz beterik, hots, Rozinak...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.