E-Book, Basque, Band 164, 268 Seiten
Reihe: Narrazioa
Pahor Nekropolia
1. Auflage 2024
ISBN: 978-84-9868-885-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, Band 164, 268 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-885-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Nobela autobiografiko paregabea da Nekropolia, XX. mendeko literaturaren maisulana. Eslovenieraz idatzia eta 1967an lehen aldiz argitaratua, 90eko hamarkadatik aurrera ezagutu zuen bigarren loraldi bat, italierara, frantsesera, ingelesera, alemanera, espainierara, katalanera eta finlandierara itzulia izan zenean. Liburu honekin, irakurlearen gogoa astintzen du Pahorrek, gerraren eta kontzentrazio-esparruen izugarrikeriak kontatuz, baina baita presoen elkartasuna eta gizatasuna agerian utziz ere. Bizirik atera denaren erru-sentimendua saihestu gabe, kontrara, bere gain hartuz, aurrera egiteko, irauteko, azken buruan bizitzeko irrika gailentzen zaio kontakizunari.
BORIS PAHOR Idazle esloveniarra, 1913an Triesten jaioa (garai hartan Austria-Hungariako inperioa, gaur egunean Italia). Eslovenierazko idazle handienetako bat da, 40 liburutik gora publikatutakoa. Erresistentzia antifaxistarekin kolaboratu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta 1944an, judua ez izan arren, naziek preso hartu eta Dachauko kontzentrazio-esparrura eraman zuten lehenik, ondoren Natzweeiler-Strutnof, Mittelbau-Dura, Harzungen eta Bergen-Bergenera eramateko. Lortu zuen horietatik guztietatik bizirik ateratzea. 2022an zendu zen, jaioterrian berean, 109 urterekin.
Weitere Infos & Material
Igande arratsaldea da, eta goiti mendietara doan asfalto zerrenda, leun eta bihurgunez betea, ez da nahi nukeen bezain bakartia. Aurreratu naute auto batzuek, beste batzuk ibarrera itzultzen ari dira, Schirmeck aldera; horrela, turisten trafikoak banal bihurtu du une hau, eta ez dit espero nuen bezala nire baitara biltzen utzi. Badakit ni ere nire automobilarekin prozesio motorizatu horren parte naizela, baina, halere, iruditzen zait bakarrik egotera, toki honekin izandako lotura estuari esker, nire presentziak ez zukeela desitxuratuko gerraren akaberaz geroztik nire kontzientziaren itzalpean ukitu gabe gordea dudan irudi onirikoa. Nire barnean errefus lauso bat sortzen sumatzen dut, ezin baitut onartu gure barne munduaren oinarri den eskualde menditsu hau orain irekia eta irisgarria izatea. Errefus horri jeloskortasuna nahasten zaio: turisten begi arrotzak gure presoaldi anonimoaren lekuko izan ziren paisaietan ibiltzen direlako baiki, baina, baita ere, haien behakoek (horretaz ez dut zalantzarik batere) sekulan ezin atzeman izanen dutelako doilorkeriaren nolako amildegira jaistera zigortu gintuzten giza duintasunean eta erabaki pertsonalen askatasunean sinesteagatik. Baina, aldi berean, auskalo nondik etorria, pittin bat destenorean, halako poza pizten da nire baitan, jakinda Vosgeetako tontorrak jada ez direla suntsitze urrun baten lurralde sekretua, baizik eta jendetzaren helmuga, galduriko seme-alaben patu pentsaezinari emozioen bidez antzeman gogo duen jendetza batena, nahiz eta haren imajinazioa aski heldua ez izan patu hori irudikatu ahal izateko. Egia da, erromesak mendi sakratuetako malda pikoetan goiti eramaten dituen grina oroitarazten du bazterturiko toki menditsu honetarako igoerak. Baina erromesaldi honek ez du deus ikustekorik Primož-ek1 hain sutsu aurre egin zion gurtza motarekin, haren nahia baitzen esloveniar jendea barne fedeari lotzea, azaleko erritual jendetsuetan barreiatu gabe. Hemen, Europako herrialde guztietako jendea biltzen da mendi garai hauetako terrazetan, zeinetan gizakiaren zitalkeria gailendu zitzaion gizakiaren sufrimenduari, eta kasik ailegatu zen erabateko suntsitzeari behin betikotasunaren zigilua paratzera. Ez da gogoaren sublimazio bitxi bat gaur egungo erromesak hona ekarri dituena; lur egiatan sakratua zapaltzera etorri dira hona, omenaldia egitera berak bezalako lagunen errautsei, hauen presentzia mutuak historian mugarri higiezin bat eraiki baitu herrien kontzientzian. Bihurgune meharrek ez bide didate gogora ekartzen orduan Markirch izena zuen herritik balantzaka zetorren kamioi hura, kutxa batean gure lehen gorpua zeramana. Ez nekien zeinen kutxatzar hitsaren gainean nengoen eserita eta, bestalde, haize hormatuak paralizatu eginen zukeen burutik igaro zekidakeen pentsamendu oro. Ez, ezin dut argi bereizi nire barneko irudietatik bakar bat ere, zeinak korapilo sarri eta zimurtu batean bildurik baitaramatzat, mahats zimeldu eta urdinduen mulko bat nola. Asfalto leuna ikusten dut autoko haizetakoaren beste aldean, eta, aukeran, nahiagoko nuke aurrean zuloz beteriko errepide zahar bat banu, iraganeko egiazko giroa egokiago iradokiko lukeena, baina, aldi berean, gidari modernoa naiz, gaizki ohitua eta egoista, azkar eta goxo ibiltzera jarria. Bide batez, hasi naiz bilatzen Esloveniako lurretan ba ote den Schirmecketik Struthof-era doan bide bihurri honen antzeko errepiderik. Berehala, sigi-saga dabilen Vršic portukoa bururatu zait. Han, baina, ikuspegia harrizko gailurrez osaturiko anfiteatro paregabe baten gainean hedatzen da, eta, hemen, falta dira gailur haiek. Kobarid-etik Drežnica-ra daraman errepidea agian? Baliteke. Ez erabat, ordea, hemen Krn mendia falta baita, bere labar itsugarriekin. Beharbada, Kobaridetik abiatuta Vrsno aldera igotzen den bide makurrak du Vosgeetako errepide honen antzik handiena. Hemen bezala, han ere tarteka basoak atzera egiten du, arruntean urrundu gabe, baina, are inportanteagoa dena, han ez da arrokarik: paisaia baso trinkoko muino borobiletatik belai ondulatuetara igarotzen da, beheragoko oihanaren masa ilunaren gainetik. Ezin gogoratu dut Vrsnoko magaletan izeirik ote den, hemen bezala. Naski ez. Errepideak mendian goiti segitzen du, baina orain han-hemenka harri puskatuen zuritasuna dut bidelagun, hala izaten baita gizakiaren tresnek lurraren aldaka berdeak kolpatu dituzten toki guztietan, azpian pilaturiko indar sekretuari hozka egiteko. Ezker aldean, sarreraraino daraman lur zerrenda luze eta zabala bereizten da errepidetik. Goiz ala berandu, bi aldeetan zuhaitz lerro bana izanen du; momentuz, baina, alde guztietan tokia autobusez eta auto partikularrez josia dago, eta, horrela, ezinbestean Postojna kobazulo aurreko aparkalekuaz oroitu naiz. Eginahal guztiak egiten ditut datozkidan irudiak baztertzeko: Suitzako eta Austriako turista aguretuak eta ile urdinduko emaztekiak, bi eskuekin modaz pasaturiko poltsei irmo heltzen dietelarik, burua gidaren ahotsaren aldera biratzen dutenak, ustekabeko alarma-oihu batek egiten ari diren alferrikako lan hutsaletik arreta desbideratu eta bat-batean beren periskopio gorria altxatzera behartu dituen oiloak bezala. Alde egitea litzateke zintzoena eta egokiena nire partetik, eta bihar goizean itzultzea, laneguneko giroak gupida handiagoz babestuko baitu terraza mailakatuen bakardadea. Baina bihar beste bazter batzuk ditut esperoan; horregatik, toki honi arruntean lotu beharrean edo, bestela, alde egin beharrean, sarrera aldera abiatu naiz, jakinki aldez aurretik finkaturiko ibilbidea burutu beharrari automatikoki eta, hortaz, alferrik men egiten ari natzaiola. Beti bezala, oraingoan ere bidaia azkar zirraragarri baten premia daukat, baina, aldi berean, lasai eta mugarik gabe kontzentratzeko baretasuna izan nahiko nuke, lurrarekin eta itsasoarekin benetako harremana sortzeko parada ematen digun baretasuna alegia, hirietako kale eta etxeekin, bai eta biziak bidean paratu dizkigun aurpegi eta jendeekin ere. Horren nostalgia sentitzen dut; alta bada, presak eta ezinegonak atsedenik eman gabe aurrera bultzatuta, gure begiek irudirik azalekoenak baizik ez dituzte biltzen, aise desegiten diren irudiak, ziztuan dabilen lantxa baten brankaren kontra jotzen duen aparraren antzera. Azken batean, geure burua kontsolatzen dugu pentsatuz aberatsak garela denbora isilik zihoaneko garaiarekiko nostalgia sumatzen dugun heinean, falta dugunaren jakitun izatea berez ondasun handia balitz bezala. Eta baliteke hala izatea. Segur aski hala izan da beti, jende gutxirendako izan bada ere. Gaur egun, berriz, aise pobreagoak gara, zeren, inguratzen gaituen irudi eta estimulu kopuru gehiegizkoa dela eta, hamaika puskatan xehatu dugu gure amodioaren arreta, eta urrundu gara haren esentziatik. Erleek egiten dutenaren kontrakoa egin dugu: polena mila gauzatan barreiatu eta, hala ere, ahots sekretu batek ez dela posible izanen xuxurlatzen digun arren, espero dugu hustu dugun erlauntza noizbait berriz betetzeko astia izanen dugula. Absurdoa da, baina iruditzen zait autoetara bueltan doazen turistek bat-batean soina jaka marradunak estaliko balit bezala begiratzen didatela, eta bideko hartxintxarrak berriz ere zurezko eskalapoiekin zapalduko banitu bezala. Ezin kontrolatu dudan burutazioa da, iragana eta oraina nahasten dituena; baina egia da, une jakin batzuetan, halako fluido ikusezin baina indartsua isurtzen dugula, ingurukoek presentzia arrotz eta ezohiko gisa hautematen dutena eta inguruko jende hori astintzen duena ustekabeko olatu batek itsasontzi bat nola. Nire baitan badira naski aspaldian izan nintzen haren arrastoak. Pentsamendu hori buruan, nire pausoetan kontzentratzen saiatzen naiz, baina gogaitu egiten nau sandaliak hain arinak izateak eta nire urratsak askoz bizkorrago joateak, oraindik zurezko zoladun oihalezko oinetakoak jantzita baneramatza baino. Zurezko atea oraindik txarrantxaz estalia dago, eta itxia, orduan bezala. Dena berdin dago, guardiak baizik ez dira falta zurezko dorreetan. Lehen bezala, orain ere itxoin egin behar da ate aurrean. Aldatu den gauza bakarra da orain garitatik, zurezkoa hura ere, zaindari bat atera eta atea ireki duela, jende-multzoak lur garai hauetan kokaturiko ukuilu arimarik gabe honetara tarte erregularretan sar daitezen. Antolamendu horri esker, halako giro barea sortu da kontzentrazio-esparruko mailetan. Uztaileko eguzkiak zorrotz begiratzen du isiltasuna, eta noizean behin behetik etortzen diren gidariaren hitzen oihartzuna besterik ez da aditzen, bizira itzulitako sermolari baten ahotsa iduri. Bai, ezagutu nau zaindariak, eta ustekabean hartu nau horrek, ez bainuen uste duela bi urte egin nuen bisitaz oroituko zenik. “Ça va?2”, galdetu dit. Eta hori aski izan da turisten aztoramenarekin lotura guztiak berehala hautsi dituen kamaradatasun giroa sortzeko. Ile beltzeko gizona da, eta itsusia. Txikia, kementsua eta bizkorra; linterna eta kaskoa eramatera, egiazko meatzaritzat har liteke. Hitz gutxikoa ere bada, eta baita burugogorra ere, itxura guztien arabera. Ezagun du nire aurrean, esparruko preso ohi baten aurrean alegia, ezin menderatu duen lotsa sentitzen duela, gure agoniaren leku izandakoa erakustea duelako ogibide. Horregatik, txarrantxaren beste aldera bakarrik sartzeko ematen didan baimen azkarrean kamaraden arteko adiskidetasuna ez ezik, ni lehenbailehen bistatik galtzeko desira ere bada. Seguru naiz horretaz. Baina ez diot gaizki hartu, ni ere ezinen bainintzateke bisitari talde baten aurrean mintzatu, jakinen banu entzuleen artean krematorioen munduan nirekin ibilitakoren bat badagoela. Hutsalkeriak esateko beldurrak hitz oro debekatuko lidake. Zeren, bestalde, heriotzaz, maitasunaz bezala, geure buruarekin bakarrik mintzatzen ahal gara, edo elkarrekin bat egiteraino maite dugun pertsonarekin. Ez heriotzak ez maitasunak ez dute lekukorik onartzen. Eta, gidari papera hartuta,...