Némirovsky | Arimen maisua | E-Book | sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 248 Seiten

Némirovsky Arimen maisua


1. Auflage 2009
ISBN: 978-84-9868-658-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection

E-Book, Basque, 248 Seiten

ISBN: 978-84-9868-658-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection



Niza, 1920. Mediku gazte ospetsu batek, Dariok, onartu egiten du New York-eko emakume abenturazale gazte eta pertxenta bati sasian abortaraztea, bere emazte Klara eta bien haurra gainbeheratik salbatzearren. Horri esker egin ahal izango du aurrera odol greziar eta italiarreko gazte alderrai horrek, hiriko bezero aberaskumeen ezaxolakeriaren aurka. Nizan gisa horretan zenbait urte eman ondoren, egundoko ideia izango du Dariok bat-batean, patua bideratzen lagunduko diona: psikoanalisiaren teoria sortu berria halako sen makiabeliko batez baliaturik, halako berritsu bat bilakatuko da, 'arimen maisu' bitxi bat, gizartean gora egingo duena, modu arriskutsu batez, horditurik bezala...

Irène Némirovsky(Kiev, 1903- Auschwitz, 1942). Familia judu aberatsean jaio zen. Uda guztietan Némirovskytarrak Biarritzera, Donibane Lohizunera edo Hendaiara etortzen ziren udatiar. Gurasoek herriko jauregi edo etxalde eder bat hartzen zuten, eta Irène ostatu xume batera bidaltzen zuten zaintzaile batekin. Zaintzaile harekin ikasi zuen Irènek euskaraz. II. Mundu Gerra piztu zenean, Frantzian geratu zen, eta judu izateagatik sasian ibiltzera behartua egon zen. Frantsez poliziak 1942ko uztailan Frantzia okupatuan atxilo hartu eta Auschwitz-era eraman zuten. Odolaren suaz gain euskaraz irakur daitezke Nemirovskyren liburu hauek: Dantzaldia, Arimen maisua, Suite frantsesa eleberriak eta Birjinak kontakizun bilduma.

Némirovsky Arimen maisua jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


1 –Dirua behar dut! –Esana dizut: ez. Patxada ez galtzen ahalegintzen zen Dario, alferrik ordea. Karranka egiten zion ahotsak emozio-aldietan. Imintzioak egiten zituen. Levantetar itxura zuen, otso urduri eta gosetua ematen zuen: kanpotar-hazpegiak, sukarretan dagoen eskuaz presaka moldatua dirudien aurpegiera. Amorru biziz egin zuen oihu: –Zuk dirua mailegatzen duzu, badakit! Ezezkoa jasotzen zuen, apalki eskatzen zuen bakoitzean. Bestelako manerak erabili beharko zituen. Pazientzia! Maltzurkeria eta mehatxua baliatu beharko zituen txandaka. Ez zuen ezeren aurrean amore emango. Eskean ariko zitzaion edo indarrez kenduko zion bestela dirua atso lukurariari. Haren emazteak eta haur jaioberriak ez zuten munduan beste inor bera, Dario, izan ezik, jaten emango zienik. Sorbalda sendoak altxatu eta esan zuen: –Bahituran uzten dut dirua, bai! Zer daukazu niri eskaintzeko? Tira! Horrela bai, ondo egin zuen itxoitea. Batzuetan, zernahi eskatzen zaiola ere “ez” erantzuten du, baina haren begiradak “bai” esaten du. Berriro eskatu behar. Zerbitzuren bat eskaini, atsegingarriren bat, konplizitateren bat. Ez erreguka ari, alferrik da. Erosi. Zer zuen, ordea, berak hari emateko? Hemen, ez zen ezeren jabe. Emakume hura zuen alokatzaile; haren etxebizitza huts batean bizi zen azken lau hilabeteetatik hona, emakumeak etorkinentzako familia-ostatu bihurtutako pabilioi txikian. –Nor ez dago bada diru beharrean? –esan zuen emakumeak. Garai latzak dira. Haizemaileari eragiten zion. Mantal arrosa zuen jantzia. Hantxe zegoen, sorgor, gorpuzkera mardul eta gorrixka hura. “Bai izaki zatarra!”, pentsatu zuen. Emakumeak altxatzeko imintzioa egin zuen. Han joan zitzaion Dario gainera. –Ez! Itxoin! Ez alde egin! Zer gehiago esan ziezaiokeen? Erreguka hasiko zitzaion? Alferrik! Promesaren bat egin? Alferrik! Harekin tratuan saiatu? Nola? Ahaztua zuen. Europako Eskolan ikasi zuela lotsa eta ohorea zer diren uste zuen berak, Dario Asfar-ek, portuko eta etxe-zuloetako levantetar gazteak. Orain, ordea, ahaztu egin behar Frantzian emandako hamabost urte haiek, kultura frantsesa, medikuntza-titulu frantses hura, Mendebaldeari ondo kostata kendua, ez ama baten oparia jasotzen den bezala, baizik eta atzerritar bati bere ogi-pusketa lapurtzen zaion bezala. Europako itxurakeria alferrekoak! Halakoek ez zioten, ez, jaten eman. Hutsik zuen tripa, hutsik poltsikoak, zulatuak oinetakoen zolak, hantxe, Nizan, 1920an, hogeita hamabost urterekin, gazte-garaietan bezalaxe. Erresumindurik zioen bere artean ez zekiela arma berri haiek erabiltzen: duintasuna, harrotasuna, eta antzinako modura jokatu beharra zeukala, erreguaz eta trukeaz, betiko zuhurtzia jakinekoaz baliaturik. “Taldean aritzen dira besteak, gobernaturik, gidaturik”, pentsatzen zuen irribarrez. “Ni, berriz, bakarrik. Bakarrik aritzen naiz ehizan, neure emaztearentzat eta neure txikitxoarentzat”. –Nola aterako dut bizimodua? –egin zuen deiadar–, inork ez nau ezagutzen zure hirian. Badira lau hilabete Nizan bizi naizela. Gauza askori egin behar izan nien uko hona bizitzera etortzeko. Parisen, etxe-atarian neukan zori ona. Zain egon besterik ez nuen. –Gezurretan ari zitzaion. Kosta ahala kosta konbentzitu nahi zuen–. Hemen, errusiarrak baino ez zaizkit etortzen. Etorkin gosetiak besterik ez dut ezagutzen. Frantziar bakar batek ere ez dit deitzen. Inor ez da fidatzen nirekin. Nire itxura izango da, nire azentua, ez dakit… –Entzuten zuen aldi berean, eskua pasatzen zuen bere arbeltx koloreko adatsean behera, masail pottolo beltxaranetan, ile luzeekiko emakume-betazaletan, zeinak begi gogor sukartsuak erdi-estaltzen baitzituzten–. Konfiantza ez da behartuta lortzen, Marta Alexandrovna. Zu errusiarra zara, badakizu zer den bazterturik bizitzea. Baditut medikuntza-titulu frantsesa, Frantziako ohiturak, frantziar nazionalitatea, baina arrotz baten gisan hartzen naute, eta atzerritar sentitzen naiz. Itxoin beharra dago. Berriro esango dizut: konfiantza ez da bortxaz lortzen, eskatu egiten da, denborarekin irabazten da. Bizimodua atera egin behar, ordea, itxoiten dugun bitartean. Interesatzen zaizu niri laguntzea, Marta Alexandrovna. Zure maizterra nauzu. Dirua zor dizut honezkero. Errefusatuko nauzu. Galduko nauzu. Zer irabaziko duzu, ordea, horrekin? –Gu ere –esan zuen emakumeak hasperenka– etorkin gaixo batzuk gara gu ere. Garai latzak dira, doktore… Zer egin nezake zugatik? Ezer ez. –Astelehenean nire emaztea hona etorriko denean, artean ahul, haur jaioberri batekin, zer eman behar diet jaten? Jainkoak anpara ditzala! Ze etorkizun daukate? Utzi lau mila libera, Marta Alexandrovna, eta eskatu nahi duzuna ordainetan. –Zer berme daukazu, ordea, koitadu horrek, niri emateko? Ba al duzu gauza baliodunik? –Ez. –Bitxirik? –Ezer ez. Ez dut ezer. –Beti uzten didate berme gisa bitxiren bat, zilarrezko mahai-tresnaren batzuk, larruzko berokiren bat. Zu ez zara umea, doktore jauna, eta ondotxo dakizu ez naizela jendea musu-truk zerbitzatzen ariko. Sentitzen dut, sinets iezadazu. Ni ez nintzen jaio lanbide gisa jendeari dirua bahituran uzten ibiltzeko. Mouravine andre jenerala naiz ni. Zer egin, ordea, bizitzak hemendik oratzen zaituenean? –esan zuen eskua lepoan jarrita. Gaztetan txalotu egingo zioten imintzio hura, probintziako aktoresa zenean, jeneral zaharra ez baitzen berarekin ezkondu erbestean egon arte, berarekin izandako semea onartu eta gero. Bere lepo zuri eta mozkotearen inguruan halako lepoko ikusezin bat estutzeko itxurak egin zituen. –Miseriak itota gabiltza denak, doktore, doktore maitea! Jakingo bazenu nola bizi naizen! –esan zuen emakumeak, dirua eskatzen dieten guztiek erabiltzen duten taktika ezagun hori erabiliz, erruki-sentimendua beraienganakoa bihurrarazten ahalegintzen baitira–. Neskameek bezala egiten dut lan. Nire pentzutan dauzkat jenerala, semea eta erraina. Denak etortzen zaizkit arrenka laguntza eske eta nik ezin dut inoren laguntzarik eskatu. Gerrikoan atxikita zeraman kotoizko musuzapi arrosa hartu eta begi-ertzak xukatu zituen. Malkoz bete zitzaion aurpegia, aurpegi gorri eta trinkotu hura, urteen joanak histua, nahiz eta hantxe gordetzen zituen oraindik ere, sudurtxo makodun eta fin hartan, masailen forman, edertasun alferrik galdu baten zantzuak. –Nire bihotza ez da harrizkoa, doktore. “Negarrez hasten bada, bota egingo nau hemendik”, esan zuen bere artean Dariok etsita. Pentsamendu bat zuen bakoitzean oroitzapen-uholdea zetorkion Dariori burura. Eta hala hasten zen bere kabutan: “Bota egingo gaituzte hemendik. Alde egingo dugu. Ez dugu atseden hartzeko lekurik aurkituko. Ez dugu jakingo nora joan”. Burura zetozkion irudi haiek ez ziren soilik bere adimenetik sortuak, baita bere larruazaletik beretik ere, hotza pasatua baitzen; bere begi nekatuetatik, erreta gelditzen baitzitzaizkion gau osoan alderrai ibili ondoren. Behin baino gehiagotan ikusia zuen bere burua non etzan ez zekiela; herratu ibilia zen kaleetan; hoteletatik botea izan zen. Normala zirudien horrek guztiak haurtzaroan, nerabezaroan, hasierako ikasketa-urte miseriazkoetan, baina orain dekadentzia bat iruditzen zitzaion, heriotza bera baina okerragoa. Bai horixe, behea jota utzia zuen Europak! Gelari, altzariei begira jarri zen. Hiru gela ziztrin zituzten ostatuaren gainean. Zoruan lauza gorriak, tapiz mehe batzuek eskaski estalia; egongelan, bi besaulki, azal horikoak, eguzkiak maiztuak eta haien gelan, frantziar ohetzar eder hura non hain ondo egiten baitzen lo, zeinen atsegin zitzaion hura guztia! Pentsatzen hasi zen nola ibiliko zen semetxoa bere gurdi txikian balkoi estu hartan; itsasoko haizea iritsiko zitzaion Frantzia kaleko teilatuen gainetik; handixe entzungo zituen goizez han hurbileko merkatuko oihuak: “Sardini, belli sardini”; hango aire osasuntsua sartuko zitzaion biriketan; beranduxeago, eguzkipean jostatuko zen. Hantxe gelditu beharra zeukan eta emakume hari dirua atera. Orain larriturik, orain sumindurik, orain esperantzaz beterik, hala begiratzen zien, txandaka, hormei, altzariei eta andre jeneralaren aurpegiari. Ezpainak estuturik, sorgor ageri zela uste zuen; traizio egiten zioten, alabaina, bere begi urduri, adierazgarri eta desesperatu haiek. –Marta Alexandrovna, ez nauzu, gero, galbidean utziko, ezta? Lau mila libera, aurkituko dituzu lau mila libera niretzat. Emango didazu denbora zorretan utzitako hiruhilekoa itzultzeko. Ez nauzu errefusatuko. Emango didazu urtebete. Zer ez dut egingo nik urtebetean? Lau mila liberarekin, txukun jantzi ninteke. Uste al duzu hotel dotore batera sartzeko moduan nagoela gisa honetan? Nork utziko dit sartzen? Miseria darit… Hotel dotoreetako mandatariek hitz eman zidaten deituko zidatela mediku baten beharra izanez gero. Begira ordea zapata hauei, ura sartzen zaie, begira jaka honi –esan zuen erakutsiz nola egiten zuen distira eguzkitan jakaren oihalak–; zure onerako ari naiz, Marta Alexandrovna. Emakumea zara zu. Ez ote duzu jakingo bereizten izaera ausarta, borondatea, adorea? Lau mila libera, Marta Alexandrovna, hiru mila! Jainkoaren izenean! Alde batera eta bestera eragin zion buruari. –Ez. Apalago errepikatu zuen: “Ez”, baina Dariok arreta txikiagoa jartzen zuen hitzetan ahotsaren doinuan baino; hitzek ez zuten ezer adierazten, doinua zen soilik… Ezinegonez bota al zuen emakumeak ahapeka esandako “ez” hura? Suminduraz egin al zion oihu? Ezezkoa benetan atzera bueltarik gabea izan balitz, erremediorik gabea, haserre bizian egingo zion oihu eta zakar botako zuen...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.