E-Book, Basque, 288 Seiten
Morris Auschwitzeko tatuatzailea
1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-519-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, 288 Seiten
ISBN: 978-84-9868-519-0
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Lale Sokolov tatuatzaile lanetan ari zen Auschwitz-Birkenaun. Zenbaki bana tatuatzen zien bera bezala suntsigai sartzen zirenei. Egun batean, tatuatzeko txandaren zain zegoen neska bat ikusi zuen, Gita, dardar batean, izuak goitik behera hartuta. Laleren bihotza maitasunez goritu zen instantean, eta erabaki irmoa hartu zuen: infernu hartatik biek bizirik atera behar zuten. Mundu osoko kritika eta irakurleen txaloak jaso dituen eleberri honek Holokaustotik bizirik atera ziren Lale eta Gita Sokolov judu eslovakiarren benetako historia du oinarri. Bai haien historiak, bai eleberri honek, itxaropenari eta maitasunaren indarrari egiten diote gorazarre argitsua.
HEATHER MORRIS Zeelanda Berrian jaio zen, baina Melbournen bizi da gaur egun, eta bertan lan egiten du ospitale publiko handi batean. 2003an aurkeztu zioten agure bat, 'kontatzeko moduko historia bat izan zezakeena'. Horrela ezagutu zuen Lale Sokolov, Auschwitzeko tatuatzailea eleberriaren muinean dagoen benetako historiaren protagonista, Lalek infernu hartan ezagutu eta bizi osorako bikotekide izan zuen Gidarekin batera.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
1 1942, APIRILA Lalek triki-traka gurutzatu du landa, buruari eta bere izateari tente eutsiz. Hogeita lau urteko mutilak ez du interesik atzean duen gizona, tarteka bere besaburuaren kontra loak hartzen duena, ezagutzeko; Lalek ez du aparte bultzatzen. Askoren arteko bat besterik ez da, ganadu garraiorako pentsatutako bagoietan pilatuta doazen gazteen artean. Nora eraman behar zituzten inork esan ez zienez, Lalek ohiko arropa jantzi zuen: traje lisatua, alkandora txuri garbia eta gorbata. “Denak harritzeko moduan jantzi beti”. Itxita dagoen lekuaren neurriak kalkulatzen saiatu da. Bagoia bi metro eta erdi zabal da. Baina ezin du bukaera ikusi, luzera neurtzeko. Bidaian berarekin batera doazen gizonak kontatzen ahalegindu da. Alabaina, hainbeste buru oraintxe gora, oraintxe behera, etsi behar izan du. Ez daki zenbat bagoi diren ere. Min du bizkarrean eta hanketan. Azkura du aurpegian. Bizartzarrak gogorarazi dio ez dela bainatu eta ez duela bizarrik egin herenegun trenera sartu zenetik. Iruditzen zaio bera izan zen pertsonagandik gero eta urrutiago dagoela. Gizonak berarekin hizketan hasten saiatu direnean, animo hitzak esanez erantzun du, haien beldurra esperantza bihurtu nahian. “Simaurrez inguratuta gaude, baina ez dugu etsi behar bertan itotzera”. Haren kontrako irainak zabaltzen dira marmarrean, bere itxura eta maneren kontura. Goi mailako izatearen akusazioa. “Begiratu orain non hagoen”. Kasurik ez egiten saiatu da, begiradei irribarrez erantzuten. “Nor engainatzen saiatzen ari naiz? Gainerako guztiak bezain ikaratuta nago”. Gazte batek Laleri begietara begiratu dio eta berarengana saiatu da gorputz pila artean bultzaka. Zenbait gizonek bultza egiten diote bere bidean. “Zure lekua da, baina zeureganatzen baduzu besterik ez”. –Nola egon zaitezke horren lasai? –galdetu dio gazteak–. Haiek fusilak zeuzkaten. Sasikumeek fusilekin apuntatu eta hemen sartzera behartu gintuzten… behi tren honetara. Lalek irribarre egin dio. –Ez da nik espero nuena, ez. –Nora goazela uste duzu? –Ez zaio axola. Gogoratu, hala ere, gure familiak etxean salbu egon daitezen gaude gu hemen. –Baina, eta baldin ba… –Ez dago “baldinba”rik. Nik ez dakit, zuk ez dakizu, gure arteko inork ez daki. Egin dezagun esaten digutena. –Gelditzen garenean haiek mendean hartzen saiatu beharko ote genuke? Haiek baino askoz gehiago gara! –Gaztearen aurpegi zurbila agresibitatez beteta dago. Ukabilak modu patetikoan mugitzen ari da bere aurrean. –Guk ukabilak ditugu, haiek fusilak… Zer uste duzu, nork irabaziko duela borroka? Mutil gaztea isildu egin da berriro. Laleren bularrean bermatua du sorbalda, eta mutilaren ilajeko izerdi eta finkatzaile usainak aditzen ditu Lalek. Eskuak erortzen utzi ditu, zintzilik ageri zaizkio alboetara, lasai. –Aron naiz –esan dio. –Lale. Inguruan dauden batzuek bi gazteen elkarrizketa entzun, eta haien aldera jaso dute burua, amets isiletara itzuli baino lehen bere pentsamenduetan sakon murgiltzeko. Izu bera pairatzen dute denek. Eta gaztetasuna. Eta erlijioa. Lale etorkizunari buruzko teoriak ez egiten saiatu da. Esan diotenez, alemanentzako lan egitera daramate, eta horixe egiteko asmoa du. Etxean utzi duen familia du gogoan. “Salbu”. Bere burua sakrifikatu du, ez du damurik. Behin eta berriz eta askotan egingo luke, familia maitea etxean egon dadin, denak batera. Orduero-edo, jendeak antzeko galderak egiten dizkio. Nekatuta, erantzuten hasi da. –Egon eta ikusi. Harrituta dago, zergatik galdetzen dioten berari. Berak ez du ezagutza berezirik. Bai, trajez eta gorbataz jantzita dago, baina horixe da ageriko ezberdintasun bakarra beraren eta gainerakoen artean. “Gu denok ere ontzi zikin berean goaz”. Bagoi goraino betean ezin dira eseri ere egin, are gutxiago etzan. Bi ontzik komun lana egiten dute. Beteta daudenean, borroka hasten da, kirats hartatik urrundu nahi denok. Ontziak irauli egiten dira, eta hantxe erortzen da barrukoa. Lalek gogor eusten dio bere maletari. Diru eta arropa truke, onik ateratzea espero du, noranahi daramatela ere, edo, gutxienez, lan seguru bat inguratzea. “Beharbada izango da lanen bat nire hizkuntzak hartan baliatzeko modukoa”. Zorioneko sentitzen da bagoiaren bazter batera heltzeko bidea egin duelako. Ohol arteko zirrikituei esker, igarotzen ari diren landa izpiak ikusten ditu. Aire fresko lapurtuaren ufadek hein batean eusten diote gero eta handiagoa den goragaleari. Udaberria izan behar du, nonbait, baina egunak egunen ondotik, euria eta laino trinkoak dira nagusi. Tartean behin, udaberriko liliez gainezka dauden zelaiak igarotzen dituzte, eta Lalek irribarre egiten dio bere buruari. Loreak. Amari ikasi zion gaztetan emakumeek loreak maite dituztela. Noiz izango ote da neska bati loreak eman ahal izango dizkion hurrengo aldia? Loreei begiratzen die, haien kolore biziak ñirñirka ditu begien aurrean, soro bete mitxoleta, haize gozoaren konpasean dantzan, masa gorrimina. Bere buruari agindu dio hurrena inori loreak ematen dizkionean, berak hartuko dituela bere eskuez. Inoiz ez zuen pentsatu basoko loreak hain ugari hazten direla. Amak bakan batzuk zituen lorategian, baina inoiz ez zituen biltzen eta etxe barrura sartzen. Egitekoen zerrenda osatzen hasi da bere artean, “etxera itzultzen naizenean. . . ” Beste borroka bat orain. Sesioa. Garrasiak. Lalek ez du ikusten zer gertatzen den, baina gorputzak bihurritzen eta bata besteari bultzaka sentitzen ditu. Gero, isiltasuna. Eta, ilunpetik, hitz batzuk: –Hil egin duzu. –Zorioneko sasikumea –baten batek, marmarrean. “Sasikume gizagaixoa”. “Nire bizitza ederregia da, ezin du zulo zikin honetan bukatu”. Hamaika geldialdi dira bidean, batzuek minutuak irauten dute, beste batzuek orduak; herri edo hiri batetik kanpo aldera beti. Behin edo behin, igaro ahala, Lalek geltokien izenak ikusi ditu: Zwardon, Dziedzice, eta, geroxeago, Dankowice. Polonian daudela baieztatzen dio horrek. Erantzunik gabeko galdera: non geldituko dira? Bidaiako denbora gehiena Bratislavako bizimoduari buruzko pentsamenduetan joan zaio Laleri: bere lana, etxea, lagunak… neskak, batik bat. Trena gelditu egin da berriz. Guztiz ilun dago; lainoek zeharo ezkutatzen dituzte ilargia eta izarrak. Ilunpeak datorkien geroa iragartzen ote du, bada? “Gauzak diren bezalakoak dira. Oraintxe bertan ikus dezakedana, senti, entzun eta usain dezakedana”. Ez du ikusten bera bezalako gizonak besterik, gazteak, bidaian, ezezagunerantz. Sabel hutsen orroak entzuten ditu, eztarri lehorren lakarrak. Txiza, kaka eta luzaro garbitu ez diren gorputzen usainak aditzen ditu. Inork ez baititu batera eta bestera bultzatzen, gizonek atseden hartzeko baliatzen dute egokiera, zoru zati baten aldera inor estutzen eta bultzatzen ibili beharrik gabe. Une horretan, buru bat baino gehiago Laleren gainean dago. Zarata handia dator, gero eta hurrerago, atzeko bagoi batzuetatik. Nazkatu dira hangoak, eta ihes egiten saiatu behar dute. Gizonen zaratak, beren buruak bagoiko albo-oholen kontra botatzen dituztenean; eta inondik ere kaka-ontziarena den zaratak piztu egin ditu denak. Laster, bagoi guztiak lehertu dira, barrutik erasoka. –Lagundu, edo alde paretik! –oihuka ari zaio gizonkote bat Laleri, bere burua bagoiko alboaren kontra botata. –Ez indarrik alferrik galdu –erantzun dio Lalek–, horma hauek txikitu ahal balira, honezkero txikituak izango zituzketen behiek! Ez duzu uste? Gizonetako askok bertan behera utzi dute saialdia, Laleri haserre begira. Esan duena hausnartzen ari dira. Trenak aurrera egin du. Beharbada, arduradunek pentsatuko zuten mugimenduak istilua geldiaraziko duela. Baretu dira bagoiak. Lalek begiak itxi ditu. Lale gurasoen etxera itzuli zen, Krompachyn, Eslovakian, jakinik herri txikietan juduak atxilotzen eta alemanentzako lan egitera eramaten ari zirela. Orduz gero bazekien juduek lan egitea galarazia zutela eta negozioak ere kendu zizkietela. Ia lau astez etxeko lanean laguntzen jardun zuen, gauzak konpontzen aita eta anaiarekin batera, eta ohe berriak egiten iloba txikientzat, jada ez baitziren sehaskan sartzen. Arrebak beste inork ez zuen dirua irabazten, jostun lana eginez. Isilpean egin behar zituen laneko joan-etorriak, egunsentia baino lehen goizetan, ilunabarra eta gero gauetan. Ugazaba arriskatzeko prest zegoen, langile onena baitzuen. Iluntze batean, ugazabari dendako leihoan jartzeko agindu zioten afixa batekin itzuli zen etxera. Han jartzen zuenez, familia judu bakoitzak hemezortzi urteko edo hortik gorako gazte bat eskaini behar zuen, alemanen gobernuaren alde lan egiteko. Zurrumurruak, beste zenbait herritan gertatu zena kontatzen zuten esamesak, Krompachyra ere heldu ziren azkenean. Bazirudien Eslovakiako gobernuak zeharo etsi zuela Hitlerren aurrean eta nahi zuena ematen ziola. Afixak hizki beltzetan jakinarazten zuenez, baldin familia batek halako gazte bat izan eta alemanei ematen ez bazien, kontzentrazio-esparrura sartuko zuten familia osoa. Maxek, Laleren anaia zaharrenak, baietz esan zuen jakin orduko, joango zela, baina Lalek ezetz. Maxek emaztea eta bi ume txiki zituen. Haren premia zuten etxean. Lale Krompachyko gobernu lokalarekin harremanetan jarri zen, eta bere burua eskaini zuen eraman zezaten. Kasu egin zioten funtzionarioak bere lagunak izanak ziren; batera ibili ziren eskolan eta elkarren familiak ezagutzen zituzten. Pragara joateko agindu zioten Laleri, eta han, agintari eskudunei jakinarazi ondoren, aginduen zain egoteko. Bi egun eta gero, ganadu trena gelditu egin da berriz....