E-Book, Basque, Band 165, 102 Seiten
Reihe: Narrazioa
Gracia Quintana Basokoa
1. Auflage 2024
ISBN: 978-84-9868-901-3
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 165, 102 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-901-3
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Amona hil eta bilobak, Hodeitza eta Nahia, baserrira itzuli dira, lekua husteko eta harekin zer egingo duten erabakitzeko. Baina baserri ondoko basoan urte luzez beren zain egon den zerbait esnatu egingo da. Eta Amaren gaixotasunaren eta Amonaren jokaera arraroaren sorburua den zerbait horrek familiak duela asko pilatu zuen zorra kitatzeko modua bilatuko du.
IZASKUN GRACIA QUINTANA (Bilbo, 1977) Euskal Filologian lizentziatua da, itzultzaile, zuzentzaile eta diseinatzaile egiten du lan, eta artikuluak eta literatura-kritikak idazten ditu hainbat komunikabidetan. Masmédula olerki-argitaletxearen editorea eta fundatzailea izan zen. fuegos fatuos (accesita Centro Juvenil Latina olerki lehiaketan, 2003), eleak eta beleak (1. saria XVII Ernestina de Champourcín olerki lehiaketan, 2007), saco de humos (1. saria XIX Villa de Aranda olerki lehiaketan, 2010), ártica/artikoa (Amargord, 2012), Vacuus (Kokapeli, 2016), despertar lloviendo (Ya lo dijo casimiro parker, 2017), Ohe hutsetan (Balea zuria, 2018) eta soliloquio soterrado (Libros de la resistencia, 2021) olerki-bildumak argitaratu ditu, baita Crónicas del encierro (Salto de página, 2016) eta Lo que ruge (El Transbordador, 2021) ipuin-bildumak ere. Zenbait antologiatan eta aldizkaritan argitaratzeaz gain, bere testuak frantses, ingeles, aleman eta grezierara itzuli dira. Hainbat literatura-jaialditan ere hartu du parte, eta Anabel Lorca, Zigor Barayazarra, Delphine Salvi, Leire Urbeltz eta Liébana Goñi bezalako artista plastikoekin kolaboratu du.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
I Nahia eta Jon zain ditut nasan. Irribarre egiten dute murrikaz, haiekin autoz etorri nahi ez izatea ez baitute ulertzen. Zu eta zure apetak, hasperen egin zuen atzo Nahiak telefonoz. Ez zuen esan guztiek uste baino arraroagoa naizela, baina tira. Badakit hori pentsatzen duela. Ohiko agurren eta galderen ondoren, Jonek Amamaren baserrira eramaten gaitu autoz. Herria zeharkatzen dugun bitartean, Nahiak esaten du dena laster amaitzea espero duela, oporrak aprobetxatu nahi ditu eta. Jonek esaten du gelditzeko eta guri laguntzeko prest dagoela. Nik eskaintza eskertu, eta esaten diot moldatuko garela, lasai joan daitekeela. Astebete baino lehenago bukatuko dugu, eta gure bila etor zaitezen deituko dizugu, esaten diot. Ez dute espero nik hori esatea, noski, baina Nahiak dio Ahalik eta lasterren, dudarik gabe! Eta biek barre egiten dute, eta Jonek bidean jartzen du arreta. Herria atzean utzita, basora sartzen gara. Mendietan zehar hedatzen den oihan neurrigabearen besoa baino ez da, baina bera bezain iluna eta erraldoia dirudi. Isil-isilik begiratzen dugu aurrera, bidera irteten denari adi. Jon abelbide estu horretatik gidatzea ez gorrotatzearen plantak egiten ari da, baina alferrik, eta marmar egiten du autoa bideko zuloetan hondoratzen den bakoitzean. Gainera, zuhaitzen adar baxuek eta zuhaixkek autoaren aldea jotzen dute, eta metal-egurrezko kolpekatzeak laguntzen digu zenbait minutuz, basoaren besoa gurutzatu arte. Hor zabaltzen den eta era arraro batean arrotza dirudien soilgune handian sartzen gara. Ezkerrean, baratzeak; eskuinean, larrea; eta harago, basoa; eta erdian, baratzeen eta larrearen arteko muga gordeko balute bezala, lauzpabost baserri ikusten ditugu berehala, goroldioz erdi estalitako harrizko hormek bereizitako lursail ertainetan. Amamarena azkena da. Autoa aurrean gelditzen denean, hirurok irten eta berehala gelditzen gara eraikin zaharrari begira. Xehetasun txikiren batengatik izan ezik, betiko itxura du. Ez zait umea nintzela bezain egundokoa iruditzen, baina hala ere hunkitu egiten nau, eta kezka txiki bat ere sentiarazten dit. Nahiak gure eskultura isila hautsi eta maletategitik ekipajea ateratzen du. Maleta ematen dit, nik giltzak ematen dizkiot, eta Jonek eta berak aurrea hartu eta baserrira sartzen dira. Nik nire inguruari begiratzen diot, arratsaldeko aire beroa arnastuz, eta patxadan elkartzen naiz tokiarekin. Dena lasai-lasai dago, eta aldaezina dirudi, urteen pisuak ikusten ez diren gauzak bakarrik aldatu izan balitu bezala. Amak bere burua urkatu zuen zuhaitza fruituz beteta dago, eta indartsua eta mardula izaten jarraitzen du. Ama baino zaharragoa da, eta neure buruari galdetzen diot ea zutik jarraituko duen Nahia eta biok hiltzen garenean, familiatik geratzen denak baino bizitza luzeagoa izango ote duen. Nahiak nire pentsamenduak eten egiten ditu deitzen didanean. Burua beheko solairuko leiho batetik aterata, esaten dit inozoa dirudidala, eta baserrian behingoz sartzeko. Nik astiro egiten dut berak esana, ia amain emanez, eta atea zeharkatzen dut. Eta oroitzapenetan galtzen naiz sartu bezain laster, isiltasunak eta barneko aire hotzak besarkatzen nautenean. Baserriaren beheko solairua bi zatitan banatuta dago: antzinako ukuilua, orain dela hogeita hamar urtetik hutsik dagoena, eta orain gauden gela, aldi berean sukaldea, jangela eta egongela dena. Tximinia eta goiko solairuetara eramaten duten eskailerak ere hemen daude. Betiko itxura duela esango nuke, baina denbora luzea igaro da hemen egon nintzen azken alditik, eta, egia esan, ez naiz gai ezer aldatu den ohartzeko. Nahia sukaldeko armairuetan ikusmiratzen ari da, eta, gela handia gurutzatu eta berarengana hurbiltzen naizen bitartean, lurreko taulek hezurtxoek bezala kraska egiten dutela konturatzen naiz. Badirudi poliki-poliki txikitu egiten direla, eta uneren batean zoruak amore eman eta nire pisupean irekiko dela. Gelditu, eta arretaz behatzen diot behegainari, haustura-seinaleren baten bila, baina ez dut ezer aurkitzen. Zura bakarrik, erabilerak eta denborak hondatua, marka eta orban berezirik gabe. Amama non hil zen, Martinek zehazki non aurkitu zuen asmatzeko ere ezgai naiz. Nahiak lehenengo solairura igotzea proposatzen du, dena nola dagoen ikustera. Jonek, sofan eserita eta begiak mugikorretik aldendu gabe, paso egiten duela dio. Nahiak berriz esaten du une bat besterik ez dela izango. Azaltzen du bigarren solairura ere ez garela igoko, hor aletegia baitago eta Martinek barruan zegoen guztia eraman baitzuen Amama hil eta gutxira, baina Jonek ezetz esaten du berriro, dagoen tokian geratzen dela. Nik baietz esaten dut, eta gora jarraitzen diot Nahiari, zer aurkitzea espero duen zehatz-mehatz jakin gabe. Lehenengo eskailera-atalaren amaieran, hainbatetan korritu dudan korridore ilogikoki luzea aurkitzen dugu, Amamaren gelan amaitzen dena. Hala ere, etxe ezezagun batean bageunde bezala jokatzen dugu, txoko bakoitzean ustekabeko zerbait edo gauza bereziren bat ikustea espero bagenu bezala. Hala, urrats batzuk egin eta eskuinean irekitzen den lehenengo atetik burua azaltzen dugu. Bainugela izaten jarraitzen du, limoi-usain bera du eta nire oroitzapenetako lauza urdin berberez jantzita dago. Bigarren atea gonbidatuen logelarena da. Gela sinple-sinplea da, eta barruan ohe bat, armairu bat eta zur ilun eta zaharrez egindako komoda bat besterik ez dago. Ematen du ez dela inorentzat atseden-leku izan, lastairan sumatzen den hondoratze arina denboraren ondorioz osatu dela, eta ez gorputz baten pisuaren kausaz. Aurkako hormako atea ireki eta Amaren antzinako gela ikusten dugu. Han, Aitak, Amak eta hirurok lo egiten genuen, oporrak baserrian pasatzen genituenean. Aitaren eta Amaren ezkontzako argazkia (etxean zuten bera) oraindik ere zintzilik dago oheburu gainean, eta, han eta hemen banatuta, zenbait jostailu, kutxatila bat... Ez dakit nireak edo Amarenak izan ziren. Anakronikoa da, beste guztiaz kanpokoa. Hotzikarak eragiten dizkit. Sartzen garen azken gela korridorearen amaierakoa da, Amamarena (eta lehen, Aititerena ere bai). Hormak zurezko taulez estalita daudenez gero, txikia, iluna eta zapaltzailea dirudi. Kutxa baten barruan egotea bezala da, eta berehala nabaritzen dut airea falta zaidala. Birikak betetzea kostatu egiten zait, eta dardara dut lokietan. Beraz, urrats batzuk egiten ditut leihoraino eta ireki egiten dut. Nahia, orduan, hitz egiten hasten da, leku hau erortzeko zorian dagoela eta uste baino itsusiagoa dela, inork ez duela erosiko eta entzuten ez ditudan gauza gehiago esanez. Leihoaren beste aldera begiratzen dut, mundua nire inguruan bueltak ematen hasiko ote den beldur naizelako, eta basoak, urrun, begiratu egiten didala sentitzen dut. Ahoa lehor-lehor daukat. Urdaila taupadak ematen dituen ukabil bihurtu da, itxuraz bere burua jateko mehatxua egiten duena, gelatik korrika irteten ez banaiz. Baina ez naiz mugitzen, eta Nahia irten da hitz egiteari utzi gabe. Nik ez dut begirada zuhaitzetatik aldentzen. Nagoen lekuan geratzen naiz, iltzatuta bezala, ukabilak estutzen ari naizen bitartean, eta bat-batean, etxe honetatik bereizi ezin dudan lur gaixoaren usain-bafada batek ahoa eta eztarria hartzen dizkit lokatzaren trinkotasunarekin. Azkenean, biltzen dudan indar guztia erabiliz, gorputz erdia leihotik atera eta birikak aire garbiz betetzen ditut, bizitzan egingo dudan azkena izango balitz bezala, urrutiko zuhaitzak bistatik galdu gabe. Alai bezain harritua, Nahiak Bazatoz, ala? Zertan zabiltza? galdetzen du korridorearen beste muturretik, eta arnasa doi-doi berreskuratuta, leihotik aldendu eta ahizparenganantz abiatzen naiz. Berarengana iristen naizenean, berriz galdetzen dit zer egiten nuen, eta nik Gogoratzen nuen erantzuten diot. Ez dut esaten beldurra gogoratzen nuenik. Beldurra eta Ama, izuz eta minez ohean oihukatuz. Lehenengo solairura egindako ibilaldi txikiaren ondoren, gauza handirik egin gabe ematen dugu arratsaldea. Egun hauetarako erositako elikagaiak sukaldean uzten ditugu, eta maletak eta kartoizko kutxak egongelan, eta Jonek galdetzen du (txantxetan, agian) gela aukeratu dugun. Inork ez du gonbidatuen gelan lo egin nahi; beraz, erabakitzen dugu —Nahiak erabakitzen du, berez— nik Amamaren gelan lo egingo dudala, eta haiek Amaren lehengo gela hartuko dutela. Ez zait akordioa gustatzen, baina onartu egiten dut erabakia txintik egin gabe. Ez dut ez gogorik ez energiarik une honetan eztabaidari ekiteko. Baserrian telebistarik ez dagoenez gero (bazegoen bat ni umea nintzenean; ez dakit noiz hondatu zen, ezta Amamak beste bat ez erostea zergatik erabaki zuen ere), kanpora irten eta han esertzen gara, duela urte asko landatzen ez den lursailari eta harantzago dauden ibaiari eta beste lursailei begira. Nahiak hitz egiten jarraitzen du. Leku hau ikustean desengainu txikia hartu duela dio. Berak zeukan oroitzapen bakarra fatxada zen, eta uste omen zuen bestelakoa izango zela. Politagoa, dio, pintoreskoagoa. Egia esan, oporretan ostatu hartzen duen landetxeak bezalako zerbait espero zuen. Benetako landetxea, bai, baina errealitateko deserosotasunik gabea. Erraz sal daitekeen zerbait, duela hilabete batzuk baserria salduko genuela ziurtzat hartu baitzuen. Amama hil zenetik hitz egin dugun bakoitzean (pare bat aldiz, egia esan) horri buruzko iruzkinen bat egin du, eta nik ez diot zuzendu. Suposatzen dut orain bere kalkuluak eta planak berregiten ari dela, baina zorionez ez ditu aipatzen, eta kexatzen jarraitzen du. Etenaldi bat egiten duenean, Jonek txanda hartu, eta elkarrizketa oporretara eramaten du, hemendik aldentzen garen bezain laster egingo duten horretara. Zer egingo dudan galdetzen dit, eta, planik ez dudala entzutean, helmuga turistikoak...