E-Book, Basque, 80 Seiten
Fernandez Etxepare porno
1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-589-3
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Zibernetika euskalduntzeko metodoa
E-Book, Basque, 80 Seiten
ISBN: 978-84-9868-589-3
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
Luis Fernandez (Eibar, 1966). Kazetaria. Internet eta teknologia berriez, besteak beste, idatzi du Euskaldunon Egunkarian azken urteotan. Honako lanak argitaratu ditu: Tetris (Elkar, 1995) saiakera liburua; Kontaktua (Elkar, 1996) narrazio laburra; eta Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian (Egunkaria, 1997) kronika historikoa, Josu Chuecarekin elkarlanean.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
Etxepare Porno
Ez du inork gogoratuko. Ez du Etxepareren osperik izango, inondik ere. Joan Mari Torrealdaik ez du aintzat hartuko Euskal Kultura Bihar edo Etzi idazten duenean. Baina nik badakit, Lingua Vasconum Primitiae haren mailako mugarri bat dela Goigoiñoei maittea-maittea euskararen historian. Gutenberg galaxian Bernat Etxepare guretzat goizeko izarra izan zen bezala, ziberrespazioko aro berri honetako lehenbiziko supernova distiratsua Vicente Gil de Paules pornografoa izan da.
Goigoiñoen ipuin hori, pornografia hutsa alegia, izan da ziberrespazioan, Interneten, modu digital hutsean paperean baino lehenago euskaraz argitaratu den lehenbiziko literatur lana. Iruñeko sex-shop batek jarri zuen online, erran nahi baita Interneten, kontaktuen sekzioaren eta kontsoladore salmentaren artean.
1996an izan zen miraria. Sexu-denda ireki zuten Iruñean pionero batzuek. Handik oso gutxira, Opus Deiko komandoek atea petardo batekin hautsi zieten, baina horrekin nahi beste propaganda lortu ez eta ipuin erotikoen lehiaketa antolatu zuten. Lehen saria gaztelaniazko lan batek lortu zuen, baina merezimenduzko aipamena eman zioten euskaraz Gil de Paulesek bidalitako lanari. Euskaraz ere larrua jotzen delako, edo jotzen ahal delako. Honelako lehiaketetan, badakizue, sariarekin batera antolatzaileak halako behar moral bat izaten du lana argitara emateko, eta hortxe zegoen koxka, sexu-dendakoak ez zebiltzala diruz gainezka (negozioaren hastapenak ziren…). Konponbidea aurkitu zuten ordea: Interneten jarri lan sarituak, eta hor konpon. Gerora, paperean ere bota dituzte ipuin erotiko edo pornografikoak, baina lehen argitaraldia Interneten izan zen, ziberrespazioan.
Horixe da Etxepare porno bitxi honen istorioa. Gil de Paulesen ipuina ez da, noski, Interneten euskaraz azaldu den lehen testua. Ezta ere, Interneten azaldu den euskarazko lehenbiziko literatura. Baina bada, inork kontrakorik demostratzen ez duen bitartean, Interneten eta ez beste inon argitara eman den euskarazko lehenbiziko literatur lan originala.
Muga bat markatzearren aukeratu dut Etxepare porno hau.
“Interneten eta ez beste inon argitara eman den euskarazko lehenbiziko literatur lan originala”.
Mugarri arbitrario samar bat markatzeko definizio bat besterik ez da. Niri bururatu zaidana. Eta agian beste batzuk hori bezain balekoak izan litezke (hobeak ere bai). Izan ere, euskara bazegoen lehendik ere Interneten. Noiz trukatu zen euskarazko lehenbiziko korrespondentzia digitala? Noiz lehenbiziko e-postak euskaraz? Ez dakigu, eta honezkero seguruenik ez da jakiterik izango. Mundu Zabaleko Amaraun edo WWW horretan, berriz, badirudi euskarazko lehenbiziko orriak ezarri zituena Eugenio Alberdi izeneko bizkaitar bat izan zela. Eskoziako unibertsitate batean egiten du lan Alberdik, eta Euskal Herriari buruz jarrita dituen orrietan literatura ere jarri du. Sarrionandia, Atxaga, Mirande… Poesia apur bat.
Agian ziberrespazioko euskalgintzan aitzindari izanaren ohorea Alberdiri dagokio, eta ez Vicente Gil de Paulesi. Besteak beste, Gil de Paulesek seguraski susmatu ere ez zuelako egin bere lana Interneten agertuko zela. Gainera, gaur egunean, jadanik ez dago ziberrespazioan saritutako ipuin hura. Iruñeko sexu-dendakoek harrezkero errepikatu duten lehiaketetako lan hautatu berriagoak jarri dituzte orain beren web orrietan, logikoa den bezala. Venus en Sodoma bezalako literatur lan berriak irakur daitezke han, baina ez jada Goigoiñei maittea-maittea. Bestetik, euskarazko beste ipuinik ez du lortu saririk harrezkero lehiaketan. Uste dut Gil de Paulesen lanaren kalitatearen alde zerbait esaten duela horrek.
Zalantza dut, gainera, ea Gil de Paules eta sex-shop bati esker jazotako miraria errepikatu ote den. Literatura gehiago azaldu da euskaraz Interneten (Axularren Gero oso-osoa, adibidez). Jendeak bertsoak ere bota ditu posta elektronikoz. Baina ez dakit, gure definizio arbitrarioari jarraikiz, berriro azaldu ote den “Interneten eta ez beste inon argitara eman den euskarazko literatur lan originalik”. Zerbait izango zen han edo hemen, igual. Norbaitek bere poema intimo batzuk jarriko zituen apika bere web orri pertsonalean… Baina nik ez ditut aurkitu.
Nik dakidala Gil de Paulesen perla ale bakar-bakarra dugu. Perla beltza. Akaso ez gaitu harritu edo kezkatu behar horrek: Etxepareren olerkietatik, argitaratutako bigarren euskal liburura (Leizarragaren Testamentu Berria) 26 urte igaro ziren. Garai moderno hauetan presaka bizitzera ohituta gaude gero. Akaso ez gaitu harritu behar, edo akaso bai. Akaso tren hau ere galduko dugulako susmoa usnatu dezakegu hutsune horretan. Etxeparek “jaldi hadi plazara” kantatu zion euskarari; baina, jarraian, 26 urte mutu segitu zuen hizkuntzak liburuetan. Bataila hura galdu genuen: ez inprentarik, ez estaturik, ez berpizkunderik, ez kulturarik… Trena galdu genuen, eta treneko bagoietan zihoan zirko osoa. Ez ote gaude orain ere orduan bezala, geltokian kieto? Ez ote du jada makinistak txilibitua jo?
Badugu jada Etxepare porno bat. Baina apenas dugun beste ezer. Biluzik gaude, eta oraingoan ez da pornografia, ez erotismo eta ez nudismo. Biluzik gaude miseria gorrian gaudelako.
* * *
Norbaiti, beharbada, patetikoa irudituko zaio euskararen aro berri honetako gure Etxepare berria pornografikoa izatea. Ni ez naiz iritzi berekoa. Detaile jatorra iruditzen zait. Ni behintzat sexu-denden eta pornografiaren alde nago.
Hain zuzen ere, akaso Etxepare porno hori da euskaldunen Interneteko historiako alderdirik majoena, zeren gainerakoan, historia negargarri samarra izan da, eta da, hau. Eta neurri handi batean, historia politikoa.
Interneten Euskal Herririk zegoenik 1996ko otsailean jakin zen kalean. Lehenagotik bazebiltzan zenbait internauta euskaldun handik zehar, Internet bera modan jartzen hasi baino lehenago ere, baina ez zuen horrek oihartzunik inon. Medioetako eta kaleko hizkeran, 1995ean hasi zen berotzen Internet terminoa, paraje hauetan behintzat. 1996an, berriz, masa-fenomeno bihurtzen hasi zen.
1996ko otsailean, berriz, Espainiako prentsak deskubritu zuen euskal internautismoa. ETAk José Tomás y Valiente jurista hil zuen Madrilgo unibertsitate batean, eta Manos Blancas izeneko mugimendu bat hasi zen. Garai horren bueltan, ezker abertzalearen informazioa Interneten zabaltzen zuen zerbitzu bat salatu zuen El Correo egunkariak. Euskadi Information zuen izena hark, eta 1995eko urritik ari zen martxan Zurichetik, Suitzatik. Euskadi Information hark ez zekarren gauza handirik: HBk kaleratutako Herria Eginez aldizkariko artikulu batzuk agertzen ziren, eta apenas ezer gehiago. Dagoeneko Euskal Herrian paperean banatutako materiala zen hura.
Hala ere, ETA Interneten zegoelako frogatzat jo zuten hura Espainian. ABC egunkari monarkikoak, bereziki, artikulu histeriko batzuk eskaini zizkion gaiari. Berehalakoan, basoan perretxikoak bezala, gazte espainol bulartsu batzuen erantzuna sortu zen: mail-bombing-a Euskadi Information-en kontra. Posta bonbaketa zera da Interneten: mezu elektroniko andana astun eta etengabe batekin behin eta berriro helbide baten kontra egitea. Mezu andana hori jasaten duenarentzat, bonbaketa oso astuna gerta liteke onenean, eta ordenadorea blokeatu ere egin dakioke txarrenean. Posta-bonbaketa jende askoren artean egin liteke, eskuz, bakoitzak mezu mordo bat bidalita. Bestela, automatikoki ere egin liteke, ordenadore bat propio lanean jarrita etengabe mezuak jaurtitzen aritu dadin. Madrilgo Unibertsitate Autonomotik horixe egin zuten, eta Euskadi Information jarri zuten jomugan. Zehazkiago, orri horiei Interneteko espazioa uzten zien Zuricheko enpresa. Etxe horrek, Internet Access AG delakoak, ez zuen bonbaketarik agoantatu nahi izan. Itxi egin zioten tokia Euskadi Information-i. Madrilgo Manos Blancas-ekoek harro ospatu zuten garaipena. Badakizue, vascos sí, ETA no bihotz-bihotzez oihukatzen duten horiek dira.
Euskadi Information-ek adierazpen askatasuna zer den ikastearekin batera, Interneteko beste euskal bazter batzuetan ere sofritu behar izan zuten Espainiako prentsak eskainitako bataio publikoa. Kazetariren batzuek Interneteko bilatzaileetan basque hitza topatzeari ekin zioten, eta horrelaxe jo zuten orduko euskal webgune ezagunenarengana: Blas Pedro Uberuagaren Buberren Euskal Orrira. Buberren orria arrazistatzat aurkeztu zuen, gutxi gora-behera, ABCk. Jakina, egunkari horrentzat, Euskal Herriak zazpi probintzia dituela esatea Espainiaren historiari egindako iraina da…
Blas Uberuaga amerikanua dugu; haren gurasoak Euskal Herrian jaioak dira, baina Buberrek berak ez daki euskaraz. Seattle hirian bizi da, doktoradutza egiten Washingtongo unibertsitatean, eta hantxe osatu du bere web orria. Euskal Herriari buruzko informazio collage bat da Buberren gunea. Diasporako webgune tipikoa dela esan dezakegu: genealogia, folklorea, euskara apur bat… Ondo egina dago, eta Interneteko euskal baliabideen bilduma txukuna ere bada.
Baina Buber abertzalismo erradikalaren adierazgarri izan litekeela sinestea… Espainolen begietan bai. Espainolen begietan dena da bekatu. Internetek badu halako ukitu susmagarri bat. Ipuin mordo batek zirkulatzen du hortik: pederasten bilgune dela Internet,...




