E-Book, Basque, 192 Seiten
Cid Puntera beltzak
1. Auflage 2020
ISBN: 978-84-9868-550-3
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
E-Book, Basque, 192 Seiten
ISBN: 978-84-9868-550-3
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 0 - No protection
ALMUDENA CID gasteiztarra da. Arantzabela ikastolan hasi zen gimnasia errtimikoan, eta Olinpiar Jokoetan lau final jokatzera iritsi zen. 28 urterekin erretiratu zen. Jende askok txapelketa baten aurrean izaten diren beldurrez eta nerbioez galdetzen zion edo nola egin behar den ikasketak eta entrenamenduak batera eramateko edo zerk lagundu zion gehien Olinpiar Jokoetara iristeko. Horrela sortu zen Olympia: Almudenaren bizitza kontatzeko modu partikularra, bere garaipenak eta etsipenak, lagunak, maitasuna, bizi izan zituen abenturak eta beste gauza asko. Liburu hauekin beste amets bat ere konplitu du Almudenak: txikitan euskaraz ikasten hasi zen ikastolan, eta orain izugarrizko poza ematen dio Olympia euskaraz irakurriko dela jakiteak.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
KLONK!
–Olympia! Zer esan dizut eskuilari buruz?
Minak kolpe bat entzun berri zuen; alabaren gelatik zetorren. Senarra eta biak gosaltzen ari ziren, sukaldean. Bukatzen ari ziren, baina lehentxeago Olympia mahaitik jaiki eta korrika joan zen bere gelara ilea orraztera, Martaren etxera jolasera igo aurretik. Marta zazpigarrenean bizi zen, justu haien gainean.
–Olympiak atera al du zarata hori? –galdetu zuen Tomasek.
–Malabaristen erregina! –barrez, Minak–. Orain hortik eman dio; eskuila airean bota eta kirtenetik jasotzen du. Halako batean zuloa egingo digu sabaian.
–Orduan zuloa handixeago egin eta eskailerak jarriko ditugu. Zuk ez al zenuen duplex bat nahi?
–Graziosoa gizona!
KLONK!
–Olympia!
Igande goiz hartakoa duela bost urte gertatu zen. Olympiak zazpi urte zituen artean, eta uda osoa Martarekin jolasean pasatu zuen, gimnasiako desafioak eginez elkarri.
«Ea noraino altxatzen duzun hanka».
«Ea zenbat tolesten duzun gorputza?»
«Ea bietako nork behatz puntak aurrerago eraman, lurrean eserita eta hankak luzatuta».
«Ea soka nork gorago bota eta jaso, lurra ukitu gabe».
Horrela ekaina osoa eta uztaila osoa eta abuztu osoa.
–Ez da geldi egoten. Zerbaitetan apuntatu beharko genuke –esan zuen Minak, orduantxe etorri baitzitzaion burura astelehenean eskolaz kanpoko klaseak hastekotan zirela.
Minak oso gogokoa zuen dantza. Eta halaxe hasi zen Olympia gimnasia erritmikoa egiten. Hala ere, ez zituen baztertu bere burua probatzeko Martarekin zituen desafioak, ezta eskuila gora bota eta airean jasotzeko saioak ere, eta etxe hartan noiznahi entzuten ziren KLONK! hotsak eta segidako «Olympia!».
Urte zoragarriak hasi ziren hala. Hasieran, astean bi arratsalde besterik ez ziren izan. Klasea bukatu eta gero, ikastolako gimnasioan geratzen zen bere adineko beste neska batzuekin eta Agurtzanerekin, bere lehenbiziko entrenatzailearekin. Dena jolasa zen han, baina konturatu gabe, Olympia gero eta koordinazio handiagoa zeukan, gero eta malguagoa zen, gero eta diziplinatuagoa... Martarekin jolasean ere segitzen zuen, baina gero eta handiago zen bien arteko aldea.
–Zure hezurrak ez dira pertsona normalenak bezalakoak! –kexatzen zitzaion Marta. Hura ez zen hain malgua; kostata egiten zuen ariketarik sinpleena ere: adibidez, zutik zegoela, gerria makurtu, eta esku-ahur zabalduekin zorua ukitzea, eta hartan ere tranpa egiten zuen, belaunak pittin bat tolestuz–. Zu txiklezkoa zara! Marmoka bat!
–Eta zu egurrezkoa. Zomorro-makila! –erantzuten zion Olympiak gorputza tolestu eta zubiarena eginez.
–Zomorro-makila honek hanka arinak izango ahal ditu gutxienez! –Martak, barrez.
Olympia gimnasian hasi zen uda hartan bertan, Marta atletismoko klub batean sartu zen: lasterketak egiten zituzten, bakarka eta erreleboetan... Oso pozik zeuden biak, nor bere taldearekin eta entrenatzailearekin, nahiz eta gero eta denbora gutxiago zuten parkera jaitsi eta elkarrekin egoteko edota ikastolako gorabeherez edo beren klubetan egiten zituzten aurrerapenez hitz egiteko.
Olympiaren asteko bi egunak hiru izan ziren bigarren urtean; eta, hamar urte bete zituenean, egunero entrenatzen zen –bi ordu egunean–, larunbatetan eta igandeetan izan ezik. Hamaika urte bete zituenean, larunbatetan ere entrenatzen hasi zen. Bera ez zen nekatzen. Izugarri gustatzen zitzaion Agurtzanerekin eta taldeko beste guztiekin pasatzen zuen denbora hura.
Bost urte haietan soka, uztaia eta pilota maneiatzen ikasi zuen. Batzuk hobeto beste batzuk baino. Zinta zen zailena; berak 5 metrokoa erabiltzen zuen, txikia zelako, baina ura etengabe mugimenduan eduki beharrak ikaragarri nekatzen zion eskumuturra. Izutu egiten zuen pentsatzeak egunen batean 6 metrokoa erabili beharko zuela, handiak bezala, eta eskuak burura eramaten zituen.
Uztaia oso gustuko zuen, baina ez zen neska txikiek jolaserako erabiltzen duten hula hoopak bezalakoa; bereak diametro handiagoa zeukan eta 300 gramo gehiago pisatzen zuen, askoz ere material gogorragoez egina zelako. Hasieran jolasean ibiltzen zen harekin, neskato guztiak bezala gerri inguruan biraraziz, baina berehala aurkitu zituen modu berriak hura egiteko: eskuan, hanketan, ukondoarekin, buruan jiraka... eta besoetatik eta gorputzean zehar errodaraziz ere bai.
Pilota zen, hala ere, gehien gustatzen zitzaion aparatua. Zer ondo pasatzen zuen pilota, pirritaka eta boterik egin gabe, besoetatik errodaraztea lortzen zuenean! Edo gora jaurti eta hanken artean jasotzen zuenean, edo pilotari botea eman eta aldi berean ekilibrio bat egiten zuenean... Seguru zegoen, sentipen hori zeukan barneratua, egunen batean pilota bere gorputzaren luzagarri bat izan zedin lortuko zuela. Sokarekin gertatzen zitzaionaren kontra-kontrakoa: ez zuen batere gogoko soka. Hainbeste salto eta brinko emateak akituta uzten zuen. Zintarekin txurroak egitea zen dibertigarriena: horizontalean, bertikalean... Sokak marrazki polit-politak sortzen zituen airean. Hori bai, jakin zuenean pabiloiko sabaia zortzi metro eskasetara zegoela eta sokarekin belkro efektu moduko bat egiten zuela, indar guztiarekin botatzen zuen gora, sabaian itsatsita gera zedin, eta hartara entrenamenduari txiri egiten zion, saioa bukatzen zen arte. Agurtzanek behin baino gehiagotan zigortu zuen sentadillak egitera, eta kuadrizepsak minez lehertu beharrean bukatzen zuen, erabat jota, baina hala ere...
Nolanahi ere, gimnasia egiten zuen bitartean, bazen gauza bat bene-benetan estimatzen zuena, ondo baino hobeto pasarazten ziona: ordu haietan ez zegoela besterik munduan. Horixe zen gehien-gehien atsegin zuena, aparatua maneiatzeko modu berriak ikasten saiatzea buru-belarri, eta, halako batean, erabat menderatzen zituela sentitzea eta kasik pentsatu gabe jardutea haiekin. Eta ondo pasatuz egitea gainera, hango bihurrikeria eta zigor txikiak ere dibertsioaren parte ziren eta.
Gimnasiarekin oso gustuko zuen mundu bat aurkitu zuen, eta gainera bikain moldatzen zen. Olympiak pentsatzen zuen, gurasoez aparte, bere entrenatzaileak ordura arte irakatsi zion guztiaren fruitu zela gimnasta eta pertsona moduan. Horregatik egin zitzaion hain gogorra, justu oporrak baino lehen, Agurtzanek esan zionean giroz aldatu beharra zeukala.
–Olympia, niretzat latza da hau esan beharra, baina nirekin ezingo zara gehiago hazi gimnasta gisa, ezingo duzu aurrera egin. Badakit ikastolako kluban ikaragarri dibertitzen zarela eta nirekin gauza asko ikasi dituzula –esan zion, beso batez bizkarra inguratu eta beste eskuaz kokotsa altxatzen ziola–, baina zuk kondizio apartak dituzu kirol honetarako, eta nirekin geratuz gero alferrik galduko zenituzke.
Biak bakarrik zeuden urteko azken entrenamenduaren bukaeran. Olympia lurrean eserita zegoen luzaketak eginez, eta Agurtzane hurbildu eta kokoriko jarri zen haren ondoan.
–Aditu ondo, Olympia –goxo-goxo hitz egin zion–, kirolari gisa hazi zaitezen nahi dut, eta badakit zer klubetara joan behar duzun horretarako.
Agurtzanek Gasteizko SHEE-IVEF klubaz hitz egin zion eta pabiloi berriaz, eta han zabalduko zitzaizkion aukera berriez eta Iratxez... Gauza askotaz hitz egin zion, eta hizketan ari zen bitartean, Olympiak, hamabi urte besterik ez zuen arren, ezin zuen burutik kendu bere entrenatzailea zein jator portatzen ari zen, zein bihotz-zabal eta umila izaten ari zen hitz haiek esatean. Eta bazekien zenbat sentituko zuen haren falta.
Orduan ezin zuen imajinatu irailetik aurrera errotik aldatuko zirela bere eguneroko errutinak, lagun berrietara eta ingurune arrotz batera egokitzen ikasi beharko baitzuen bere betiko klubaren segurtasun goxoa atzean utzita. Eta, era berean, ezin zuen imajinatu pauso bat aurrera eman eta klubez kanbiatzeko hartu zuen erabaki hark zenbateraino aldatuko zion etorkizuna.
–Denok hemen gaude, ezta? –esan zuen Iratxek, erdi sinpatiaz erdi kuriositatez berari begira–. Olympia, etorri, mesedez, eta aurkeztu zeure burua –gonbita egin zion.
Entrenatzaile berriak «abrakadabra» esan balu bezala izan zen: hankak, ordura arte zoruan iltzatuak zituenak, mugitzen hasi zitzaizkion hitz haiek entzutean, eta pauso arinean hurbildu zen taldeko besteengana. Hitz egitea besterik zen, ordea. Horretarako, sorginkeria landuagoa beharko zuen, inondik ere. Ez dakit, ba, honelako zerbait akaso: «sartu pertz batean saguzar hegal-hautsa ilargi betean jasoa, gehitu horri orko-hezur bat eta ondo nahastu guztia pertz batean, buruz behera jarrita pinuarena egiten duzun bitartean».
–Katuak mingaina jan al dizu? –galdetu zion Iratxek, kokotsa hatz erakusleaz altxatzen zionarekin batera, begietara begira. Olympiak barre txiki bat entzun zuen.
–Olympia izena dut eta hamabi urte ditut –esan zuen, nerbioak kontrolatzeko ahaleginak eginez, eta bere artean pentsatuz azkenean sorgin-pertzen beharrik ez zela izan.
–Hauxe da aipatu nizuen lagun berria –azaldu zien beste guztiei entrenatzaileak irribarre batekin. Eta, justu orduan, pabiloiaren izkinatik gizon argal-argal bat agertu zen; bizkarra pixka bat konkortua zuen eta oso itxura serioa.
Giltza sorta bat haztatzen zebilen, instalazio berriko atea zabalduko zuenaren bila, eta, egia esateko, beldur pixka bat ere ematen zuen, itxura batera beldurrezko film batetik –aitak ikusten uzten ez zizkion horietako batetik– irtena zela baitzirudien.
–A! Hemen zara! Arratsalde on! –esan zion Iratxek, berriz ere neskeei zuzendu...




