E-Book, Basque, Band 168, 212 Seiten
Reihe: Narrazioa
Bendicho Giró Lur mortuak
1. Auflage 2025
ISBN: 978-84-9868-920-4
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 168, 212 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-920-4
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
NÚRIA BENDICHO GIRÓ (Bartzelona, 1995). Filosofian lizentziaduna da eta grekoko eta latineko irakaslea akademia batean. William Faulknerren irakurle amorratua eta mireslea, mundu erdian zehar bidaiatu du eta Danimarkan izeiak mozten lan egin du. 2020an bere lehen eleberria, Terres mortes, Llibres Anagrama sarirako aurkeztu zuen, eta irabazi ez bazuen ere, epaimahaiak argitaratzea gomendatu zuen. La Vanguardiak 2021ean katalanez idatzitako eleberririk onena bezala kontsideratua, Núria Bendichoren debuta Llibreter, Omnium eta Finestres sarietarako finalisten artean egon zen.
Weitere Infos & Material
1. MUTIKOA
Joanenek baino hilago ziruditen amaren begiek. Semearen belaunari tinko eusten ari zitzaion ezkerreko eskuaz, eta bere hortz-haginak garbitzen ari zen besteaz, azkazalak oi beltzaxkek estali zuloetaraino eramanez. Hiru ordu zeramatzan gisa horretan. Aldian-aldian listu odoltsua hurrupan irentsi eta are eta biziago ekiten zion atzera egiteko hari. Hara eta hona ari zen ene arreba, jira eta bira, pertzeko ura freskoago batez berrituz, eta, nexka ttikiari titia eman bitartean, anaiari xatar hezeak buruan aldiro paratzeko ardura hartua zen aldi berean, ez baitzirudien sukar-eldarnio hark sekula abandonatu behar zuenik. Nik ez nekien ongi non jarri. Gelan sartu eta istant batez gelditzen nintzaion zenbaitetan begira. Kanpora irteten nintzen gero, eta tabako murtxikatzen hasten nintzen aitaren ondoan, baina itxaronaldia luzatu baizik ez zuen egiten itzalpeko isiltasun hark. Traidore baten moduan ihes egiten nuen orduan, baratze ondoko erreka bazterrera, eta lurrean lanean ikusten nituen anaiak, gizonak beti gizon, ordukoak bezalako une haietan ere.
Gogoan dut egun egiaz ederra zela eta ni beste inor ez zela hodeiei beha gelditu. Luzeak eta meheak ziren eta galdu egiten ziren halako batean, ongi ikusiak ez izateko, handik eta hemendik, zirimolaka, orain itzuri gero itzuli, agertzen ziren txori ttiki beltxen moduan. Haien luma beltzak orbantzen zituen eguzkiak ene begietan. Ozen egiten zuten karranka eta are eta oihu eta jauzi gehiago eginez segitzen nien nik, animalia baten moduan, eta halaxe zen itxaronaldia iragotzen. Itxaronaldi guztietan luzeena, denok goizago edo geroago egin beharko duguna. Eta banekien, haren itxaronaldiaren begira ginen bitartean, inoiz baino biziroago espero genuela guztiok geurea, heriotza heriotza delako eta heriotzaren beldurra ere bera delako norberari nahiz besteri egokituagatik ere, ongi baitakigu denok denoi iritsiko zaigula. Eta luzea eta mingarria gertatzen ari zen itxaronaldi hura. Anaiarengana hurbiltzen nintzen aldiro, inor iraindu nahi ez zuela hasten zen irainka, eta inoiz ez zen gizon oldarkorra izan. Baina jaramonik ez egiteko esan zidan amak, burua galdua ari baitzen orduan, deus esan nahi ez zuela ari zelako ene anaia, haren belarriak bere hitzak ere entzuteko gauza ez izaki.
Ozen egin zuen haizeak oihu lehendabizi, aurreko gauean eskopeta tiro batek guztiok iratzarri gintuelarik. Eta oroitzapenen jabe garenetik heiako biderako sarreran goratzen den muino ttikiaren beste aldera eraman gintuzten ondoren entzun ziren oihu nahasiek, etsigarriek. Han zen Joan.
Sorbaldetatik oraturik saiatu ziren aita eta Pere zutitzen, baina haren zangoek ez zuten ordukoz indarrik. Oihuka ari zen gelditu gabe. Ahotik bizitza itzuri zihoakiola ulertu nuen. Besoetatik heldu eta herrestan eramatea probatu zuten. Beren horretan zirauten oihuek. Une batez geldiarazi zuen orduan Perek Joanen gorputz irakina, eta haren atzean jarri zen, zangoetatik itxeki eta horrenbestez atoian eraman ahal izateko. Bideari ekin zion aitak berriro, etxe aldera. Ondotik zihoakien Maria, bidean atzean gelditzen ari ziren odol putzuei begirik kendu gabe. Tomàsek ez zuen laguntzen. Eta metro batzuk aurrerago nindoan ni, lasterka, amari dena kontatu nahian, baina ongi pentsatu eta alde batera uzten nituen labur asmo haiek guztiak, eta Joani lagundu nahi nion betiere, eta hark, behin eta berriro: Fill de puta, fill de puta!
Ordu laurden baten buruan iritsi ginen etxera eta ikusi bezain laster agindu zuen amak ohera eraman genezala. Eta horrenbestez bukatu zuen hemen, gela higuingarri honetan, amak heriotzarako prestatu aitzin. Hiru urtean inork ere ez zuen jakin Joan non gorde zen, eta atean agertu zen egunean aspaldi zuen amak seme hiltzat jo eta negartu zuenetik, eta gela ziztrinenean egokitzeko esan zion, zigortzeko. Horregatik-edo ez zuen amak aldi hartan gupidan hartu; hala hartua zen ordukotz. Gela guztietan ilunena zen inondik ere hura, bai eta ttikiena ere. Lastaira piltzartua zen eta orratzen gisan zulatzen zizun lastoak larruazala. Aldi hartan, gurutzea ageri zen berriro ere ohearen burualdean, aspaldi zuen, ordea, amak handik brastakoan kendua. Hotz usaina zerion gelari, oinaze, ustel usaina.
Nexka ttikia zen orduan gela hartan maina eta zinkurin ari zena, eta haren amak sentitu ere ez zuen egiten, arduratuegi baitzeukan anaia sukartsuak. Bularretik kendu nion, indarrez. Errietan egiten zidan beti Mariak eskutan hartu eta, untxi baten moduan zangoetatik esekitzen nuenean. Orduko hartan deus ez zidan esan. Eraman egin nuen handik. Inork ere ez zion guk utzitako hutsuneari erreparatu, ez haren amak, ez eneak, ez Joanek, ez aitak, kanpoan geldi betiere, ez eta zakur emeak ere, hila iduri baitzetzan eguzkipe hartan, airerik gabe utzi eta gelditzen zitzaigun azken odol ttantta lurrundu nahi zigun lur goriaren gainean. Bortitzegia zen eguna, itotzen ari nintzen. Doi-doi izerditzen nintzen ni, baina patsetan ari zen ttikia. Ezin nintzen hartaz kezkatu gabe egon. Gaixobera sortu zela zioen amak, erditze gaiztoa bekatu. Horrexegatik, pixa lurrean egin eta soineko bat egiten nion haurrari lohi hartaz, Mariak xatarrez tapatua ez zion larru iluna babesteko. Gisa hartan ez zitzaion izerdi beroa larruzko botoi-zuloetatik itzuri joanen. Heriotzatik begiratzea nuen betebeharra. Sorturiko gauzak hil egiten omen dira beti, eta haur hankagorri bat hiltzen omen da lurra mugitzen den aldi bakoitzeko. Haurrek ere ba omen dakite hori. Eta lurra zelatatzen nuen nik, eta haizeak, urak eta urratsek mugitzen dutela, eta sekula ez dela berbera izaten, ohartzen nintzen. Hamabost urte nituen eta ez nintzen haur jaio berria ordukoz, eta nexka ttikiak ez zuen aitarik, eta haren osaba nintzen ni. Heriotzatik begiratu behar nuen nik.
Baina egun hartan ez zuen eguzki izpien azpian izerdirik isuri, lehendabizikoz. Eta neure besoetara orduko alde bat utzi zituen maina guztiak. Aitak oihu egin eta Mariari mahaia presta zezala esaten entzun nuen. Ezustekoaren ondorioz, guretako inork ere ez zuen goiz hartan mokadurik jan. Tutua sentitu zuten neure anaiek ere, eta alde bat utzi zituzten lanabesak.
Lau egun zeramatzan escudellak eltzean. Eltzekoa zenbat eta egun gehiagoan pausaturik egon, orduan eta leunagoa izaten zen nekazariaren bizimodua. Baina erremedio hark ez zuen seguruenik balioko seme baten galera hurbilaren gogorrari aurre egiteko, nahiago izan baitzuen amak deus ez jan. Ez eta eltzekoaren bafadarik hartu ere. Hotza zegoen escudella. Mahaian, mesfidantza baizik ez zuten familiako guztiek koilarakada bakoitzean irensten. Begiradaz errudun egiten zuen batek bestea eta harakoak honakoa, eta deus ez zuen horrenbestez inork esaten. Nexka ttikiak baizik ez zuen noizean behin halako marraska egiten. Mesfidantzak ohartarazi zidan fill de puta hura etxeko norbait zatekeela. Abandonatu egin ninduen goseak. Edo neronek abandonatu nuen.
Orduan sartu zen ama sukaldean. Dena bukatua zela esan zuen. Negar hari mehe batek garbitu zion matrail zikina. Sekula ikusi gabea nintzen ama negarrez. Ama ez zen Maria bezalakoa. Urezkoak dira negarrak eta urean hiltzen dira, hain xuxen, emakume galduak. Uraren sakonean ikusten du emakumeak bere burua bere buruan galdua. Uraren zurrunbiloetan hondoratzen dira emakumeen tristurak, sekula izanen ez diren ametsak. Emakume galdua zen Maria. Eta zelatatu egiten nuen nik, urtegian biluzik barneratzen zenean. Bainu-oihala lur hezean utzi eta harria xaboiz busti ondoan gozatzen zuen bere gorputza, busti baino lehen. Eta banekien han betikoz gelditu nahiak beldurtu egiten zuela, eta duda egiten zuen horregatik une batzuetan, zangoa urean sartu aitzin. Oso gorputz polita zuen. Amarena baino askoz ederragoa. Bai eta aurpegia ere. Ongi nekien hori, hautsez beteriko argazki baten gainean ufaka atzeman bainuen egun batean aita, begiak penaz beterik. Tabako toxaren azpian gorde zuen gero. Eta amarena zen argazkia, Mariaren adinekoa zenekoa, baina hura baino itsusiagoa eta tristura belo beraren gibelean, ene aitaren eta nik aitonatzat nuen gizon baten ondoan ageri zela. Baina amak ez zuen negar egiten, Mariak bezala.
Urtegitik...




