Azkarraga | Euskal harriak | E-Book | www2.sack.de
E-Book

E-Book, Basque, 216 Seiten

Azkarraga Euskal harriak


1. Auflage 2008
ISBN: 978-84-9868-346-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark

E-Book, Basque, 216 Seiten

ISBN: 978-84-9868-346-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark



Krisi ekonomikoa bizi dugula esatea zuhaitzari erreparatzea bezalakoxea da, basoaren zabala bistatik galduta. Zooma zabalduz gero, zibilizazio krisia da gurea, eremu ugari baitaude arnasestuka: ekonomia, energia, klima, ekosistemak, gizartea, elikagaiak, kultura, hizkuntzak eta alderdi psikiko-espirituala bera. Gaurko garapen-ereduak ezin dio ganoraz aurre egin berak sorturiko krisi askotarikoari. Hasi gara aldi historiko berrian sartzen: zibilizazio moderno-industrialaren beheraldian. Hazkunde-osteko garaian, alegia. Zalantza da beheraldi hori nola antolatuko den, izango ote den bide ordenatua, emankorra eta oparoa, edo desordenatua, kaotikoa eta hondagarria. Euskal Herrian ez dugu ireki espazio mental gehiegirik XXI. mendeko debaterik inportanteenerako, horren baitan egongo bada ere gure etorkizuna. Auzi hori ekarri behar genuke ezbai publikoaren arteria zentralera, eta herri gisa eraiki erantzuna. Itxura guztien arabera guztion bizitza beste nonbait garatuko baita, uste baino ezberdinagoa izango den aterpean.

Azkarraga Euskal harriak jetzt bestellen!

Autoren/Hrsg.


Weitere Infos & Material


EUSKAL HARRIAK


Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

Lehen argitaraldia ALBERDANIA-narrazioan: 2011ko azaroan

© 2011, Joseba Azkarraga Etxagibel

© Argitaraldi honena: 2011, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Faxa: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Azala: Antton Olariaga, Unai Pascualen argazki batean oinarrituta

Barruko ilustrazioak: Maite Bastida Urkiza

Libenet, S.L.-ek digitalizatua

www.libenet.net

Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-324-0

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-346-2

EUSKAL HARRIAK

JOSEBA AZKARRAGA

Trantsizio sozio-ekologikorako gogoetak

A L B E R D A N I A

Z E R B E R R I

Egun batean

eztu inork

ezer erosiko;

egun batean

ezta merkatuetan

sagarrik

salduko.

Egunen batean

guztiok

izanen gara

zoriontsuak.

Gabriel Aresti

Ezin zaio kapitalismoari aurre egin kapitalismoaren beraren hizkuntza eta ekipaje mentalarekin.

Julio Cortazar

Benetako aurrerapen soziala ez da beharrak gehitzea, baizik eta horiek borondatez murriztea.

Mahatma Gandhi

HISTORIAREN PENDULUA


1


Hobera al goaz? Harrizko herri hau, Arestik zioen moduan; mundua, oro har: hobera ote doa?

Horixe galdetzen diet gazteagoei ahal dudan bakoitzean, ñabardura gehiegirik egin gabe. Plausta jaurti ohi diet galdera ezin potoloagoa, ezin zabalagoa, ezin larriagoa, aurpegian muskulurik mugitu gabe, apaiz fedegabea Jaungoikoari nola zuzentzen zaion halakoxe axola-itxura berberak eginez.

Galderak, behin edo behin, balio du gazteek garuna zuku dezaten. Baita ingurutik ziztu bizian alde egin dezaten ere, galderari txaplata hutsa iritzita (egon badago lagunak egiteko bide zuzenagorik). Balio du, zenbaitetan, errealitatearen konplexutasunaz ohartzeko, halako haize postmoderno bati leihoak irekiz bezala: errealitate horren ia edozein puskak izan dezake ondo goazela esateko heldulekurik, eta kontrakorako, nondik begiratzen zaion.

Baina, oroz gainetik, balio du ondokoaz ohartzeko: azken bizpahiru hamarkadatan galderaren erantzuna zenbat konplikatu den ikusteak ematen digu pista inportantea gogoetatzeko zein milurteko hasiera bizi dugun. Izan ere, euskal gazte horien gurasoek –nazkatuta frankismoaren hatzarekin, Elizaren “den-dena bekatua da” akigarriarekin, familia harreman patriarkal eta autoritarioekin, eta liluratuta ekonomiaren hazkundearekin– gaztetan ez zuketen erantzuna bi aldiz pentsatuko: “Jakina hobera goazena!”. Baikorrak izateko arrazoiak kontaezinak ziren. Euskal guraso horiek “moderno” deituriko espeziekoak (izan) dira, beti hobera doan lurraldeko bizilagunak. Moderno gizakiek, oro har, iragan-minik gabe begiratu diote mundu tradizionalari. Nahikoa lan zuten etorkizuna konkistatzen.

Galdetzen al zaio oiloari mokogabea izan nahiko ote lukeen? Galdetzen al zaio itsasoari olatuak bidaltzeari utziko ote liokeen? Galdetzen al diogu txipiroiari tinta zergatik ateratzen duen beltza? Bada, ez egin modernoari mundua hobera al doa? gisako galdera txatxurik.

Aspalditxotik, ordea, historiak “norabaitera garama-tzanaren” usteak hondoa jo du. Zeresanik ez historiak hoberako norabidean garamatzanaren usteak. Alegia, hondoa jota dago Progresoaren paradigma ustez garailea; aspalditik egon ere, baina sentipena orain dago inoizko hedatuen herritarren buru-bihotzetan. Eta galdu dena ez da nolanahikoa: fedea etorkizunean, denbora gure alde dagoenaren ustea, ongizatean aurrera egingo dugunaren sinesmena, gizakia eraldagarria eta hobegarria delako intuizio muinekoa.

Modernoaren baikortasunari hipermodernoaren ziurgabetasunak hartu dio lekua, ukondokadaka egin ere. Arriskuari loturiko sentipenek okupatzen digute bizitza gero eta gehiago. Mundu bete, txikiago eta kutsatu honetan, arriskutsu bihurtu zaigu arnasa hartzea bera ere, gizakion ekintzarik lehena eta naturalena. Geroa ez da esperantzari loturiko garaia, beldurrari baizik.

2


Beraz, txarrera ote goaz?

Norbanakoaren ikuspegitik, gaurko arrisku objektiboak nola beldur subjektiboak seguruenera ez dira aurreko garaietakoak baino ugariagoak, potoloagoak, larriagoak. Norbanakoaren ikuspegitik, diot.

Gabeziak, gosea, gerrak eta gaixotasunak ziren norbanako aurremodernoaren beldur iturrietako batzuk. Giza kondizioa zinez hauskorra zen komunitate tradizional aurre-industrialetan. Ume andanak ez zituen lehenbiziko urteak igaroko, eta bizirauten zutenek lana gogor egin behar, planetako hamaika txokotan gaur gertatzen den antzera. Emakume mordoa hiltzen zen erditzean. Eta infekzio ziztrin batek ahalmena zuen bizia itzaltzeko; gero etorriko ziren antibiotikoak, Moderniaren aurrerapen mediko eta zientifikoekin. Ez zen gutxiagorako betiereko infernuak sortzen zuen beldurra eta herstura, bekatuaren erregimen politiko-kulturalean.

Populazioaren hiru laurdenak lehen sektorean lan egiten zuen (gaur %2-10ak; munduan ere utzi dio gehiengo izateari: %45ak). Muskuluen indarrak mugitzen zuen gizarte eta ekonomia hura, izan animalienak izan gizakienak, neurri txikiagoan haizeak edo ur korronteek. Apenas zegoen makinarik eta, noski, gizakia ez zen gai gaurko transformazio kimikoak sortzeko. Gutako askok ume aroan izan dugu landa-mundu haren nolabaiteko oihartzuna, halako hondar esanguratsua guraso baserritarren bidez, eta ondotxo dakigu arrasto horri segituz zein gizarte ekuazio begietaratzen den: erosotasun gutxi, kontsumo-ondasun apurrak, bizimodu lokalista, esfortzu fisiko handia eta esku gogorrunez beteak, apenas baitzegoen energia exosomatikoek mugituriko tramankulurik.

1900. urtean jaiotako emakumeen bizi itxaropena 48 urtekoa zen, gutxi gora behera; gizonezkoena apur bat beherago zegoen. Gaur, euskal herritarron bizi itxaropena 81 urteren bueltan dago (84 andrazkoen kasuan, 77 gizonezkoenean). Ehun urtean %60ko gorakada. Iberiar Penintsula osoan, Nafarroako iparraldea ei da luzaroen bizitzeko lekuetako bat.

Ondo da, arnasa gehiagotan hartzeak ez du esan nahi sakonago hartzen denik, kopurua ez da nahitaez nolakotasunaren lagun. Baina bakoitzari berea, aitor diezaiogun hori (euskal) modernitate industrialari.

Aro industrialak beharbada ez dauka parekorik gizadiaren historian. Modernizazio prozesu gisa ezagun denak egundoko aldaketak ekarri zituen. Duela soilik berrehun urte hasi zen, eta zinez zaila da aldaketa erradikalagorik irudikatzea. Great Transformation deitu zion Polanyik. Milaka urtetan nagusi izandako nekazal gizartea hankaz gora jarri eta bizitzako eremu guztietan gertatuko dira aldaketak, mamiari dagozkionak azalari bainoago.

Milioika gizakirentzat hobetu zen elikadura, igo zen ongizate materiala, luzatu zen bizi itxaropena, txikiagotu zen gaixotasunen aurreko hauskortasuna, ugaritu ziren bizi aukerak, hedatu zen hezkuntza, biderkatu ziren bidaiatzeko ahalbideak. Aurreko belaunaldiek sekula amestuko ez zuten neurrian. Berrehun urtetan (1800-2000) giza populazioak halako zazpi egin zuen gora munduan, sekula gertatu gabekoa.

Azken berrehun urte horiek giza historiaren %0,05a inguru baino ez dira, baina den-dena hazi da inoiz ez bezala denbora hain gutxian: populazioa, energiaren kontsumoa, komertzioa, garraioa, ekoizpena, CO2 isurketak. Gaur, gizakiok planetaren animalia-biomasaren %0,5a baino ez gara, baina planetak ekoizten duenaren %40 inguru kontsumitzen dugu (ekoizpen primario garbia). Hain gaude fotosintesiaren jabe eginda, apenas geratzen den leku eta elikagai nahikorik gainontzeko animalientzat.

Seguruenera, gaurko euskal herritar batez bestekoak Egiptoko faraoiek baino kondizio material hobeak bizi ditu. Erdi Aroko jauntxoak ere ez ziren gaurko herritarra baino hobeto bizi, irizpide hartuz gero bizi-itxaropena, hezkuntza, eta osasuna. Esandakoa: gizarte aurremodernoa urruti zebilen giza garapenerako habitat nutritiboa, ingurune lagunkoia, edo bizileku ideala izatetik. Sufrimenduaren ertzak zorrotzak ziren Aurremodernian, herri xumearentzat nagusiki. Gaurko negar nostalgikoak soseguz erreparatu behar lioke horri, murgildu aurretik iraganaren likido amniotiko goxoan.

3


Litekeena da zibilizazio modernoak eman izana gizakiari inoizko segurtasun objektiborik handiena. Baina, inoiz baino gehiago daukagunez, inoiz baino gehiago gal dezakegu; hein batean, horregatik gaude galtzeko gutxi eta den-dena irabazteko daukana baino beldurtuago.

Bada gehiago: aspalditxotik bestelakoak dira beldur eta arriskuen iturburuak. Ez datoz mehatxu naturaletatik, ez datoz uzta txarretatik, ez datoz haserrealdi jainkotiarretatik. Guk geuk sorturiko garapen sozial, ekonomiko eta zientifiko--teknologikotik datoz: giza lokarrien likidotzea; lan prekarioa; elikadura transgenikoa; teknologia nuklearraren ugaritzea; ni idealera ez heltzea; ur eskasia; lurren erosioa; identitate kulturalen desagertze masiboa; XX. mendean zehar asmaturiko milaka sustantzia kimikoen igurtzi isila; pandemia globalak; klimaren aldatzea; nano-bio-info-kogno teknologiaren zenbait garapen-ildo potentzial; gerra bakteriologikoa; suntsipen masiborako egundoko ahalmena; finantza sistemaren fluktuazio hondagarriak.

Geuk sorturikoak dira guztiak. Eta jada ez gara fio beldurrak baretzeko...



Ihre Fragen, Wünsche oder Anmerkungen
Vorname*
Nachname*
Ihre E-Mail-Adresse*
Kundennr.
Ihre Nachricht*
Lediglich mit * gekennzeichnete Felder sind Pflichtfelder.
Wenn Sie die im Kontaktformular eingegebenen Daten durch Klick auf den nachfolgenden Button übersenden, erklären Sie sich damit einverstanden, dass wir Ihr Angaben für die Beantwortung Ihrer Anfrage verwenden. Selbstverständlich werden Ihre Daten vertraulich behandelt und nicht an Dritte weitergegeben. Sie können der Verwendung Ihrer Daten jederzeit widersprechen. Das Datenhandling bei Sack Fachmedien erklären wir Ihnen in unserer Datenschutzerklärung.