E-Book, Basque, Band 166, 118 Seiten
Reihe: Narrazioa
Arrieta Diesel
1. Auflage 2025
ISBN: 978-84-9868-912-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 166, 118 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-912-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
2004an lehen liburua argitaratu zuenetik, erritmo mantsoan baina etengabe idazten segitu du Arrietak, ipuina izanik bere genero kuttun eta oparoena. 'Burua galdu zuen jirafa', 'Besarkada bat, beharbada' edota 'Elurraren formula' izenburudun liburuak argitaratu ditu haur eta gazte literaturan, eta 'Txikira beti hordago!', 'Alter ero', 'Gezurra berdaderoa' edota Sandra Garayoa ilustratzailearekin batera ondutako 'Hodeien gaineko aldean' nobela grafikoa, helduenean. Eskuetan duzun hau da bere hirugarren ipuin liburua.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
ERRUDUN
Orri zuriaren aurrean jarri eta negargura etortzen zitzaidan garaian gertatu zen. Ez nenbilen fin, auskalo zergatik. Asperdura mugagabea eragiten zidan guztiak, ezerk ez ninduen erakartzen. Ez autore kontsakratuaren liburu berriak, ezta euskal literatura irauliko omen zuen idazle hasiberriaren lehen nobela sailkaezinak ere. Ni neroni hitzak elkarren atzean kateatzen hasten banintzen, kaskarra iruditzen zitzaidan segituan, tentela, edo korapilatuegia bestela, handinahiegia. Kasualitate makur bat tarteko, irensgarria zen zerbait idazten banuen, kopia bat zen noski, modako azken letrajarleari egiten nion plagio merke bat.
Eta asperdura izan zen lehendabizi, baina apatia etorri zen gero. Eta apatiatik depresiora, eskailera-maila bakarra dago. Horregatik behartu nuen nire burua kalera irtetera, etxean sartuta egoteak zuloan gehiago hondoratzea soilik ekartzen zidalakoan. Eguneroko artikulu txoroa hala moduz osatu, eta paseatzera atera nintzen, besazpian liburu bat eta motxilan koaderno bat hartuta; ohitura hutsagatik, egun haietan ez baineukan ez bata ez bestea erabiltzeko aski kemenik.
Alde Zaharrerantz bideratu nituen urratsak, gehiegi pentsatu gabe. Zer izango zen, asteazken buruzuri bat? Asteartea? Banatzaileen ibilgailuak oinezkoen kaleak okupatzen ari ziren. Furgonetez eta kamioi txikiz lepo ageri zen Konstituzio plaza. Bi gurpileko gurditxoetan garraiatzen zituzten tabernetara Coca Cola, Keler eta San Miguel kutxak, bata bestearen gainean pilatuta.
Kasualitatea izan zen: ni paretik pasatzen ari nintzenean atera zen bera ezkaratzetik. Hasieran ez nuen ezagutu.
—Jokin! —deiadar egin zidan.
—Ostia, Goiko. Hemen bizi al haiz?—esan nion, eraikinari begira jarrita.
Zahartuta zegoen, nola ez, hamar bat urte bai azkenekoz elkar ikusi genuenetik, eta hori Donostia ez dela hain handia… Hiri berean bizita ere, bizitza osoa igaro dezakezu norbaitekin elkartu gabe, edo aurrez aurre topo egin, nik al dakit, egunean bitan.
Bi haur, jada nerabe, zituela kontatu zidan. Banekien. Banekien? Kontserbatorioan klaseak ematen zituela, banda bat zeukala, Altxerrin jotzen zutela tarteka, joateko egunen batean ikustera.
—Ba al dakik Ikerrena? —bota zidan bat-batean.
—Ze Iker?
—Iker, ostia! Ugarte!
Orduan kontatu zidan minbiziarena. Bronkio batean, antza. Baina hartu zituen kimio saioak tarteko, ondo omen zegoen, garaiz topatu zioten zorionez.
Iker Ugarte, joder. Inoiz piper egiten ez zuen mutil zintzo bezain lotsatia, zenbat aldiz utzi ote zizkidan apunteak? Ez dakit zergatik arraio egin zituen kazetaritza-ikasketak: nabari zen ez zuela gustuko. Ez nintzen batere harritu informatikako denda bat jarri zuela jakitean, nahiz eta mostradore atzean bezeroak artatzen ibiltzeak ere ez zion grazia handiegirik egingo. Ongi moldatuko ote zen ordenagailuak, inprimagailuak eta tonerrak saltzen, jendetasun hain eskasa erakutsi zigun gure adiskidea? Ezezagunekin jarduten ikasi ote zuen urteen joanarekin? Realzale amorratua, Bilboko bakarrenetakoa izango zen!, huraxe zen ordea bere errebeldia bakarra, tira, eta karpeta barrualdean —ezkutuan bezala— itsatsita zeraman pegatina hura: CCCP letra handiak, eta igitaia eta mailua izar gorriaren barruan. Bazkaltzeko xerra patatekin jaten zuen beti morroiak, eta afaltzeko arrautza frijitu parea edo tortilla, egun bat bai eta hurrengoa ere bai. Horixe zen bere menua. Finkoa eta aldaezina. Ez nuen inoiz sagar miserable bat jaten ikusi. Ez frutarik, ez barazkirik sekula. Eta orain minbiziarekin… Kolonekoa ez izatea zen harritzen ninduen bakarra.
Karrera guztian ez nion ezagutu neska-lagunik, izatez ez zuen hitz erdirik egiten inorekin, nirekin eta Goikorekin izan ezik, eta lehendabiziko egunean elkarren ondoan tokatu ginelako seguruena. Izerdi ederrak egin nituen, hari silaba bakar bat erauzteko. Neskengana, noski, ez zen gerturatu ere egiten, alergikoa zirudien!, eta gero, zer eta, behin Bilbora joan eta harekin topo egin nuen batean, han non aurkeztu zizkidan bere emazte pinpirina eta hiru alabak… Bezperan telebistako lehiaketa batean tokatu zitzaizkiola ematen zuen.
—Deituiok —esan zidan Goikok—. Gustura entzungo dik hire berri.
Ez nion aitortu ez nengoela inori kontuak esateko moduan.
Besarkada bat eman genion elkarri, eta kale kantoian desagertzen ikusi nuen, klarinetearen plastiko gogorreko zorro beltza bizkarrean zeramala.
Paseo Berrirantz hartu nuen, San Telmo plaza alderik alde gurutzatuta. Fuerte jotzen zuen haizeak itsaso aldetik. Ikerren kontaktua bilatu nuen mugikorrean. Hantxe segitzen zuen Realaren armarriak, bere profileko argazki gisa. Zerbait idaztekotan egon nintzen, esaldi pare bat entseatu nituen alferrik. Halako kontu delikatuetarako, zuzenean deitzea onena, pentsatu nuen. Zer arraio esan behar nion, baina, nengoen moduan egonik? Adorea eman ordez ez ote nion kenduko? Egun batzuk itxoitea erabaki nuen, nire burua sendoxeago topatzeko esperantza leloarekin.
Hil egiten zela amestu nuen handik gutxira, a zer gorputz txarra utzi zidan amesgaiztoak. Eguerdi hartan bertan deitu nion, bitan pentsatu gabe. Ez ahal zen beranduegi izango…
Bozkarioz egin zidan agurra, telefonoz bestaldetik:
—Jokin! Aspaldikoa! Zer moduz?!
Sasoiko bakarrik ez, umore oneko ere sumatu nuen: heriotzari batailatxo bat irabazi dionaren euforia lotsagabe hura zerion. Bazuen motiborik: sei hilabetean egin behar omen zuen hurrengo mediku-azterketa, eta ondo bidean, urtean behin bakarrik harrezkero.
Ez zidan mesederik egin elkarrizketa hark. Inbidia eman zidan bere biziminak, eta hura kutsatu ordez, zuloan are gehiago hondoratzea besterik ez nuen lortu. Barrua jaten zidan, miserable sentiarazten ninduen, minbizitik onik atera zen adiskidearen poza nire egin ezinak.
Baja eman zidan medikuak, diazepamarekin batera, eta ez dakit ez ote zen okerrago izan.
Sofan botata xahutzen nituen egunak, katu etxekotu baten antzera. Jateko ere ez nintzen jaikitzen, muzin egiten nien emazteak prestatutako otorduei. Eta gauez, insomnioak jota etxeko pasilloetatik alderrai nenbilenean, gosea sartzen zitzaidan igual goizeko hiruretan, eta atun lata bat irensten nuen, taxuzko ezer prestatzeko ezgauza. Huraxe zen nire eguneroko pentsua.
Emaztea ez zebilen konforme. Ez dakit zerk amorratzen zuen gehiago: alferrik kozinatzen ibiltzeak ala ni sofatik altxatu ezinik ikusteak. Bilbora joateko proposamena luzatu zidan egun batean, Guggenheim museoak Kandinskyri eskaintzen zion atzera begirakoa aitzakia gisa hartuta. Ez berarekin, noski. Astelehenetik ostiralera lana egin beharra zeukan jakina, eta asteburuetan… Planak zeuzkan asteburuetan. “Zergatik ez zoaz Bilbora? On egingo dizu…”. Ipurdia mugitzea nahiko zuen, bere bistatik tarte batean behintzat desagertzea.
Semea Gasteiza joana zitzaigunetik —nori bururatzen zaio itzulpengintza ikastea, itzultzaile neuronalen garaian—, habia hutsaren sindromearen antzeko zerbait bizitzen ari ginen. Bakarrik tokatu ginen egun batetik bestera gure apartamentu berez zena baino —bat-batean— itxuraz handiagoan (eta hainbeste urte eta gero): ez elkarrizketa gairik, ez elkarrekin egoteko gogorik, ez ezer. Ederki moldatzen zen bera nire aldean, honekin eta harekin hitzorduak egiten baitzituen, atseden hartzeko tarterik gabe. Ni nintzen lagunekin geratzeko ere kuraia nahikoa biltzen ez zuena.
Pilulek lehendik ere urria neukan sexu-grina murriztu zidaten. Ordurako bizpahiru maitale gerturatuak behar zituen emazteak, zer erremedio. Beharbada horixe izan zen ni Bilbora bidali nahi izateko ezkutuko arrazoia. Onartu egin nuen edozein kasutan, eta autobus-txartela erosi, gogoz kontra izan bazen ere. Ongi etorriko zitzaidan, agian. Behar nuen zerbait, pizgarriren bat, nahiz eta erakusketa hura ez zitzaidan iruditzen aukerarik egokiena. Inoiz ez naiz izan oso Kandinsky zalea.
Geltokitik atera eta bi pauso eman orduko gogoratu nintzen Ikerrekin. Ez al zen San Mames inguru horretan bizi? Zalantza egin nuen kasu egin ala ez, azkenekoz berarekin hitz egin nuen aldian nahiko lur jota geratu bainintzen, bere euforia moduko hura tarteko… Eta bizipozez gainezka ez bazegoen, seinale txarra…
Mezu bat idatzi...




