E-Book, Basque, Band 160, 270 Seiten
Reihe: Narrazioa
Aleixandre Emakume gaiztoak
1. Auflage 2023
ISBN: 978-84-9868-813-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 160, 270 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-813-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Siscak hamabost urte ditu, eta Coruñako Galera espetxean preso dago, emakume ororen antzera bera ere ez baita bere gorputzaren jabe. xix. mendearen amaieratik datorkigu eleberri honen orrialdeetan haren ahots sarkorra, hunkigarria.
Siscaren ahotsari, beste emakume batzuenak ere gehituko zaizkio Marilar Aleixandreren nobelan. Emakume horiek pertsonen duintasunaren aldeko lanetan aitzindariak izan ziren: Concepción Arenal, presondegietan bisitari moduan lan egiten zuena, eta Juana de Vega, eta guztiz argigarriak gertatzen zaizkigu «emakume gaiztoen koro mutua» gertutik ezagutuz gure historia ulertzeko.
Ahanzturaren aurkako eleberria ere bada Emakume gaiztoak. Sisca preso dagoen espetxean eta beste hainbatetan zokoratuek, gizarteak bere baitatik baztertu zituen emakumeek ahanzturaren zigor erantsia jasan ez dezaten. Era berean, liburuek eta irakurtzeak berak pertsonen bizitza hobetzeko duten ahalmenari ere gorazarre egiten dio nobelak.
Bidai hunkigarri eta gogor batera gonbidatzen gaitu egileak, bere literaturan ohi duen tonu poetikoaz ederki jositako trama batean.
MARILAR ALEIXANDRE (Madrid, 1947). Feminista da, narraziogilea, poeta, itzultzailea eta Real Academia Galegako kidea 2017az gero. Santiagoko Unibertsitatean, pentsamendu kritiko eta arrazoiketaren alorrean aritu zen irakasle. Galiziako literatur sari nagusiak jaso ditu.
Haur eta gazte literatura ere jorratu du: Alí Babá, Morxiana e os corenta usureiros (2017) eta A filla do minotauro (2018, Premio Raíña Lupa). Poesiari dagokionez, Mudanzas e outros velenos (2017) liburuan bildu zituen bere olerkien zati bat. Saiakeraren atalean, O pensamento feminista de Emilia Pardo Bazán (2021) plazaratu du, eta helduentzako narraziogintzan, aldiz, honako hauek argitaratu ditu, besteak beste: A Compañía Clandestina de Contrapublicidade (1998, Premio Álvaro Cunqueiro) eta As malas mulleres (2021, Premio Blanco Amor). Liburu honek 2022ko Narrazio Sari Nazionala jaso du.
Weitere Infos & Material
4. Neskatila negarrez Gauez, batzuetan, bisitatzailea nahigabeturik esnatzen da, neskatila baten negarraren eraginez. Eta, gero, ezin begirik bildu. Badaki nor den, Candonguita esaten zion, Candonga, izena San Salvador de Leiron entzuna zuen, pertsona maitekorrei esateko; baina lehen alaba izan baitzen, bere izenarekin bataiatu zuten: Concepción. Etengabe ari da negarrez, hipaka ari ere, eta haren zinkurinek belarriak eta arima oinazetzen dituzte. Haren negarretan antzeman daiteke bi urteko neskatila sufritzen ari dela, baina jakin ez zergatik, jakin ez sufrikario horri akabera nola eman. Baina berak, aukeran, neskatila lehen hitzak zizakatzen oroitu nahi luke, ama, aita lehen aldiz esaten, edota bidaian zebilen Fernandori deitzen, aitaminez. Fernandori deika entzutea kontsolagarria zitzaion; senarraren existentzia egiaztatzen zuen orduan, ez zela bere irudimenaren fruitua, existitzen zela harremana berdinetik berdinera eraikitzeko gai zen gizon hura, bera desio zuena, nahiz eta bera, bestalde, oso jende gutxiren gogokoa izan. Eta gizon hark iledi gorrizta laztantzen zion, aitak egin ohi zuen bezala. Manuelek eragindako desengainuaren ondotik bazirudien bera amodioz gabetua geratuko zela. Ez amodiorik ez estimurik, aita hildakoan, bere memoriarekiko ama desleiala. Zenbait gutunetan, Manuel haserre agertzen zen bere goxotasunaren aldean Conchak erakusten zuen jokamolde ezaxolarekin, baina non egongo ote dira gutun haiek? Non ote osaba-iloben arteko ternezia legeztatzen zuen josteta hura? Sasoi hartan eszena hau irudikatzea gustatzen zitzaion: bera Manuelen etxera joan da, izan liburu batzuk itzultzera, izan beste batzuekin ordezkatzera, egiatan egin izan zuen bezalaxe. Tximiniaren parean eseriak, kanpoan elur malutak dantzan dabiltzan bitartean, berak Tales laztantzen du; Manuelek berak oparitu zion txakurra, mendi ibileretan zaintzaile izan zezan. Baina txakurra, izan, hitzik gabeko mezu bat zen: nik zainduko zintuzket hemen egotera, Zamoran ez banengo buruzagi politikoaren postuan, edo Logroñon ez banintz gobernadore zibila, urrun, Liébana haranetik urrunegi. Hala bada, Tales laztantzea Manuel laztantzea bezalako zerbait zen. Su lamak iledi gorrian islatzen zitzaizkion, erretzen hasi balira bezala. Arnasketa bateratsua zeukaten. Isilean daudela, halako batean gizonak, kasik ahopeka, esan dio: askatu ilea, Concha, mingarria da beti hain estuki ikustea. Berari, orduan, kateorratza astiro kentzearekin batera, sorbaldak xerlo gorriz betetzen zitzaizkion eta, bidenabar, aretoa argiztatzen zuen. Manuel besaulkitik altxatu da, zorura jausi zaio irakurtzen ari zen liburua. Eskua luzatu dio. Horra bera ere altxarazteko imintzioa. Gizona iledia haztatzen hasi zaio, ezin leunago, eta aurpegia esku artean biltzen. Horren ondotik… Jarraipena esna ametsetan ere imajinatu nahi ez. Haiek laztanak, haiek; haiek besarkadak, haiek. Momentu hura iritsiko zitzaiolakoan zegoen. Pentsamenduan biak ala biak ere hain berdinak izaki, ezin bera bezalako beste emakumerik aurkitu. Ama hil ondorenean, arratsalde batez, ustekabean, Tonina joan zitzaion, ahizpa txikia, benetako ahizpen arteko txikiena –besteari ez zion ahizpa ez ahizpa erdi irizten–, gelan agertu zitzaion, musugorri: Bai berri onak! Ezkondu egingo naiz… Harridurak hartu zuen, baina erreakzionatzeko aukerarik ere eman gabe, hautagaiaz galdegin ere egin gabe, ez baitzuen inongo gizonekin harremanik izan, Toninak segitu egin zuen: Manuelekin. –Manuel de la Cuesta? –Nor ba? –Tonina… –Zorionduko nauzu, ezta? Alderik aldeko irribarre arduragabea Toninarena. Bere baitan egin zuen ahizpak Manuelekin nekez izango zuela hizpiderik, neskak ez baitzuen pentsamendurako joerarik. Ez zuen adierazi. Labana ahoarena bezalako oinazea. Buruko minak. Harrokeria, eztarrian korapilo. Manuelen argibideak zenbait asteren buruan etorri ziren, beste esaldi hutsal baten erdian, Toninarekin dena berez-berez aterako da, hain da otzana. Otzana, horra erabateko argitasuna. Eta hitz ahoskatuen azpian hitz ahoskatu gabeak, otzana, eta, kontrara, hezigaitza; lasaia, eta, kontrara, urduria. Izan ere bai baitira emakume arduragabeak, eztabaida intelektual eta politikoekiko ezaxola, bizimolde patxadatsua aurreikusten uzten dutenak, prest daudenak etxeko ardurak beren gain hartzeko, edo lehen ezkontzako alaba hazteko… Beste batzuk, ostera, beti penetan ibiltzen dira, seguruenik etxean geratu beharra ez dute otzantasunez hartuko, ez dute etxezulo izan nahiko, eta bizimodu gorabeheratsua iragartzen dute. Fernandorekin elkartzea miraria izan zen. Agian, orduan, ez zegoen halakorik herrialde osoan; gizonak hain desberdinak ziren. Berak zer esan, hark entzun egiten zuen. Aurrena elkarrizketak etorri ziren, buruen arteko harremana; bazirudien Fernandok eskua hurreratu, eta pentsamendua haztatzen ziola. Fisikoki haztatu aurretik. Hurrena ukitzeko garaia etorri zen. Eta neskatila bat, amodio gauetatik ernea. Retiron barrena ibilian oroitu nahi luke bere burua, neskatilarekin, udazkenean, neba jaio baino hilabete bat lehenago, kapeluarekin eta neguko kapatxoarekin apain baino apainago. Neskatilak platanondo baten hostoa jaso zuen lurretik, Conchitak kolore hori-gorriztak miretsi zituen; gero beste hainbat zuhaitzetako hosto lehorrak biltzeari ekin zion: astigarrarenak, indigaztainondoarenak, akaziarenak, haritzarenak…; horra haren altxorra. «Betebat, betebat», zezelka. Prado ibilbidean jarraitu zuten gero, han itzuli bat egin zuen bi ahuntzek tiratutako orgatxoan, balizko haur tren hartan. Haren barreak! Sehaskako umea miresten ere oroitu nahi luke, eta harrotasunez nola berresten zuen: «Nirea da». Eta oroitu nahi luke, halaber, gaixotu baino aste gutxi batzuk lehenago, Fernandoren lehengusinaren katuarekin jostatzen; animaliak inori ukitzen utzi ez arren, neskatilak xarmatua zeukan. Jakin, badaki arerio hilgarriaren izena: hidrozefalia akutua; ahantzi nahi luke, memoriatik erauzi, baina ezinezkoa zaio. Baina hiltzea aski ez, eta hil aurreko oroitzapenak ere desagerrarazi zituen. Neskatilaren imajina lausotua baino ez da geratu, begi hondoratuekin eta buruko zain hanpatuekin. Eta aieneak, eta espasmoak. Munduan diren eta ez diren malko guztiak neskatilaren buru barrenean, zainak estutzen, garun hauskorra zanpatzen. Garabidean zegoen buru huraxe hezi nahi zuen, pentsamendua ahal osoan, berak izan ez zituen aukerak harengana bideratzeko. Cangonguita, Conchita, Candonga, eztia ezpainetaratzen zuten izenak. Zenbait urte lehenago aitari buruzko eresia idatzi zuenean, bazekien, jakin, zer den aitaren galera, baina tristezia hau handiagoa zen, geldiezina nahigabea. Nire irudi tristea izango duzu ikusgaitza; Jainkoak bai ikusi oinazea, arima zaurituaren ardatza. Ez da ohikoa seme-alabak ama baino lehen hiltzea. Bidegabea da hogeita zortzi hilabeteko neskatxa bat hiltzea. Nolatan onartzen du Jainkoak halako etendurarik? Ekainean gertatu zen –gainezka Rosaledako arrosak, loretan intsusak San Salvador de Leiroko bidexketan–, aita dohakabea artean bizi zela. Neskatxa batek ez luke hil beharko loreen edertasuna ukatzeko. Luisa, bisitatzailearen ahizpa, azaroan hila zen, aitaren heriotzatik gutxira, hain zuzen ere elurra Armañora eta Liébanara iritsi berritan. Zer egin, orduan, hain kontu handiz jositako atorra txikiekin, nork eta berak, lumaren ordez jostorratza nekez hartzen duenak. Txokolatea edateko, lepoan lotzen zizkion adur-zapietan, Conchita izena brodatua zuen gurutze puntuan. Kosta egiten zaio zapi haiek inori ematea; zetazko paperean bildurik geratu ziren, Pilar Matamorosen etxeko kutxen hondoenean; han dauden bitartean, itzulera ezinezko baten esperantza dira. Neskatila arreoko lihozko izara batean meztitua, hilkutxa zuri ñimiñoan, harribitxi bat estutxean nola. Apenas zeukan pisurik. Insomnioaren eraginez, bururatu ere egin zaio alabaren heriotza ez ote den bere bekatuen gaineko zigorra. Desohorea baita ezkondu aurretik haurdun geratzea. Edonola ere, okerragoa da, amaren antzera, izorra gelditzea eta gerora ez ezkontzea. Alabaina, plazera ezustean heldu zen, larruz larru, eta Fernandoren eskuak bere bularrak esnatzen, eta laztanetatik datorren estasia; hogei urterekin Manueli bidalitako gutun hartan zioenaren kontrakarrean: Plazerari itzuri, eta oinazea maite duen gizaki bakarra ote naiz? Eta plazeraren bila jo zuen, labur baino laburragoa izan arren. Geroago ordaina etorriko bazen ere. Eta San Ildefonsoko parrokoak ezkondu nahi ez trajeak sexua kasik berdintzen zien bi pertsona haiek. –Deuteronomioak dioenez, emakumea ezin da gizon jantzian ibili, ezta gizona emakume jantzian ere –jaurti zien, tinko begira–, izugarrikeria da. Eskerrak orduan ez zekien alaba espero zuela, falta batekoa baino ez baitzen; makina bat gaitzespen entzun beharko zuen bestela. Salustiano de Olózaga adiskidearen koinatari eskatu behar izan zion soinekoa; beltza, aspalditxoan ez zuen besterik soineratzen. Immorala da neskatiko baten jaiotza data kosta ahala kosta ezkutatzen saiatzea, inork konturik atera ez dezan. Heriotza data badu, baina, 1851ko ekainaren zazpia. Edonola ere, San Sebastianeko parrokoa ez zen kexatu amaren janzkera zela eta. Hileta bat ez baita eztei ospakizuna; arropak, beltza delarik beltz, muntarik ez. San Sebastian parrokiako hilerrian, elizaren abaroan, ama eta alaba dautza. Aldi bakanetan joan zen amaren hilobia bisitatzera, haren heriotzak ez zituen guztiz adiskidetu, bada herentzia arantzadunik. Hala bada, kanposantu txikira hurreratzekotan, neskatilaren hilobira jotzen zuen. Fernandori ez zion halakorik esaten, kuku-gordeka zebilen, ezegitekoetan bezala, bekatu bat gehiago soinean. Hura ez nahigabetzeko, haren oroitzapenak ez berritzeko. Tisiaren sintomak gero eta agerianago zeuden....