E-Book, Basque, Band 163, 246 Seiten
Reihe: Narrazioa
Aizpurua Gaueko azken expressoa
1. Auflage 2023
ISBN: 978-84-9868-841-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 163, 246 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-841-2
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Antonio izeneko haur garaiko lagun minaren gaixotasun sendaezinak jarri du berriz martxan narratzailearen gogoa eta sorterrira itzultzeko asmo sendoa. Bere ahotik, nahiz bizikide izan dituen seme, maitale, alaba eta emaztearen ahotik ezagutuko ditu irakurleak protagonistaren ibilerak, Portugalgo sorterritik Euskal Herriko Bidasoaldera eraman zutenak, gazte garai gogor (Salazarren diktadura garaiak ziren), migratzeko erabaki zail (bizimodu duinago bat eramateko aukera bakarra zen), bizitoki berrian laketzeko zailtasunak (sorterria utzi duena betirako izango da arrotz), bai eta Irundik Portora doan gaueko azken expressoan egindako bidaia iradokikor eta barnebiltzaile bat ere. Eneko Aizpuruak 'Bidasoan gora' saiakera literario mamitsuan irekitako bidea probestuta, fikziora dakartza orain bertan aletutako hainbat eta hainbat gai (Bidasoa ibaia pasaleku gisa bakarrik ez, etorkizun bat eraikitzeko topos gisa erabili zuten portugesena, adibidez, garrantzitsuenen artean), gai ez aski ezagunak euskal irakurlearentzat, 'Gaueko azken expressoa' eleberri honek modu hunkigarrian zabaldu eta ezagutzeko parada emango dizkionak. Migratzeari, deserriari, bizi ezintasunari, laguntasunari, familiari, baita, azpigai modura nahi bada, baina Euskal Herriari eta euskal gatazkari buruzko hausnarketa ere pizten duen kontakizun bat jostea lortu du Aizpuruak, bere laugarrena den eleberri honetan.
ENEKO AIZPURUA URTEAGA 1976an jaio zen Lazkaon, eta gaur egun Iruñean bizi da. Zuzenbidean lizentziaduna da, lanbidez itzultzailea. Literaturan, Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016) nobela beltzak idatzi ditu, bai eta Bidasoan gora (2020) saiakera ere. Robert Menasse austriar idazlea euskaratu du.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
III Endarlatsa izenak brastadan gogorarazi zidan zer gertatu zitzaigun Antóniori eta bioi mugaldeko paraje arrotz hartatik Bidasoa ibaia itzalgaizka zeharkatzen ahalegindu ginen gau beltzean. Endarlatsaz oroitzen haiz, António?, pentsatu nuen neure artean, ume mukizu batzuk gintuan, parean ditudan horiek bezalakoak, Portugaldik kamioi baten atoian ezkutatuta etorri ginenean raiako miseria gorriari eta hiltzera kondenatu gintuen Angolako gerra kolonialari ihesi, zeinari Salazarren diktadurak «itsasoz bestaldeko gerra» deitzen baitzion. Gogoratuko duk, aixkide, garai hartan lana urri zegoan Galizia eta Portugal arteko mugalde osoan, eta bizimodua oso gogorra zuan. Patrikan ezkuturik gabe, gosea pasatzen genian sarri, nahiz arto ogia edo sardina zaharren bat inoiz falta ez izan ahora eramateko. Ordurako mugaldeko herrietan hotsa zebilean bazela sare espezializatu bat migratzaileak Espainiako eta Frantziako mugetan barrena klandestinoki garraiatzen zituena. Gogoan diat dona Elviraren bidez proposatu zigutela zeharkaldi klandestinoa egitea. Eskalapoiak oinetan, eta zapia buruan, adineko emakumeak mugazainen joan-etorriak zaintzen zitian mugaldeko mendi bideetan, etxeko behiak larreratzeko aitzakian. Baiezkoa eman eta zeharkaldia egiteko abisuaren zain geratu gintuan. Ez zaidak sekula ahaztuko, António, mugako zeharkaldia egiteko eguna iritsia zela abisatu zigutenekoa. 1972ko udazkena zuan. Ozta izan genian astirik prestatzeko, biderako arroparik, dirurik eta zakoterik hartzeko baimenik ere ez. Soilik gauza bat zitean buruan sareko kideek: Parisa heldu bezain laster, aldean generamatzan gure erretratuen argazki erdiak bidali behar genizkiela gutun bidez Melgaçoko familiei, gure familiartekoek aldez aurretik adostutako ordaina eman ziezaieten: hamar milana ezkutu. Minhoko muga batel zahar batean zeharkatu genian. Oraindik garbi-garbi entzuten diat arraunen paletek uretara erortzean eta urgainera irtetean ateratzen zuten zarata. Arraunen bultzakadari esker aurrerantz astiro zihoala, batelak ur ildo txiki bat uzten zian atzean. Huraxe izan zuan sorterrian utzi genuen arrasto bakarra behelaino artean ezkutatu ginenean. Oinak berriz lehorrean, mugazainen itzal luzea edonon ikusten genuela, mendiz mendi ibili gintuan izerdi hotzetan blai beste migratzaile saldo batekin batera, ematen ziguten arto ogi puskaren bat eta intxaurrak janez, harik eta, lainopean galduta ibiltzearen sentsazioa hainbat orduz lagun izan ondoren, mugaz bestaldeko bailara ezezagun batera iritsi eta bi garraiolari galegoren eskuetan utzi gintuzten arte. Kamioi baten atoian sartu gintuztean bultzaka. Gogoratzen haiz, António? «Abere bizidunen garraioa», jartzen zian letra handitan atoiaren atzeko atean. Barrenean ezkutatuta eta elkarren kontra estututa egin genian Minhoko mugaldetik Bidasoko mugalderainoko bidea. Han ez zegoan ihesbiderik. Garraiolariek giltzarrapoz itxi zitean atea. Oraindik ere sudurmintzean eta larruazalean zaukaat itsatsita txerri eta txekor azpien usaina. Ganadua bagina bezala tratatu gintiztean. Edo okerrago. Zeren haragitarako apartatu dituzten abereei ibilbiderako ura eta pentsua ematen zaizkiek sikiera. Guri hori ere ez. Baina, etxetik irten nintzenez geroztik ia mokadurik jan gabe banengoen ere, ez ninduan gose. Kamioiak ibilbide bihurgunetsuan egindako balaztaketek eta atoiko bero itogarriak, bai eta izerdi eta gonbito usain sarkorrak ere, jateko baino areago oka egiteko gogoa eragiten zidatean. Botalarriak jota, soinean nitian arropak zerri egiteko beldurrez, laster batean erantzi behar izan nian amak Parisko bizitza berrirako oparitutako jantzi berria. Aireztapenik gabeko abere kaiola hartan biluzik eta arnasa hartu ezinik, apenas lortu nian begirik ixtea ibilbide osoan gizakien aiene, abereen makakorro eta kamioiko motorraren burrunba hotsagatik. Eta gaur duk eguna non oraindik ere gauaren erdian iratzartzen naizen iraganaren durundi izugarri hark asaldatuta. Atoi beltz hartan erraiak ahotik bota beharrean nindoala, gure etxetik gertu zegoen leize ospela etortzen zitzaidaan gogora etengabe, egun euritsuetan sarrera lokatzez eta lorratzez beteta zuen hura. Makina bat etxabereren arrastoa galdu genian betiko ingurumari hartan. Noraezak durduzaturik zoru hezean laprast egin eta leizera amiltzen zituan konturatu gabe. Marrakak aditzen zituan puska batean. Gero, isiltasuna besterik ez. Eta nik larrimin hartan pentsatzen nian patu bera egokitu zitzaigula bioi, António. Puska batean zalaparta eginagatik ere, laster irentsiko gintuela betiko zulo beltz hark. Ez ausardiarik ez itxaropenik, geldi-geldi egongo ginela etsia hartuta, nola egoten diren abereak heriotzaren zain, eta atzean utzi genituen familiak eta herritarrak ez zirela gutaz gogoratu ere egingo. Etxekoen hasierako errezo, negar eta lantuak gorabehera, bizitzak aurrera jarraituko zuela bere bidetik. Ez gintuan lehenak izango bidean galtzen, ezta azkenak ere. Auskalo zenbat ordu generamatzan errepidean, eta iritsi zuan une bat non, bidaiagatik erre-erre eginda, elkarri xipoka hasi ginen metro karratu gutxiko azalera hartan pilatuta gindoazen giza abere guztiok. Eta orduan txantxa gutxi han. Auskalo zer erokeria ez ote genion egingo elkarri, baldin eta giza trafikatzaile batzuek kamioiko atoia ireki ez balute. Ahots zakarrez atoitik jaisteko agindu zigutean «heriotzaren triangelua» oinez zeharkatu behar genuela eta. Kamioiaren atoitik itolarriak jota jaitsi, eta han abiatu gintuan ordura arte ezezaguna nian erreka batean gora. Ilunpean, belardiko basuraren hezetasuna oinpean, oinetakoen larru hotza sentitzen nian azalean. Aska batetik ura edateko egin genian atsedenaldi bakanetako batean, gidari genuen pasatzaile euskaldunak esan zidaan errekak Bidasoa zuela izena, eta ur mugan bere begiz ikusiak zituela ingurumarietako herritarrek ikusi nahi ez zituzten gertaera beltzak. Besteak beste migratzaile portugesak ur handian itotzen, eltzetzuengandik ihesi zihoazela. Erreka duk lekuko, esaten zian irriz, eltzetzuak nor ziren esplikatzen zidaan bitartean. Gidaria malezia handiko gizasemea baitzen, ez nekian ziria sartzen edo egia biribilak kontatzen ari zitzaidan, baina nik, egia esan, ez nian tontakeriatarako gogorik. Hatsa hartzeko denbora baratu ondoan, gure gurutze bideari lotu gintzaizkioan berriz, oinak herrestan eta elkarri enbarazu eginez. Lokatz bidean, gu baino lehenago handik pasatako beste mamu batzuen oinatzak zapalduz, iheslari andana bat nian ezker, eskuin eta atzean, eta aurretik, berriz, gure gidaria. Gogoratzen haiz nola zihoan arrapaladan? Gugandik eskapo egin nahi zuela ematen zian. Mugi-mugi, dedio, mugi-mugi, alferrok, edo antzeko zerbait farfuilatu zian kopetilun, eta nik orduan hitz haiek zer esan nahi zuten ideia arrastorik ez banuen ere, banekian ezer onik ez zutela iragartzen. Paisaia ere itxuraz aldatu zuan bat-batean. Ordura arteko larre guri hezeak ezkutatu eta ezpeldoiz beteriko haitz malkartsuak hasi gintuan ikusten errekaz bestaldean. Orain sastraka, orain txarrantxa, oinak odoletan iritsi gintuan gure ametsa amesgaizto bihurtu zuen Bidasoko erreka bazter eta latz hartara, Endarlatsara. Horra, Txapitelako harria, hots egin zian gidariak, errekaz bestaldeko harkaitz handi baten goiko alderantz seinalatzen zuela. Harkaitzean sartuta zegoan mugako lehen mugarria, gure galgarria. Zangoak urduri, bihotza jauzika, ibaia zeharkatzen hasi gintuan itsu-itsuan. Urak handi zetozean. Non jarri oinak ilunpe hartan? Gure gidari euskaldunak ospa egin zian bat-batean, bestaldean zagok Frantzia esanda. Errekarrien artean irristaka eta estropezuka, ur hotzean hezurretaraino bustita, nire matrailezurren dardara hain zuan bortitza, non hortzak klaskatekoka bainituen. Gogoratzen haiz nola animatzen ninduan errekaren zeharkaldian? Eutsi gogor, esaten hidan hortzak estutuz. Beste aldean zagok Sena ibaiaren ertza, Parisko paradisua. Han oro urregorrizkoa balitz bezala. Eta nik hire hitzak sinetsi nahi nitian, nola sinetsi nahi dituen hil hurren denak hil ondoren berpizteko promesak, baina Endarlatsako paraje beltz hartan ez zegoan ez Parisko argien distirarik, ez pasatzailearen linterna zaharren argi margulik esperantza printzaren baten arrastoan jarriko gintuenik. Irudi zian gidariak heriotara bidali gintuela jakinaren gainean. Eta nik, behar izanez gero munduaren bazterreraino jarraikiko nintzaiala agindu zian gezurtero honek, erreka ilun hartatik ospa, ihes, hegan egin nahi nian, berdin zian nora, baina handik urruti betiere, neure burua salbatzeko. Errekaren erdian geundela, lepo beteko uretan sartuta, arropak zopa eginda, harri zapal bat zapaltzean irrist egin eta txorkatila bihurritu huen. Eta hi aieneka hasteaz bat, hara non pizten diren bat-batean argi itsugarriak ilunpean. Baina ez zituan Pariskoak, ezpada Espainiako Guardia Zibilaren patruila baten linternenak. Garrasika hasi zituan alde guztietatik txapeloker kapadunak. Eta gu, zer gerta ere, uretan zalapartaka hasi gintuan itzalengandik urrundu nahian. Hango tiro hotsa orduan. Su eta garrezko errekan igeri, karabineroen balak fiu-fiu pasatzen zituan buruz gain. Eta biok bakarrik geratu gintuan ur zurrunbilo baten erdian. Hi eta biok bakarrik, iparrorratza galdutako esploratzaileak irudi, erreka ezezagun baten ur arrotzetan itotzera etorriak. Hi ausarta hintzen, otsoak ere borrokatzen hituen, behar izanez gero; ni, berriz, koldar hutsa, zeren, ondo gogoan izango duk, António, hi ezinean hintzela, kale egin nian. Izu-laborriak hartu eta ihesari eman nioan hi ur handitan abandonatuta. Ur lohi haiek aspaldi joan zituan errekan behera, baina bizi izan genuen zorigaiztoko gertakariaren oroitzapenak, hire aurpegi zurbila uretan, begi ikaratuak, ahoa zabalik, arnasa hartu ezinik... horiek guztiak etengabe zetozkidak akordura ur tantak balira bezala, ttak, ttak, ttak. Luzaz egon...