E-Book, Basque, 274 Seiten
Castro Barkuen hilerria
1. Auflage 2022
ISBN: 978-84-9868-674-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, 274 Seiten
ISBN: 978-84-9868-674-6
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
Sekretu batzuk luzaroan egoten dira ezkutuan, hamarkada askotan, baina, une jakin batean, iragan beldurgarriak itzultzea erabakitzen du. Sekretu horiei buruzko nobela da Barkuen Hilerria. Eta lehen amodioei buruzkoa ere bada, eta kontatzen du maitatzen ikasten hasten ari denak pasioa nola aurkitzen duen. Baina, batez ere, duintasunari buruzko eta abusuaren aurkako eleberri bat da. Beti zigorrik gabe aterako direla uste dutenen abusuez mintzo da, eta emakumeen jabe balira bezala jokatzen dutenez. Bikotea osatzen duten neska eta mutila bizitzaren une erabakigarrian daude. Uda batek aldatuko du dena, behin betiko. Bi gazteak borrokan arituko dira nonahi dauden mafia txiki horien aurka. Misteriozko eleberria da esku artean duzuna, lehen unetik intrigaz gainezka egiten duena. Egia deseroso batzuk aurkitzera abiatuko zara protagonistekin batera, nahiz eta batzuek nahiago luketen egia horiek ez ezagutzea...
FRANCISCO CASTRO (Vigo, 1966). Filosofian lizentziatua eta idazlea. Galaxia argitaletxe galiziarrean hasi zen lanean 2008an, editore gisa, eta 2016tik aurrera argitaletxeko zuzendaria da. Idazle gisa, obra zabala du, eta sari ugari jaso du. Bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, eta, euskaraz, Sinbad deitzen zidan eta Iridium gazteentzako nobelak eta Isiltasun urte luzeak helduentzako eleberria argitaratu ditu (ALBERDANIA, 2018, 2019 eta 2020, hurrenez hurren).
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
1 –Ez ezak jarri nazka aurpegi hori, David. Bazakiat barru-barrutik gustatzen zaiala herrira joatea. Hilabete osoa diagu aurretik ondo pasatzeko. Beraz, saia hadi animatzen, nire oporrak dituk eta! «Bai, zure oporrak dira, baina nireak ere bai», pentsatu zuen Davidek bere artean. Baina ea nork esaten zion ezer. Urtero berdin. Uda guztietan kopla bera, orain dela hamasei urtetik, gutxienez. Oroitzeko gauza denetik pasatzen baitu uda han; lehen, aita eta ama elkarrekin zeudenean, Anxeles, bere ama, ere joaten zen berekin. Azkeneko hiru urteotan, ordea, dibortziatu zirenetik, udako hilabete bat aitarekin pasatzen du eta beste bat amarekin. Eta aitarekin tokatzen zaion hilabetea han pasatu behar izaten du, nahitaez, errukirako aukerarik gabe; han zera da, aitaren jaioterria, Galiziako O Con da Saínza herria, edo Lur Promestua, berari esatea gustatzen zaion bezala, munduko gizonik graziosoena dela sinetsita. Txikitan gustura joaten zen. Orain, ordea, aspertu egiten du toki hark. Orduan, tira!, ametitzeko modukoa zen, ilusio eta guzti egiten zion, zeren O Con da Saínzara joateak egun osoa hondartzan egotea esan nahi baitzuen eta basora ibilaldiak egitea eta ia egunero kanpoan bazkaltzea, eta umetan, gurasoekin egiten dituzunean, oraindik gustuko dituzun gauzak egitea. Baina orain ja ez. Umetan udak hiru hilabete infinitu ziren inoiz bukatzen ez ziren egun luzeez beteak, aisian eta jolasean pasatzeko. Orduan denbora eternoa zen. Orain, berriz, oporrek ez diote ezertarako ematen. Batez ere hilabete osoa igaro behar badu Jainkoaren eskutik utzitako herri galdu hartan. Hara joan behar zuten egun tamalgarria baino astebete lehenago, abuztuaren lehena hurbilduz zihoan heinean aitari jartzen zitzaion ilusiozko espresio lelo hura begietan bizi-bizi ikusi zionean, azkeneko ahalegina egin zuen libratzeko, eta etxean bakarrik geratzeko baimena eskatu zion. Hori bai gustatuko litzaiokeela. Hilabete osoa berarentzat, etxean bakar-bakarrik. Askatasunezko hilabete bat aitarik eta amarik gabe, inolako obligaziorik gabe. Esan zion eta aitak espero zuena erantzun zion, ezetz, alegia. –Han primeran pasatzen diagu, David. Ez hadi mainontzia izan. O Con da Saínzako herria dena da aitarentzat; hortaz, alferrik esango zion berak ez zuela ongi pasatzen han, hilabete hura kondena zela berarentzat, aitak ez baitzuen amore emango eta ez baitzuen etxean bakarrik lagako, berak bere amets zoriontsuenetan imajinatzen zuen bezala. Aitarentzat abuztua O Con da Saínzako herrian ez da negoziagarri. Han jaio zen eta han bizi izan zen, hirira Medikuntza ikastera joan zen arte. Hango jendearekin eta batez ere herriko alkatearekin eztabaidak eta heldukadak nazkatzeraino izan ondoren joan zen; alkatea, jauntxo miserable bat, herri erdiaren eta herritar erdien bizitzaren jaun eta jabea zen, mesedetxoak egiten baitzituen, jendea berarekin zorretan egon zedin betiko: udalean entxufatu ez zuenari enpresa batentzako kreditua lortzen lagundu zion edo herri-lan bat enkargatu zion edo udalerako zerbait, edozer gauzak balio zuen herritarrei sentiarazteko faborea sekula betiko zor ziotela. Gizon makurra da, jauntxo doilor bat, udal hartan erabat agintzen duena bere inguruko guztien isiltasun miserablearen laguntzarekin. Bereak eta bi egin ditu, beti bere mesedetan, eta, hala ere, justiziak ez du inoiz harrapatu, nahiz eta mundu guztiak badakien udalean egin dituen irregulartasunen berri. Inoiz ez dute harrapatu eta, antza denez, inoiz ez dute harrapatuko ezertan. Denek ahopean hitz egiten dute poliziei, epaileei eta behar denari alkateak eskupetik egindako eroskerien gainean. Kontu zikin guztietan leporaino sartuta dauden politikari ustel horietako bat da, asko agindu eta bere agindupeko eremuan mugitzen den oro zorrotz kontrolatzen duten horietakoa; horregatik, herrian inork ez du pausorik ematen berak jakin gabe. Aitak ezin du alkatea begi parean ikusi, aspalditik datorren kontua da, eta Davidek ez daki ondo zergatik dioten halako gorroto bizia elkarri, alkateak ere begitan baitauka aita, eta biei igartzen zaie herriko tabernan batera egokitzen direnean edo kalean topo egiten dutenean. Diosala egin egiten diote elkarri, baina begietara begiratu gabe. Aho itxiarekin eta gogorik gabe agur egiten dio batak besteari. Edukazioagatik egiten dute eta aurrean jendea begira dagoelako. Tentsio handia eta deserosoa sortzen da giroan, biak teilatupe berean daudenean. Inoiz ez dira ondo etorriko. Aitaren begietan alkatea jauntxo handiuste bat da, kazike eskrupulurik gabea. Alkatearen begietan, berriz, aita bazterrak nahasten dituen endredatzaile bat da, iraultzaile bat. Behin edo behin kontatu diote, oso azaletik bada ere, aita herri hartako medikua ez bada –bere desiorik handiena dena bide batez esanda– alkatearengatik dela, pertsonalki enkargatu baitzen aitak Osasun Zentroan eskatu zuen plaza uka ziezaioten. Agidanean, hariak mugitu zituen oso goian, hara destinatu ez zezaten, nahiz eta puntuak sobran zituen plaza hura legez irabazteko eta eskubide osoa zuen hartarako; horrenbestez, hiriko ospitalean plaza hartzea beste erremediorik ez zuen izan, eta han lan egiten du urte osoan, udan autoa hartu eta herrira joateko falta zaizkion egunak kontatuz. Berrogeita bost minutu eskasetan iristen da, autobideari eta bide lasterrari esker. Eta ez da joaten udan bakarrik, udaberria iritsi orduko, aste bukaera guztietan agertzen da han, eta David amarekin geratzen da, amarekin egotea tokatzen ez bazaio ere. Horrela, bada, mundua mundu denetik uda guztietan egiten zuten bezala, han abiatu ziren O Con da Saínzako herrira, etxean zeuzkaten maleta guztiekin autoa goraino beteta eta, janariaz aparte ezer erostera joan beharrik izan gabe, hilabete osoa aguantatzeko asmoarekin (egia esanda, aspaldiko urteetan alokatzen zuten etxe hartan, hogeita hamar egunez bizilekutzat zuteneko hartan, apenas otordurik egiten zuten gosariez gain. Denbora guztia kanpoan ematen zuten, aitak bereziki, batzuei eta besteei bisita eginez joaten baitzitzaion eguna; gainerakoan, tabernan pasatzen zuen denbora gehiena; goizetan, hala ere, korrika egitera irteten zen, eta batzuetan lagun batekin nabigatzera ere joaten zen; bigorexikoa zen, hau da, egunero kirola egin behar izaten duten morroi horietako bat, eta urteetan sartuxea egonagatik sasoi betean zegoen. Urtearen gainerako hiletan, igerilekura joaten zen afaldu aurretik, eta ordu pare batez igeri egiten zuen inoiz hutsik egin gabe). Davidek uler dezake aitak herria idealizatua izatea eta munduko lekurik onena iruditzea. Berak ez du ukatzen leku polita denik, ezagutzen dituenen artean ederrenetako bat; ibaiadarraren gainean dago haize lasterretatik, hotzetik eta berotik babesean. Denboraren joanetik ere babesturik dago, ordea. Eta ez da hori bere iritzia, aitarena baizik, hark harrotasunez esaten baitu leku hura beti berdintsu mantentzen dela, berak umetatik gogoratzen duen bezala dagoela gaur egun ere eta hori herriak daukan «xarmaren parte» dela. Eta Davidek ez dio kontra egiten. Horretan behintzat ados egongo da bizitza osoan aitarekin: O Con da Saínzako herria Erdi Aroan dago edo Pleistozenoan edo atzerago oraindik. Han ez dira gauzak behin ere aldatzen. Han guztiak bere horretan dirau, batere mudatu gabe mundua mundu denetik eta denboraren hastapenaren hastapenetik. Alkate bera dute joan deneko hogeita hamar urteotan. Tabernan bada egutegi bat 1984ko telesail batekoa! Eta errepideko marrak azkeneko aldiz pintatu zituztenean, telebista zuri-beltzean zen artean. –Zer dago, ba, han, aita? –galdetu zion autoan abiatu zirenean, etsi-etsian azkeneko ahalegina eginez erruki eske edo, gutxienean, aitak beragatik pena pixka bat sentituko zuelakoan. Aitak haur baten irribarre zoriontsua zeukan aurpegian. Zeharretik begiratu zion, autobidearen sarrerari adi. –O Con da Saínzan zer dagoen? –irribarre are eta zabalagoa egin zuen–. Txantxetan habil, ezta? –Hori besterik ez zion esan, ea brometan ari zen, adarjotzea baino ezin baitzen izan herri kaskar hura mundiala ez dela pentsatzea ere, mapan galduta egonagatik. Davidek hainbesteko gogoa zeukan herri hartara joateko nola bere partetan baloikada bat jasotzeko... Batere ez, alegia! O Con da Saínzako herrian taberna bat dago, hondartza bat (txikia, marea biziak daudenean ez da hondarrik geratzen toalla bat jartzeko ere), ontziola zahar bat erdi eraitsia, pinudiak, oteak eta sasiak eta herriaren erditik pasatzen den errepide bat, gutxienez orain dela mila urte konpondu behar zutena. Beste kamio guztiak karrika estuak dira, auto bat pasatzeko zabalera ere ez dutenak; herriko kaleetan ia inoiz ez da jenderik ikusten, hilaren azkeneko ostiralean izan ezik, orduan azoka izaten baita, eta bat-batean milaka pertsona agertzen dira batek daki nondik irtenda. (Tira, hori horrela ere ez da egiaz. O Con da Saínzako herria horrela ikusten zuen bakarra David zen. Egia esateko, arrantzaleen herri txiki bat da, Galizia osoan zehar han eta hemen sakabanatuta dauden beste askoren antzekoa. Tabernaz gainera, izozki-denda bat dute, banku bat, liburutegi bat, Osasun Zentro bat eskualdeko hainbat udali zerbitzua ematen diena, eliza handi bat oso antzinakoa, eskola bat... Behin aitak esan zion mila biztanle inguru zituela herriak. Ba, beharbada bai. Bere ustez askoz ere gutxiago ziren, ordea). –Herriari ez diok begi onez begiratzen, eta dena txarra iruditzen zaik. Animatu hadi, motel, saiatu behintzat. Nire oporrak dituk! Nirekin hator, bai, eta ondo pasatzen saiatu beharko huke. Eta segi berean, teman... «Nirekin hator...». Berekin ez joateko aukerarik balego bezala... –Ailegatu gaituk! Betiko etxera iritsi ziren, kamio nagusiaren ondoan zegoenekora, Kale Nagusiko 20. zenbakira, hain justu ere. Atzean utzi zuten Susoren taberna eta «benvidos a o con da...