E-Book, Basque, Band 167, 162 Seiten
Reihe: Narrazioa
Arrieta Malaxetxebarria Jostorratza eta haria
1. Auflage 2025
ISBN: 978-84-9868-909-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
E-Book, Basque, Band 167, 162 Seiten
Reihe: Narrazioa
ISBN: 978-84-9868-909-9
Verlag: Alberdania
Format: EPUB
Kopierschutz: 6 - ePub Watermark
YOLANDA ARRIETA MALAXETXEBARRIA Lea Artibaiko Etxebarrian jaio zen 1963an, eta Usurbilen bizi da orain. Ipuinetik bizi da, aspaldiko lemari fidel: jana gorputzerako, lagunak bihotzerako eta kontuak arimarako. Bakarkako lana sormen eta formazio-tailerrekin uztartzen du, ahoz nahiz idatziz, baina bizitza erdi baino gehiago darama liburuak egiten; batik bat, Haur eta Gazte Literaturan. 0-100 urtera arteko literatura maite du. Liburuak egitea gutunak idaztea da beretzat, Nitik Gura. Zahartzaroaren umezarora heldu dela-eta, Etxe bat aldarrikatzen du bere azken aurreko lanean; ametsak ontzen jarraitzeko Etxe bat norberarena. 1997 Irun Saria jaso zuen Jostorratza eta haria izeneko honekin, berriz, berretsi baino ez du egiten orduan esandako hura: hitzak josiz noa osatzen nire etxea.
Autoren/Hrsg.
Weitere Infos & Material
Patroiak neurtzeko eta bihurritzeko manerak
Iratxe Retolaza
Duela mende laurden egin nuen topo nobelarekin, ezustean gertatu ere, 90eko hamarkadako sorkuntza arakatzen ari nintzela, eta artean Yolanda Arrietaren sorkuntza-lana ezagun ez nuela. XXI. mendea erditzear zen garai hartan, Euskal Filologiako hondar ikasturtean nintzela, eta, hain zuzen ere, ikaskuntza-aldiko arakatze-lan bati esker izan nuen nobela honen berri1. Arakatze-lan hori egin izan ez banu, nekez izango nuen nobelaren berri, garai hartan zirkuitu ezagunagoetara jo ohi nuelako liburu bila, irakurgai bila. Eta nobelaren lehen argitalpena ez zen argitaletxe literario ohikoetan zabaldu, sari formatuko argitalpen batean baizik —1997. urtean Irun Hiria Literatur Saria irabazi zuen nobelak—.
Ezusteko ederra izan zen aurkikuntza. Josteko gidaliburu afektibo eta genealogiko batean murgildu ninduen nobelak: jaiotzear den alabari mintzo zaio ama bat, bizi-aholkuak emanez, eta familia-ibilbideen puskak gogora ekarriz. Lehen unetik neure bizi-hari asko korapilaturik ikusi nituen nobelan: ama jostuna dut, eta gurasoen etxean patroiak, jostorratzak eta hariak egon izan dira non-nahi; bizkaitar jatorriko gurasoak izanik, jaiotzak eta hizkerak gipuzkoartu egin ninduten; gorputz normatiborik izan ez dudanez, amaren joskintza-lanek erraztu didate neure neurriko eta moldeko jantziak izan ahal izatea; ama hiztun baten alaba izan naiz, hitza eta pentsamendua ahozko jarioan jostera emana; familia-ibilbideetan eta familia-hausturetan arakatzeko jaidura izan dut. Horien guztien arrastoek hunkitu ninduten nobelako txatal askotarikoetan, eta harrezkero neure liburu kuttunen zerrendara korapilatu dut2.
Arrastoak arrasto, nobela, ezbairik gabe, ekarpen berritzailea izan zen XX. mendearen hondarretan, askotariko patroiak birdiseinatzeko bidea hartu baitzuen: nobelaren patroi tradizionalak irauli zituen, pertsonaia nobeleskoaz beste egin zuen eta euskal genero bitartasunaren genealogia bat irudikatu zuen (baita auzitan jarri ere). Guzti-guztiak jantzi berriak euskal nobelagintzaren ibilbidean.
Nobelaren tolesak
Liburu-genero jakin baten oihartzunak dakarzkigu nobelak: josteko gidaliburuarena. Halako gidaliburu baten atalak eta txatalak ardatz hartuta josi da nobela, trama tradizionalaz beste eginda, gertakarien kronologia ardatz dituen narratibaz beste eginda, pertsonaia nobeleskoa gorpuzteko moduez beste eginda. Nobela klasikoaren tolesetan arakatu du, beraz, , eta nobelaren beraren josturak (narratzailea, pertsonaiak, gertaerak…) bestelakotu egin ditu. Genero literarioen eta genero artistikoen patroiak eta ereduak iraultzeko edo birmoldatzeko joera izan du Yolanda Arrietaren sorkuntzak, eta idazketa-lan asko garatu ditu genero literarioen mugan edo bidegurutzean: esate baterako, (1996) lana dantzaren, antzerkiaren eta poesiaren bidegurutzean dabil; (2009) eta (2024) lanak saiakera poetikotzat har daitezke; (2014) nobelan Bizenta Mogelen biografia fikzio-geruza batekin tartekatuz eraiki zuen. nobela ere mugako eremu literario horietan mugitzen da: badu narraziotik, badu poesiatik, badu pentsamendutik, badu ahozkotasunetik, badu mitologiatik…
nobelan egon badago narratzaile nagusi bat, amaren ahotsean gorpuzturikoa eta alabari mintzo zaiona. Nolanahi ere, narratzaile nagusi horrek ez du jantzi bakarra hartzen nobelan zehar, bestelakotu egiten baitira narratzaile horren jantziak atalez atal, txatalez txatal. nobelako narratzailea bere burua une oro josten eta birjosten ari da, ama protagonista une oro komunitate-ehunean eta familia-ehunean bere burua (bir)kokatzen ari da: komunitateko eta familiako patroi zaharrak moztu eta moztu ari da, eta patroi berrietarako aukerak haizatu eta haizatu ari da. Joskera berezi horretan, ama narratzaile horrek komunitateko eta familiako askotariko ahotsak dakartza txataletara (amama bizkaitarrarena, amona gipuzkoarrarena, haurtzaroko lekukotzenak, iragan komunitarioaren oihartzun mitologiko-mitifikatuak…). Ahozkotasunaren hariz josi ditu ahots horiek guztiak nobelan zehar, ahozko jardunetatik bizi-ezagutzak, bizi-errituak eta bizi-patroiak zer-nola janzten ditugun ikusgai eginez. Yolanda Arrietak adierazi izan du “hitza ahotsez hasten eta hazten dela”, eta, hain zuzen ere, ahozko hasiera eta haziera horren adarkatzeak bihurritzen dira nobela honetan. Askotariko ahozkotasunei egin zaie leku, eta guztien artean ahozko ehundura sendo bat osatu da: ahozko tradizioa (herri-mitologiako diskurtsoen eta moldeen oihartzunak), ahozko kontaketa (herri-ipuinetako narratibaren osagai eta sinboloak), eta elkarrizketa biziak (eguneroko tokian tokiko historiaren zein istorioen lekuko). Ahots-sare eta ahozkotasun-sare bizi horren bidez eraiki da nobela-joskera sinboliko iradokitzailea.
Genero-jantziak
Komunitate-ehunak eta familia-ehunak aurkeztean, nobelan hasiera-hasieratik genero-bitartasuna irudikatzen da, Txomin eta Mari izen orokortuen bidez gorpuzturikoa (garai historikoa irudikatzean edo klase soziala irudikatzean izen horiek bestelako moldea hartzen badute ere: esate baterako, On Domingo eta Maria). Bitartasun hori irudikatzen du nobelan zehar, besteak beste, diskurtso bibliko, mitologiko eta komunitarioen bitartez jaso ditugun genero-jantziak ikusgai egiteko, bitartasun horren eraikuntza ikusgai egiteko, eta, halaber, mendez mende, garaiz garai egokituz joan diren genero-jantzi batzuen berri ere emateko. Garai batzuetan genero-jantziak eta genero-patroiak estu-estu datozelako, eta beste garai batzuetan, aldiz, genero-jantzi eta genero-patroi horiek zabaltzeko aukerak egon badaudelako.
Genero-jantzi bitar horretaz aritzean, herri-ikuspegitik eginiko ibilbide bat antzematen da, herri-jantziek eta herri-patroiek beti genero-jantzi zein genero-patroi jakin batzuk marrazten dituztela ikusarazteko. Herri-patroiak eta genero-patroiak hari bereko korapiloak direla gogora ekartzeko: herrigintzak, ezinbestean, generogintza dakarrela adierazteko, eta gizarte-ehundura berriak josi nahi izanez gero, bi jantzigintza horiek birpentsatu beharra dagoela gogora ekartzeko.
1990eko hamarkadaren aurreko beste nobela batzuetan ekarri ziren hizpidera genero-jantzi estu horiek ere, baina beste joskera zein narratiba batzuen bitartez egin ziren ekarpen horiek. Arantxa Urretabizkaiaren (1979) nobela gogoangarrian, esate baterako, ama protagonistak barne-ahots bat eraikitzen du, pentsamendu-jario bat irudikatzen du, ahots horren bitartez bere zaurien, minen, ezinen eta desiren berri emateko (baita barne-pentsamendu horien bitartez beste kide batzuekin elkarrizketak josteko ere, Antxon semearekin edo Txema senarrarekin, adibidez). 1970eko hamarkadako ekarpen horretatik 1990eko ekarpenetara bada ahots-posizioan alde nagusi bat, baita Arantxa Urretabizkaiaren nobeletan ere3. en barne-zauri baten kontaketa egiten da, eta nobelan, aldiz, ama batek alaba bati bizitzarako aholkuak eman nahi dizkio, bizi-ibilbidean jasoko dituen patroi eta jantziak birjosteko baliabideak eta gaitasunak eman nahi dizkio. Belaunaldien arteko josturak eta tolesak irudikatzen dira halako ahotsen bitartez, eta nobelan, zehazki, genealogia femenino bat eraikitzearekin batera, amak genero-jantzien eta herri-jantzien hersturetatik beste egiteko trebetasunak transmititu nahi dizkio alabari (datorren belaunaldiari, etortzear den komunitateari).
Joskintzaren imajinarioak
Josteko gidaliburuaren molde hori ez da bakar-bakarrik atalen izendapenetara eraman den zerbait, nobela osoa zeharkatzen duen ikuspegi metaforiko eta alegorikoa da. Joskintzaren imajinarioaren bitartez kontatzen dira askotariko gertaerak nobelan zehar: memoria josteaz hitz egiten da,...




